Bizipoza Jaiaren egitaraua aurkeztu dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 1a, 15:59

Ekainaren 18an izango da jaialdia Amasa-Villabonan; egun horretako egitarauaren nondik norakoak azaltzeko ekitaldia egin zuten, asteartean, Gurea antzokian.

Ekainaren 18ko jaia «bide luze baten osteko fruitua» izango dela nabarmendu zuten antolatzaileek. Guztia aurrera eramateko, bi gune bereiziko dira Amasa-Villabonan. Alde batetik, Errebote plaza, eta bestetik, Berdura plaza. Askotariko ekintzak egingo dira Errebote plazan: kalejirak, kantu jira, ikuskizunak, elkarteen postuak, emanaldiak, pailazoak, eskulanak eta ekintzak, besteak beste. Berdura plazan, berriz, gastronomiarako tokia izango da: bazkaria eta pintxoak emango dituzte, eta ondoren, txokolate edatea egingo dute bertan. 

Astearteko ekitaldian, egunean bertan parte hartuko duten elkarte zein herriko talde ugarik hartu zuten hitza, beraientzat bizipoza zer den adierazteko. «Argi ikusi zen Bizipoza zer den adierazteko ez dagoela erantzun bakarra eta zuzena; pertsona bakoitzak sentimendu eta sentsazio desberdinak ditu eta ezinezkoa da guztiak ados egotea». Hala ere, elkarlana, taldea, laguntza, bizitza, itxaropena, indarra, dantza edota musika izan ziren ekitaldian helarazi zituzten hitzetako batzuk. «Bizipoza diren eta bizipoza ematen duten arrazoi nagusi eta aipagarriak».

Hitzaldiez gain, musika, dantza eta bertsoak ere izan ziren aurkezpen ekitaldian. Bizipoza pertsona ororen bizinahia dela transmititu genuen, eta ikusleak oso pozik, gustura eta gogotsu atera ziren antzokitik, jaialdi handi bat izango den lagin txikia ikusita». Hortaz, ekainaren 18ko jaierako gonbidapena luzatu zuten, bertako herritarrentzat ez ezik, baita euskal herritar guztientzat ere.

Ekainaren 18ko Bizipoza Jaiaren egitaraua:

  • Errebote plaza:
    • 10:00. Loatzo musika eskolako lagunekin kalejira herrian zehar.
    • 10:45-14:30. Bizipozako elkarteen gunea.
    • 11:00. Go!azen-eko lagunen ikuskizuna.
    • 11:30. Besamotza konpartsa. Erraldoien eta buruhaundien kalejira.
    • 11:30-13:30. Haurrentzat jolasak, Irrika Aisialdi Elkartearen eskutik.
    • 11:30-13:30. Haurrentzat eskulanen guneak, Zubimusu Ikastolaren eskutik.
    • 12:30. Kantujira, Aiztondo, Irura eta Anoetako abeslari, Kukua abesbatza eta Asteasuko abesbatzarekin.
    • 13:30. Eskertza eta aitortza ekitaldia.
    • 15:00. Eresargi abesbatzako lagunen emanaldia.
    • 16:00. Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin Irri, Kantu eta Dantza.
    • 17:30. Ndank Ndank elkartearen musika emanaldia.
    • 18:00. Xabi Solano eta Zigor DZ.
    • 19:00. Jaiaren itxiera.
  • Berdura plaza:
    • 11:00-15:00. Etiopia Utopia Elkartearen eskutik, pintxoak eta ogitartekoak.
    • 17:50. Txokolate edatea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!