Azkar pasa zaizkio lau urteak udalean Beatriz Unzue Esnaolari (Amasa, 1974) eta gustura jardun du jendearekin tratuan. Pertsona «leiala eta umila» dela dio eta irekia. Edozeinekin hitz egiteko prest dago
Zer nolako zerrenda aurkeztu du EH Bilduk udal hauteskundeetarako?
Geroz eta gehiago kostatzen da zerrenda osatzea baino lortutakoarekin oso pozik gaude. Uztartu ditugu esperientzia eta gaztetasuna. Jende konprometituak osatzen dugu hautagaitza eta lanerako gogoz eta ilusioz gaude. Gaztetasun horrek adierazten du gure proiektuak baduela etorkizuna. Badaude herritarrak aurrera pausoak eman eta herri honen alde lan egiteko prest daudenak.
Zergatik aurkezten zara berriro alkategai?
Pertsonalki, lau urteak azkar pasa zaizkit. Ni kaletik zuzenean igo nintzen alkatetzara eta ez dakit pandemiagatik ote den edo zergatik, baina motz geratu zaizkit lau urteak. Egitasmo asko martxan jarri ditugu, baina gauzatu nahi genituen proiektu asko egiteke daude oraindik. Datozen lau urteetan guk hasitako proiektuari segida eman nahi diodalako animatu naiz alkategai gisa aurkeztera. Gogoz, ilusioz eta jarraitzeko indarrarekin sentitzen naiz.
Zer moduzko esperientzia izan da udal kudeaketarena zuretzat?
Hasiera gogorra egin zitzaidan. Niri dena kontrolatuta edukitzea gustatzen zait, gai guztien gainean jakitun izatea. Udal barruko funtzionamenduaren inguruko ezagutzarik ez nuen eta urtebete edo behar izan nuen martxa hartzeko. Aldi berean, ikasketa bat izan da niretzat eta gustuko dut jendearekiko tratua, batzuekin eta besteekin hitz egitea. Hasieran faltan bota izan nuen kalean egotea eta herritarrekin zuzeneko harremana izatea, baina tamaina hartu diot eta gustura jardun dut urteotan.
Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?
Pertsona irekia naiz, edozeinekin hitz egiteko prest dagoena. Niregana etorri den guztiari atea zabaldu diot, inori ez diot ezezkorik esan. Herritarrek erraztasun hori edukitzea gauza handia da. Ez dut inoiz ezer ezkutatu. Pertsona leiala eta umila naiz. Postu honek ez nau ezertan aldatu. Betiko Beatriz izatean jarraitzen dut, betiko bizimodua daramat herrian eta herritarrekin.
Pandemiak zenbatean baldintzatu du azken legealdia?
Dezente baldintzatu du. Goizetik gauera pandemia etorri zitzaigun eta dena bertan behera gelditu zen. Gure makinaria martxan jarri genuen egoerari aurre egiteko geneuzkan baliabideekin. Gauza asko egin genituen eta herritarrei begirakoak denak. Momentu gogorrak izan ziren eta aldi berean egindako lan guztia baloratzeko modukoa dela iruditzen zait, positiboa izan zen eman genuen erantzuna.
Garai horretan jarri zen boluntario sarearen emaitza da gaur egungo Elkartasun Sarea.
Bai. Pandemiak utzi duen gauza garrantzitsuetako bat da sarea. Herritarren beharrak asetzen laguntzen du eta gaur egun, egunero-egunero elikagaiak eta astean bitan arropak banatzen dituzte. Jende asko murgildu da boluntario gisa eta kolore guztietako jendea da gainera. Iruditzen zaigu sentsibilizatu egin dela Amasa-Villabonako gizartea sareak egindako lanari esker, hasi ikastetxeetako haurretatik eta erretiratuetara arte.
Gizarte zerbitzuetan sumatu duzue beharrak handiagotu egin direla pandemiaren ondoren?
Amasa-Villabonan pandemian familiek lan handia egin zuten. Bakarrik zegoen jendea oso babestuta egon zen. Herritarrak zainduta daudela esan nahi du horrek. Hala ere, etxez etxeko laguntza oso beharrezkoa da, geroz eta gehiago. Sumatu dugu beste era bateko laguntza eskatuz gerturatzen ari zaigula jendea. Geroz eta pertsona gehiago dator eta horri erantzuteko konpromiso sendoa dugu. Ez dugu murrizketarik egingo arlo honetan. 2019an udal gobernura sartu ginenetik %30etik gora igo dugu gizarte zerbitzuetako aurrekontua. Baliabide pertsonalak ere gehitu ditugu.
Udalaren egoera ekonomikoan utzi al du arrastoa pandemiak?
Zorionez udalaren egoera ekonomikoa oso osasuntsua da. Zorte handia dugu. Ia ez dugu zorrik eta horrek inbertsioak egiteko ahalmena ematen digu. Dirua gastatu dugu legealdi honetan, baina zentzuz jokatuz. Pandemian gizarte zerbitzuetan eta kulturan ahalegina egin behar genuela argi genuen. Behin epe hori pasata beste lehentasun batzuk ekarri ditugu lehen lerrora.
Horietakoren bat azpimarratu nahi?
Larrea auzoan dagoen haur parkea estaltzea. Errealitate bihurtuko da behingoz. Erronka handia zen guretzat. 2014an herritarrek aukeratutako proiektua zen eta udal gobernura iritsi ginenean guk argi eta garbi adierazi genuen proiektu horri helduko geniola. Oztopo dezente izan ditugu, baina azkenean lortu dugu aurrera eramatea. Oposizioak ere ez zuen ondo ikusten proiektua eta ez du ahalbidetu. Azkenean behintzat, bideratuta dago, obrak esleituko ditugu aurki, eta hilabete eta erdi izango dute lanekin hasteko. Gehienez hiru hilabeteko luzapena izango du obrak eta espero dugu 2023ko udazken-negurako parkea estalita egotea.
Legealdi honetan martxan jarri duzuen parte hartze prozesuan herritarrek erabaki duten proiektua ere ez da gauzatu. Zergatik?
Alderdi politikoen adostasunarekin parte hartze prozesu bat jarri genuen martxan iaz. Oso esperientzia ederra izan zen. Herriari aukera eman zitzaion proposamenak luzatzeko eta ideia asko jaso genituen. Gero horien artean bideragarriak direnak aukeratu ziren eta jendeak gustukoenaren alde bozkatzeko aukera izan zuen bozketa txandan. Olaederra ondoan bolatokia estali eta padel pistak egiteko proiektua izan zen bozkatuena. Prozesu guztia bukatu eta gero orduko udal arkitektoak esan zigun ezin zela proiektua gauzatu, HAPO Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra aldatu beharra dagoela bertan eraiki ahal izateko. Uste dut teknikariekin arazo bat gertatu zela, guri aurrez bertan ezin zela eraiki esan izan baligute, beste proiektu askorekin egin bezala, baztertu egingo genuen azkeneko bozketa txandatik.
Asmoa duzue aldaketa hori egiteko eta bolatokia eraikitzeko?
Bai. Herritarren erabakia da eta betetzen ez badugu gure kontra etorriko dira, arrazoi guztiarekin. 2020an onartu genuen HAPO eta gune dezente blokeatuta geratu ziren, hamahiru bat. Gehienak uholde arriskua duten esparruak dira eta errebisatu ondoren aldaketak egingo ditugu arauetan. Behin hori eginda kiroldegi ondoan bolatokia egingo dugun bezala, etxebizitza proiektuak gauzatu ahal izango ditugu beste hainbat eremuetan ere.
Etxebizitza beharra sumatzen duzue Amasa-Villabonan?
Legealdi honetan Graficas Leizaola enpresarena zen eraikina erosi dugu. Bota egin nahi genuke epe motzera, eta HAPOn orain blokeatuta dagoen gune hori egokitu eta eremuaren izendapena aldatu ondoren, hurrengo legealdian etxebizitza sozialak eraikitzeko proiektu bat gauzatu nahi dugu toki horretan. Beharrezkoa dugu horrelako proiektu bat herrian, bestela gazteak aldamenetako herrietara joaten segituko dute. Egin dugu etxebizitza hutsen inguruko azterketa eta jakin dugu 300 daudela hutsik. Gure eskumenekin zaila egiten zaigu etxebizitza horiek merkaturatu daitezen jendea konbentzitzea. Lanketa bat egina dugu baina jarraitu beharko dugu kontu honekin hurrengo legealdian.
Udal gobernuan beste lau urte emanez gero, zein beste proiektu gauzatuko zenukete?
Txermingo aparkalekua moldatzea izan zen herritarrek bozketan bigarren proiektu gisa aukeratu zutena. Badakigu egokitu egin behar dela eta hurrengo legealdian heldu nahi genioke horri. Berdin Txermin auzoa eraberrituko dugu eta Oriamendi eta Larrea arteko espaloia moldatuko dugu; Etxeondo auzunea ere urbanizatu beharra dago. Diru laguntzak ere handitu nahi genituzke beste lau urtetan gobernuan egotea tokatzen bazaigu: merkataritza lokal batean jarduerak hasteko, etxebizitzetan igogailuak jartzeko eta alokairurako diru laguntzak izango dira.
Olaederra kiroldegiak zama handia suposatzen al du Amasa-Villabonako Udalarentzat?
Bai. Birmoldaketa lanak egin ditugu teilatuan eta hurrengo fasea kantxa berritzea izango da. Kiroldegia arazo handia da. Galera asko dauzka. Pandemiak min handia egin zuen eta ia mila bazkide galdu zituen. Gero berreskuratu dira batzuk baina poliki doa eta zaila ikusten dugu aurreko kopuruetara iristea. Dena den, kiroldegiaren kudeaketa esleituko dugu hemendik gutxira eta bideragarritasun plan bat egina dugu guk. Ondo pentsatu beharko dugu zer nolako kiroldegia nahi dugun, zein ordutegirekin. Buelta handia eman beharko zaio.
Parekidetasunean sakondu nahi duzue hurrengo lau urteetan?
Gure erronka eta helburua berdintasun teknikari bat kontratatzea da. Ez dakigu guk bakarrik edo Aiztondoko beste herriekin konpartituta beharko lukeen. Formula bilatu beharko dugu horretarako. Euskararen Ados mahaia edo hezkuntzarena, edo kirolarena martxan dauden bezala, hurrengo legealdian feminismoaren Ados mahaia jarri nahi dugu martxan. Mahai irekia izango da, politika feministak garatzeko ahalmenarekin.
Kultura arlotik proposamenik ba al duzue?
Sei mila biztanleko herri bat izateko punta-puntako kultur eskaintza daukagula iruditzen zaigu. Programazioa ez da nolanahikoa. Astebururo badago zerbait, astean zehar ere gauza asko eta guk horri eutsi nahi diogu. Herriko eragileekin harremana sakondu dugu azken legealdian eta horretan jarraituko dugu. Elkarlan horren emaitzak begi bistakoak dira. Bestalde, udal liburutegia berritzeko proiektua onartuta dago eta lanak laster hasiko dira.
Zein harreman izan duzue oposizioarekin?
Harreman ona izan dugu, baina ia ez dugu oposiziorik eduki. Zoritxarrez diot, zeren nik eskertuko nuke kontrol lan hori eta eurak ere udalean ariko balira ekarpenak egiten. Justu-justu agertu dira batzordeetara eta plenoetara. Errespetuagatik bakarrik eta ordezkatzen dituzten herritarren izenean, udalean lan egitea zegokiela iruditzen zait. Azalduko balira harremanak ere bestelakoak izango lirateke, seguruena direnak baina hobeak.
Zein emaitza espero duzue?
Ilusioz gaude, gogotsu eta lanerako prest. Duela lau urte zortzigarren zinegotzia eskuratzeko zorian egon ginen. Erronka hori jartzen diogu geure buruari.
Gehiengoa lortuko ez bazenukete, beste alderdiren batekin hitz egingo zenukete gobernua osatzeko?
Duela zortzi urte horrela gertatu zen. Beste bi alderdiak elkartu eta alkatetza lortu zuten. Horrela gertatuko balitz oraingo honetan, gu prest egongo ginateke besteekin hitz egiteko. Amasa-Villabonarentzat irtenbide onena bilatzen saiatuko gara.
Zein gobernantza eredu bultzatuko zenuke alkatetzan errepikatuko bazenu?
Ateak eta leihoak irekita ditugu. Gardentasuna eta leialtasuna dira gure eredua. Herriarekin eta herriarentzat gobernatuko dugu. Guztiok bat eta elkarrekin lanean jardunez gero, gauzak errazago lortuko ditugu.