Kirol solasaldia eta pilota jaialdia, Behar Zanaren 77. urteurrenerako

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 1a, 11:58

Behar Zana pilota elkarteak bere 77. urteurrena ospatuko du asteburuan, eta hainbat ekitaldi antolatu ditu, gaur bertatik hasita.

Hain justu, gaurko ekitaldia kirolaren inguruko solasaldia izango da, Gurea antzokian, eta hiru gai izango dituzte hizpide: kirol osasun mentala eta fisikoa; gehiegizko lehiakortasuna; kirol hastapenean espezializazio goiztiarra: onura edo kaltea? Jon Eskudero izango da moderatzailea eta aurkezlea, eta ondorengoak parte hartzaileak: Iker Irribarria pilotari ohia; Mikel Nieve txirrindularia; Hassan Ait Chaou mendi korrikalari eta atleta; Karmele Gisasola Zelai III.a herri kirolaria; Garbiñe Etxeberria Real Sociedadeko kirol zuzendaria eta entrenatzailea; Iraitz Arrospide maratoilaria; Axier Arteaga pilotaria eta coach-a, eta Oidui Usabiaga EHUko irakaslea gorputz eta hezkuntza sailean eta ikertzailea.

Asteburuko nabarmentzeko beste ekitaldia larunbat arratsaldeko pilota jaialdia izango da. Mikel Goñi bere agur bira egiten ari da, eta Xala eta Pascual pilotariek lehen aldiz jokatuko dute Villabonan. Jaialdia Udal Pilotalekuan izango da, eta 17:30ean hasiko da. Lehen partidan, Urbieta I.a eta Pascual bikoak Lizaso eta Erasun izango dituzte aurkari. Bigarren partidan, Xala eta Esnaola bikoa Urbieta II.a eta Mikel Goñi bikoaren aurka ariko dira. Sarrerak 10 euro balio du.

EGITARAUA

Ekainak 1, osteguna

18:00. Kirol hitzaldia. Gurea antzokian. Sarrera doan.

Ekainak 3, larunbata

10:00. X. Xake txapelketa, elkartean.

Goizean zehar. Behar Zanako Pilotarien Pilota Topaketa, Olaederra pilotalekuan eta Udal Pilotalekuan.

Eguerdian. Pilota eskolako haurren bazkaria.

17:30. Pilota jaialdia Udal Pilotalekuan. Mikel Goñiren agur bira, eta Xala eta Pascual pilotariek lehenbizikoz jokatuko dute herrian .

20:15. Bazkide afaria.

23:15. Behar Zana danborrada.

Ekainak 4, igandea

09:00. Diana Loatzo musika eskolako Geronimo Dultzaina taldearen eskutik.

10:30. Behar Zanako gaztetxoen joko garbi partidak.

Jarraian. Errebote partida.

14:30. Gonbidatuen bazkaria, elkartean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!