Elkartasuna eta kultura uztartuko dituzte dantzan

Leyre Carrasco 2023ko mai. 23a, 16:00

Bizipozak eta Oinkari dantza taldeak elkarlanean, bi emanaldi eskainiko dituzte ekainaren 17an, 'Bizipoztu dantzan!' izenpean; lehen saioa, 12:00etan, eta bigarrena, berriz, 18:30etan izango da. Dagoeneko sarrerak salgai daude bost euroren truke, Amasa-Villabonako Udalaren webgunean.

Oinkari Dantza Eskolak urtero ikasturte amaierarekin batera emanaldia eskaintzen du. Aurtengoa, ordea, berezia izango dela aipatu du Ainhoa Barandiaran Oinkari dantza taldeko kideak, Bizipozarekin elkarlanean ospatuko baitute. «Oinkarirentzat ohorea eta ilusioa da Bizipoza egunaren bueltan eta Bizipozako elkarteen lanari lagunduz aletxoa jarri ahal izatea».

Iaz Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin egin zuten lehen elkarlana, eta Barandiaranek aitortu du pozarren jaso zutela kidetza horri eusteko gonbita: «Batetik, Katxiporreta eta Irrien Lagunak bezalako proiektuek sekulako presentzia dutelako gure kideengan, euskaratik eta musikatik dantzarako bidea ematen digutelako. Bestetik, Bizipozako kide diren zenbait elkarteren lana eta kantuak ezagutzen ditugu, eta Oinkari bezalako sare zabal batean denetariko errealitateak ditugunez kideon artean, badakigu zein garrantzitsua den horiek egiten duten lana».

Barandiaranen esanetan, «Oinkarin dantza euskaratik eta kulturatik batzen gaituen sare moduan ulertzen dugu, baita elkarren eskutik poza partekatzeko tresna bezala ere». Horregatik, herria eta bailara dantzan jarriko dute ekainaren 17an, eta bi emanaldi eskainiko dituzte; lehena, 12:00etan, eta bigarrena, berriz, 18:30etan. Dagoeneko sarrerak eskura daude bost euroren truke, villabona.eus webgunean. Lortutako dirua Bizipozaren ekimenak sustatzeko baliatuko da.

Horrez gain, Bizipoza jaiaren aurkezpen ekitaldia egingo dute hilak 30en, 18:30etan, Gurea Antzokian. Bertan, zuzeneko emanaldiak eta elkarteen aurkezpenak egingo dituzte. Herritarrei irekita izango da, eta gonbidapenak goizean Amasa-Villabonako Udaleko Arreta Zerbitzuan, ainhoa@bizipoza.eus helbidera idatzita edo egunean bertan 17:30etatik aurrera, antzokiko leihatilan eskuratu daitezke.

Elkartasun sarea

Ekainaren 17a eta 18a, Bizipozaren filosofia Aiztondon eta Amasa-Villabonan zabaltzeko asteburua izango dela gehitu du Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak: «Bizipoza da herri batentzat horrelako dantza talde handi, aktibo eta zabal bat izatea eta pozez gonbidatu nahi dugu jendea ikasturte bukaerako emanaldi honetara, dantza ikuskizun bat baino gehiago izango delako, elkartasuna ospatzeko egun bat».

Halaber, herritar askok Bizipozako kide diren elkarteetan eta hortik kanpoko elkartasun proiektuetan ere parte hartzen dutela aipatu du Unzuek, «eta horiei guztiei aitortza egiteko baliatu nahi dugu hitzordu hau».

Horren adibide da Elkartasun Sarea. Pandemiaren ondorioz, Amasa-Villabonako udaletxeak zaurgarritasun egoeran zeuden pertsonentzako premia handiko oinarrizko elikagaien banaketa martxan jarri zuen. Eskaera geroz eta handiagoa zela ikusita, Elkartasun Sarea sortzea erabaki zuen herritar talde batek. «Duela bi asteburu egin genuen azkenengo agerraldia elikagai bilketa herrikoi batekin, non argi geratu zen herri honek elkartasun handia duela, eta horrek, Galeanok idatzitako esaldi bat ekarri zigun burura: Jende txiki asko, leku txiki askotan, gauza txikiak egiten mundua aldatu dezake. Hau da Bizipoza osatzen duten elkarte guztiekin partekatu nahi duguna», esan du Jon Padilla Elkartasun Sareko kideak.

Gida didaktikoa

Leire Elosegi Bizipozako koordinatzaileak esan du ohorea dela ikuskizun hau Oinkarirekin batera burutzea: «Oinkari erreferente bat da bailaran, Anoetan, Iruran eta Euskal Herria mailan, eta esan bezala, izugarrizko poza eta ilusioa sentitzen dugu».

Elosegik azaldu bezala, «Bizipozako kantu eta bideoklipak helburu bat zuten hasieratik: Bizipozako elkartearen eguneroko lana eta balore guztiak transmititzea, elkartasuna eta kultura uztartuz.Ikuskizun honetan ere horixe egingo da, eta elkarlan honek emaitza polita eta eraginkorra izan dezakeela uste dugu».

Honek, aurrera begira ere bidea izango duela jakinarazi du koordinatzaileak. Izan ere, urte bukaeran argia ikusiko duen gida didaktikoak sortzen ari da Bizipoza. Horietan Oinkarik sortutako koreografiak ikusi eta ikasi ahal izango dira bideo bidez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!