Eskualdeko emaitza guztiak:
Beatriz Unzue Esnaolak jarraituko du Amasa-Villabonako alkatetzan, EH Bilduk 1.468 boto eskuratuta. Bigarren EAJ geratu da 665 botorekin eta PSE-EE hirugarren 208 boto jasota. Baliogabeak 36 boto izan dira, 50 zuri eta %41,92-eko abstentzioa izan da.
Unzuek balorazio positiboa egin du behin emaitzak ezagututa: «Oso-oso pozik nago eta harro herri honetaz. Ilusioa eta emozioa sentitu ditut emaitzak jakiterakoan. Beti izaten dugu hobetzeko esperantza eta oraingo honetan lortu dugu. Ikasturtea emaitza onarekin gainditu dugu, herriak hitz egin du eta gurekin dago». Bigarren legealdia egingo du EH Bilduko ordezkariak alkate gisa.
EAJko zerrendaburu Eneko Urdangarinek Beatriz Unzue zoriondu du gaur iluntzean bertan lortutako emaitzengatik: «Guri botoa eman diguten 665 amasar eta billabonatarrei hitz ematen diegu ez diegula kale egingo, ez zaiela damutuko. Udal gobernuari esan nahi diogu besoak zabalik eta eskuak prest ditugula lanerako. Politika egiteko aro berri bat hasten da». Bost zinegotzi izatetik lau izatera pasako da alderdi jeltzalea eta Urdangarinekin batera Arantzazu Rojo, Ianko Ganboa eta Aitziber San Roman izango dira zinegotzi udalean.
PSE-EEk zinegotzi bakarrarekin segituko du Amasa-Villabonako Udalean. 200 botoren bueltan ibili da azkeneko udal hauteskundeetan eta gaur 208 eskuratu ditu. Eduardo Gonzalez Vaz PSE-EEko hautagaia izango da ordezkari sozialista bakarra udaletxean. Modu honetara baloratu ditu emaitzak: «Pozik gaude, helburua zinegotzia mantentzea zen eta lortu dugu. Guztia ondo joan da».
Hemen gaurko informazio guztia.
Amasa-Villabonako udalbatza ondorengoek osatuko dute:
- Beatriz Unzue Esnaola (EH Bildu)
- Xabat Laborde Etxabe (EH Bildu)
- Irune Alfonso Izagirre (EH Bildu)
- Eñaut Zelarain Etxeberria (EH Bildu)
- Maria Aranzazu Lopez Luloaga (EH Bildu)
- Ander Goikoetxea Arana (EH Bildu)
- Ander Etxeberria Etxeberria (EH Bildu)
- Eneritz Ugartemendia Urretavizcaya (EH Bildu)
- Eneko Urdangarin Eizagirre (EAJ)
- Arantzazu Rojo Gomez (EAJ)
- Ianko Gamboa Sanz (EAJ)
- Aitziber San Roman Abete (EAJ)
- Eduardo Gonzalez Vaz (PSE-EE)