Santiotako programaren azala aukeratzeko lehiaketa jarri dute martxan

Ataria 2023ko maiatzaren 23a

Ekainaren 1era arte aurkeztu daitezke proposamenak Amasa-Villabonako herritarren arreta bulegoan.

Amasa-Villabonako Udaleko kultura sailak Santio jaien programako azala aukeratzeko lehiaketa jarri du martxan. Proposamenak egin nahi dituzten herritarrek ekainaren 1era arteko epea izango dute aurkezteko. Lan irabazleak 400 euroko saria jasoko du, eta bigarrenak tableta bat.

Lehiakide bakoitzak nahi adina lan aurkezteko aukera izango du aurten, beti ere, lan bakoitza bere gutun-azal itxian eta dagozkion datuekin aurkezten bada. Hau da, lan bakoitzeko gutun-azal bat, eta gutun-azal bakoitzean parte  hartzailearen izen abizenak eta telefonoa zehaztuta. Ondoren, Santio Jai Batzordea izango da lehiaketaren epaimahaia.

Proposamenak egin nahi dituzten herritarrek ondoren zehazten diren oinarriak bete beharko dituzte:

  • Herrikoa izan behar da, eta 16 urtetik gorakoa.
  • Lanek erabat originalak izan beharko dute. Norbaitek originala ez den lan bat aurkeztuko balu, ezin izango da lehiaketaren hurrengo edizioetan aurkeztu.
  • Azalaren formatua 21x21 zentimetrotakoa izango da, eta edozein teknika erabil daiteke.
  • Aurkeztutako azalak honako testua eraman beharko du: “Santio Jaiak - Villabona 2023”.
  • Lanak udaleko herritarren arreta bulegoan aurkeztu daitezke, 08:00etatik 14:00etara. Lanarekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztu beharko da, eta bertan parte hartzailearen izen abizenak eta telefonoa jarri behar dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!