Euskal presoen eskubideen alde laster egitera deitu dute

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 31a, 07:59

Lasterbidean euskal errepresaliatuen aldeko lasterketa egingo dute larunbatean Amasa-Villabonan; egun osoko egitaraua prestatzeko lanean ari dira eskualdeko herritarrak

Lasterbidean ekinaldia 2013an egin zuten lehen aldiz, Oiartzunen. Iaz, pandemiaren etenaren ostean, Kanpezun ospatu zuten lasterketa eta Amasa-Villabonak hartuko du lekukoa aurten. Bi lasterketa prestatu dituzte: bata luzea, 7,8 kilometrokoa; eta bestea, motza, 2,5 kilometrokoa. Iaz 600 lagun inguruk hartu zuten parte eta marka hori berdintzen saiatuko dira aurten antolatzaileak. Lasterketa luzean parte hartu nahi dutenek Lasterbidean.eus atarian aurrez eman dezakete izena 18 euro ordainduta, eta egunean bertan, Olaederra kiroldegian, proba hasi baino ordubete lehenago ere eskuratu dezakete dortsala 20 euroren truke. Lasterketa motzakoek, egunean bertan egin beharko dute izen ematea.

Euskal errepresaliatuen eskubideen aldeko lasterketa izango da larunbatekoa. June Gurrutxaga ekimenaren antolatzaileek adierazi duenez «positiboak» dira euskal presoen auzian orain arte eman diren pausoak, baina, bere ustez, oraindik badago bidea egiteko: «Oraindik jarraitzen dute preso gutxi batzuk Euskal Herritik urrun eta askori salbuespenezko neurriek aplikatzen zaizkie, ikusi besterik ez dago nola eman diren gradu erregresioak. Gutxi falta da, oraindik ez da bukatu eta gogorra izango da hemendik aurrerakoa ere. Horregatik aktibo jarraitu behar dugu bidea laster egiteko. Lasterbidea sortzen ari gara, laster, etxerako bidean izan ditzagun».

Lasterketan parte hartzera datozenek zerbitzu ugari izango dituzte Amasa-Villabonan. Bezperatik etorri nahi dutenentzako, autokarabanaz edo furgonetaz gerturatuko direnentzat, gune bat atonduko dute kiroldegi atzealdean. Gainera, ostiral gauean, Sahrijai elkartearekin elkarlanean kontzertuak antolatu dituzte Aljibean. Kurtz eta Etxekalte taldeak ariko dira.

Kamiseta gorriarekin larunbatean 11:00etan aterako dira lasterkariak herrian zehar prestatutako zirkuituan zehar. Ander Etxeberria antolatzaileak esan duenez ibilbidea ez da «oso gogorra» izango. Amasa aldera egingo dute korrikalariek Aranerrekan barrena. Ibilbide motza umeengan pentsatuta prestatu dute eta herrian zehar egingo dute itzulia. «Lehenengo hiru emakumezko eta hiru gizonezkoentzat presoek egindako eskulanez gain beste hainbat sari izango dira eta opariak banatuko dira parte hartzaile guztien artean», esan du Etxeberriak. Lasterkariek dutxa eta kontsigna zerbitzua izango dute Olaederra kiroldegian.

KIROLA ETA JAIA UZTARTUZ

Behin lasterketa amaituta, bazkaria Zubimusu ikastolaren Txermingo eskolaren aterpean egingo dute. 600 lagunentzako tokia daukate prestatuta. Lasterketan izena ematen dutenek gehienez beste hiru lagunentzat hartu dezakete tokia, eta soilik bazkarira joan nahi dutenek, txartelak Villabonako Iratzarren eskuratu ahal izango dute egunotan. «Aukeran beganoentzat menua ere izango da», adierazi du Etxeberriak. Bazkaria prestatzen herritarrak ariko dira larunbatean, baina baita egun osoko ekitaldiak antolatzen ere. «Herriko eta inguruko 200 lagun ariko gara lanean. Bazkaria prestatzen, zerbitzatzen, lasterketako bidegurutzeak kontrolatzen edota gero gaueko txosnan txandak egiten. Jende asko behar da lanerako», esan du Gurrutxagak.

Iazko ediziotik larunbatera aldatu da Lasterbidean ekimena. Beraz, kirola egiteaz gain, festa giroan ere egin ahal izango da euskal presoen eskubideen aldeko aldarria. Bazkalostean, konbinatuak hartzeko karpa zabalduko dute Txerminen eta Distopia elektrotxarangarekin batera, plazarako bidea egingo dute parte hartzaileek. Bearzana frontoian pilota partidak izango dira arratsaldean eta 20:30ean kontzertuak hasiko dira plazan atondutako agertokian. XSakara, McOnak eta DJ Bull ariko dira. «Egitarau zabala izango da, eta kirola eta jaia uztartuz, euskal preso politikoen egoera kontuan hartu eta haiei aplikatzen zaizkien salbuespen neurriekin amaitzeko bultzadatxoa emateko balioko du egunak», esan dute antolatzaileek.

LASTERBIDEAN 2023

  • Ekainak 2, ostirala
    • 22:00. Kontzertuak Aljibean, Sahrijai elkartearen eskutik: Etxekalte eta Kurtz. Sarrerak aurretik 5 euro eta bertan 8 euro.
  • Ekainak 3, larunbata
    • 09:00. Dortsal banaketa kiroldegian.
    • 10:00. Pepoberoketa plazan.
    • 11:00. Lasterketa luzea plazan.
    • 12:15. Lasterketa motza plazan.
    • 13:00. Sari banaketa plazan.
    • 13:30. Ekitaldia.
    • 14:30. Bazkaria Txermingo ikastolako aterpean.
    • Ondoren. Konbikarparen irekiera.
    • 16:00. Haurren txokoa ikastolan.
    • 17:30. Distopia elektrotxaranga.
    • 17:30. Pilota partidak Bearzana pilotalekuan.
    • 20:30. Kontzertuak Errebote plazan: XSakara, McOnak eta DJ Bull.
Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!