846 kilometro 34 minututan

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 18a, 07:59

Frantziako Reauko espetxea eta Martutenekoa lotuz egindako bizikleta martxan bizitakoak dokumental batean bildu ditu Aiztondoko herritar talde batek, eta gaur Andoainen estreinatuko dute

Reauko espetxetik Martuteneko espetxerako bidea bizikletaz egin zuten aurreko abenduan Aiztondo bailarako zazpi gaztek. Dispertsio egoera salatzearekin batera, euskal presoek eta haien senideek pairatu behar dituzten eskubide urraketak salatzeko zeharkatu zituzten 846 kilometro sei etapatan. Orduan jasotako irudiekin eta gerora egindako hainbat grabaziorekin dokumentala osatu dute eta gaur estreinatuko dute Andoainen, Bastero kulturguneko ekitaldi aretoan. 18:30etik aurrera.

Ainhoa Ozaeta andoaindarra Reauko espetxean daukate preso eta bera da Euskal Herritik urrutien dagoen euskal presoetako bat. Frantziako estatuan epe luzerako espetxealdia duten emakumeentzako egokitutako kartzelarik ez dago Euskal Herritik gertu, eta Ozaeta behartuta dago Paris ondoko kartzelan egotera. Abenduko bizikleta martxan parte hartu zuten gazteek egoera hori salatu nahi izan zuten. «Salbuespenezko sakabanaketa politika aplikatzen zaio Ainhoari emakume izateagatik».

Sei eguneko martxan jasotako irudiekin batera Ainhoa Ozaetaren ahizparen hitzak ere jaso dituzte dokumentalean. Beñat Uribe-Etxeberria egileak azaldu duenez Fresnesko mojen etxean elkarrizketatu zuten Idoia Ozaeta: «Bere testigantza eta bizipenak jaso nahi izan genituen eta bisitan joan zeneko asteburu bat baliatu genuen berarekin joateko». Familiaren babesa hasieratik izan dute Aiztondoko gazteek, bai bizikleta martxa egiteko, baita ondorengo dokumentala gauzatzeko ere.

ELKARLANEAN GAUZATUTAKOA

Bost lagunek egin zuten bidea bizikletaz eta bik furgonetaz. «Irudi bidez bidaia jasotzeko asmoa genuen hasieratik baina gure intentzioa, gure oroitzapenerako geratuko zen bideo luze bat egitea zen, besterik ez. Ideia garatzen joan da eta 34 minutuko dokumental izaten bukatu du», esan du Eñaut Zelarainek, bizikleta martxan parte hartu zuen gazteak.

Gidoia, Uribe-Etxeberriak berak osatu du. «Egitura aldetik, Idoia Ozaetaren testigantza dator hasieran, eta gero, ordena kronologikoan etapaz etapa jasotako irudiak agertuko zaizkigu. Dokumentala osatzeko martxa egin genuen gazteoi egindako elkarrizketak ageri dira». Zelarainek aitortu du gehienetan errealitate gogorra erakusten dutela gisa honetako ikus-entzunezkoek eta maiz «oso emozionalak» izaten direla. 843 kilometro honetan ihes egin nahi izan diote horri eta egileek esan dute «umore ukituak» ere topatuko dituela ikusleak.

Dokumental landuago bat egiteko erabakia hartu zutenean bideogintzan profesionalak direnengana jo zuten Aiztondoko gazteek. Muntaia, edizioa eta soinua profesionalen esku utzi badute ere, gainerako guztia herritarren artean egin dutela nabarmendu dute egileek. Esate baterako, Oihane Urretak egin du filma iragartzeko kartela eta Manex Iriartek jaso zituen irudiak martxak iraun zituen egunetan: «Kamera bat alokatu eta ahal den moduan ibili ginen irudiak hartzen. Ikuspegi gehienak furgoneta barrutik hartutakoak dira eta nahikoa lan izan genuen oreka mantentzen. Saiatu nintzen, ekimena aurrera zihoan heinean momentu ezberdinak irudi bidez hartzen». Iriartek gogoan du zeregin horretan «oso ondo» pasatu zuela. Grabazio lanetan ez ezik, bizikletan zihoazen lagunen sostengu gisa aritu zen.

Amasa-Villabonako Udalak babestu du dokumentala eta Sare Herritarra laguntzaile bezala aritu da prozesu guztian zehar. Egileen asmoa herriz herri ikus-entzunezkoa eskainiz bira bat egitea da, «udara ondoren, eta ahal bada, Euskal Herriko herrialde guztietan». Ekimenean parte hartu duten gazteak prest daude dokumentala eskaini eta bertan agertzen den errealitatearen inguruko solasaldi batean parte hartzeko deitzen dieten herrietan. Donostiako Egian lehenengo hitzordua egin dute ekaina hasieran. 846 kilometro beste herriren batean ikusi nahi duenak, haien helbidera idatzi besterik ez du: 846kilometro@gmail.com.

846 kilometro

  • Zuzendaria eta produkzioa. Beñat Uribe-Etxeberria.
  • Muntaia eta edizioa. Xabier Martin.
  • Grabaketa. Manex Iriarte.
  • Soinua. Haimar Olaskoaga, Limbus filmak.
  • Partaideak. Ander Goikoetxea, Manex Iriarte, Mikel Goya, Xabat Oiartzabal, Idoia Ozaeta, Andoni Ugarte, Beñat Uribe-Etxeberria eta Eñaut Zelarain.
  • Babesle eta laguntzailea. Amasa-Villabonako Udala eta Sare Herritarra.
  • Kartela. Oihane Urreta.
  • Estreinaldia. Gaur, maiatzak 18, 18:30ean Andoaingo Bastero kulturguneko erakusketa gelan.
  • Harremanetarako. 846kilometro@gmail.com

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!