II. Trikuharri Mendi Lasterketa, hiru probekin

Imanol Garcia Landa 2023ko maiatzaren 17a

Iazko 20K probako podiuma: Nerea Amilibia (hirugarren), Irati Larrañaga (lehenengo) eta Leire Elola (bigarren).

Aurreko urtean bi lasterketekin hasi zuen bidea Trikuharri Mendi Lasterketak, eta bere bigarren edizioan hiru proba izango ditu. Laburrenak, 10K izenekoak, 11,5 kilometro izango ditu; ertainak, 20K izenekoak, 20,5 kilometro; eta luzeenak, 30K izenekoak, 28,5 kilometro.

Villabonako Triatloi Taldeak antolatzen du proba, eta iaz izandako balantze onaren ondoren, berriro antolatzea pentsatu zutela azaldu du Hassan Ait Chaou antolakuntzako kideak: «Korrikalariek gustura bukatu zuten iaz eta herrian ere arrakasta izan zuen, beraz, oso gustura geratu ginen lehen edizioarekin. Antolatzen jarraituko genuela erabaki genuen, eta ilusioz gaude». Aurten hiru lasterketa antolatzeko baimena eman zaie eta gustura daude, lasterketa motza ere egin ahal izango delako. «Gure helburua da jendeari beste aukera bat eskaintzea, batez ere korrika hainbeste aritzen ez denarentzako eta gazteagoak direnentzako», esan du Ait Chaouk.

Izena emateko epea bihar gauean itxiko da, eta horretarako Rockthesport.com webgunean sartu behar da. Proba ertaina atzo arratsalderako nahiko beteta zegoen. «Dagoeneko orokorrean 400 parte hartzailek eman dute izena, beraz, iazko kopurua pasa dugu».

Hiru probak Villabonako Errebote plazan hasi eta bukatuko dira, eta inguruko mendietatik egingo dituzte ibilbideak. Larunbat goizean ariko dira korrikalariak, eta proba luzea 08:45ean, ertaina 09:00etan eta motza 09:15ean hasiko dira.

Iaz bezala, bazkaria egingo da, eta izen ematearen barruan sartzen da bazkaltzeko aukera. Probetan parte hartu ez baina bazkaldu nahi duenak, txartelak 5 euroan erosi ahalko ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!