ELKARRIZKETA

«Etxebizitzaren arazo larriari helduko diogu»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 16a, 10:00

Eneko Urdangarin 2015-2019 legealdian zinegotzi izan ondoren, alkategai aurkeztuko da orain; alboan talde «ekimentsu» eta «konprometitua» duela dio

Aspaldikoa du harremana Amasa-Villabonarekin Eneko Urdangarin Eizagirrek (Zarautz, 1965). Gurutze Gorriak herrian zuen bulegoan boluntario ibili zen. Ondoren zinegotzi eta orain alkategai. Zenbait herritarrek animatuta eta EAJren eskariari erantzunez eman du baiezkoa.

Zer nolako hautagaitza aurkeztuko du Amasa-Villabonako EAJk udal hauteskundeetarako? Nola osatu duzue zerrenda?

Herrigintzan eskarmentu handiko hautagaiak, zerrenda sendoa benetan. Lehenik, euskaldunak eta abertzaleak eta ibilbide desberdinak egindakoak. Adibidez, beste udal batzuetan urtetan aritutako esperientziak ematen duen itzala aurkitzen dugu zenbait hautagaitan, gizartegintzan dabilen jende ekimentsua ere bai, eta herri honekin konprometitutako hautagaiak gara Amasa-Villabonako herritarrengana aurkezten garenak.

Azken legealdian ez, 2015-2019 artekoan zinegotzi izan zinen eta udal gobernuan ardurak izan zenituen. Zergatik erabaki duzu alkategai aurkeztea?

90eko hamarkadaz geroztik daukat harremana Amasa-Villabonarekin. Gurutze Gorriak Villabonan bulegoa zuenean boluntario ibili nintzen bertan; gero, 2015-2019 legealdirako udal zerrendan joateko eskatu zidan Eusko Alderdi Jeltzaleak eta orain zerrenda-buru izateko alderditik berriro deitu zidatenean, Amasako eta Villabonako zenbait herritarrekin harremanean jarri nintzen eta beraiek animatuta erabaki dut pauso garrantzitsu hau ematea. Beraz, EAJren eskaria eta herritar hauen bultzada uztartzen zaizkit baiezkoa erantzuteko.

Bi hitzetan, nola aurkeztuko zenuke zure burua?

Euskalduna, abertzalea eta hitzeko gizona.

Nola baloratzen duzu azkeneko legealdia?

Kaxkarra. Krisiek balio izaten dute bakoitza neurtzeko. Hemen eta alde guztietan izan ditugun bi larrialdi handiek, pandemiak eta Ukrainaren aurkako Errusiaren gerra erasoak, legealdiaren argazki ona erakusten dute. Bi egoeretan Gipuzkoako Foru Aldundiaren erreakzio azkar, egoki eta eutsia ikusi duguM eta Osakidetzaren sendotasuna, eta aldiz, nabarmen geratu da EH Bilduren geldotasuna eta gihar politiko eza udalean, eta kontra egiteko betiko joera.

Zein harreman izan du zuen taldeak udal gobernuarekin eta oposizioko beste alderdiarekin?

Erabateko gehiengoa izateak nagusitasuna ematen du, eta itzala agintzeko, baina gauza bat da nagusitasuna eta bestea nagusikeria. Nagusitasunaren alderantzizkoa da nagusikeria, eta bigarren honetatik gehiegi jasan dugu EH Bilduren udal gobernuarekin. EAJk akordiotarako asmoa izan du legealdian eta erantzuna 'ez, ez eta ez' izan da beti. EH Bilduren nortasun politikoan dago ezkortasuna eta, batetik, lagunentzat jardutea eta ez bizilagun guztientzat, eta bestetik, Amasa-Villabonaren jabe balitz bezala gobernatzea. Ez da gure eredua.

Zein arrasto utzi du pandemiak? Udal kudeaketan epealdi horretatik irakaspenen bat atera beharko litzatekeela uste duzu?

Pandemiak asko baldintzatu gaitu legealdian, baina kontua da EH Bildu herria lokartzen saiatu dela COVID-19a baliatuz. Besteak beste, pandemiari leporatzen diote daukaten gabezia politikoa, egin gabekoa zuritzeko. Baina ez dago arrazoirik hutsune horren errua pandemiari botatzeko. EH Bilduk ez dauka benetan proiektu sakonik herri honentzat, horixe da gakoa. Alderantziz, ikusi dugu Gipuzkoako Foru Aldundiko gizarte politiketatik nola heldu zioten hasieratik COVID-19ari, zahar egoitzan behar ziren neurriak hartuz, eta txertaketarekin, beti Osakidetzarekin elkarlanean. Eta gauza bat berresten dugu: politika eta zerbitzu publikoen garrantzia erabatekoa da; horretan jarraituko duela EAJk.

Nola osatu duzue udal hauteskundeetarako aurkeztu duzuen programa? Zein ekarpenekin?

Alderdiaren urteetako esperientzia eta Amasa-Villabonako alderdikide eta herriarekin konprometitutako zenbait jende eta talderekin hitz eginez, azken batean amasar eta billabonatarrei entzunez, osatu dugu hurrengo lau urteetarako udal programa.

Zein proposamen luzatzen dituzue legealdi berrirako EAJtik?

Hirigintzan, Amasako espaloia egingo dugu, Larreako espaloiak berritu, Txermingo aparkalekua berritu, eta Txermin eta Etxeondo auzoetan urbanizazioa berregin gainerako erakundeekin ados jarrita. Izan ere elkarlanean egin behar ditugu gauzak. Etxebizitzaren inguruko gaia zeresan handikoa da Amasa-Villabonaren etorkizunerako, izan ere gazteek alde egiten dute inguruko herrietara bizitzera. EAJk heldu egingo dio arazo larri honi Hirigintza Plan Orokorra lehenbailehen onartuz erakundeekin elkarlanean, eta lokalak etxebizitza bihurtzeko ordenantza martxan jarriz.

Aldi berean, EAJk garrantzi berezia emango dio Oria Villabona-Zizurkil Merkataritza Elkartearekin elkarlanean plan bat jartzeari, herriaren bizitasunari eta ekonomiari zuzenean eragiten baitio merkataritzak. Eta Amasako nekazariekin lankidetza sendotuko dugu. Amasamendi Plana gauzatu egingo dugu, eta bestetik, 2015-2019ko legealdian egin genuen herri argiteriaren azterketa, EH Bilduk bazterrean utzia, berreskuratu eta garatu egingo dugu.

Gizarte arloan zein proposamen egiten duzue?

Herri azterketa egin eta konturatu gara beren kabuz baliatzen den edadetutako pertsona asko apenas ateratzen dela etxetik. EAJk udal zerbitzu bat jarriko du adineko andre-gizonak etxetik atera eta elkarrekin egoteko eta arnasa hartzeko modua izan dezaten, hezitzaile batek lagunduta. Garrantzia ematen diogu baita kulturari ere. Herriko eragileekin elkar hartuta jardungo dugu. 2015-2019an martxan jarri genituen egitasmo batzuk, EH Bilduren gobernuak bertan behera utzitakoak, berreskuratuko ditugu, adibidez, Amasako elizan egiten ziren “Lau Urtaroak” kontzertuak eta Villabonan, abesbatzen zikloa.

Udal gobernura iritsiko bazinatekete zein proiektua jarriko zenukete martxan berehala?

Goraxeago aipatu dut oso garrantzitsutzat daukagula hirigintza plana eta lokalak etxebizitza bilakatzeko egitasmoa. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren berrikusketari ekingo diogu, udal langileekin barne-lan bat eginez eta aldundiarekin lankidetzan. Hitz ematen dugu abendurako martxan izango dela lokalak etxebizitza bihurtzeko plana.

Eta orain martxan dagoen proiekturen bat bertan behera utziko zenukete?

EH Bilduk 2019an egin ez zuen bezala, guk errespetatuko ditugu indarrean dauden egitasmoak, beti ere hirigintzako, kontu hartzailetzako eta idazkaritzako aldeko txostenak badituzte.

Zerrendarik bozkatuena errespetatuko duzue?

Lehenbizi herritarrek bozkatu behar dute eta gero gerokoak. Maiatzaren 28aren biharamunean zerrenda bozkatuenak gainontzeko alderdiekin adostasunetara iritsi eta gehiengoa lortzeko ardura hartu behar du.

Zerrendarik bozkatuena izan gabe, PSEren babesa jasoko zenukete gobernua osatzeko?

Lehen esandakoa: utzi herriari botoa ematen.

Zein talantearekin gobernatuko zenukete? Zein harreman nahiko zenukete herritarrekin?

Guk politika egiteko eskola bat daukagu EAJn: herritarrekin herria eraikitzeko egiten dugu politika erakundeetan, eta Amasa-Villabonan ere bai. Gu ez gara politika ezkorraren zale ez oztopatzailearen alde aritzen, ez oposizioan gaudenean ez agintzea egokitzen zaigunean. Beraz, amasar eta billabonatar guztien ona kontutan izanez, herritarrei entzungo diegu, alderdiekin akordiotara heltzeko borondatea izango dugu, eta gure egitasmo abertzalea eskainiko dugu Amasa-Villabonan aurrera egiteko.

Eta oposizioarekin?

Berdin, politikan aritzeko modua delako, izan oposizio, izan gobernu: gertukoa, baikorra eta alderdikeriarik gabeko elkarlana amasar eta billabonatarren onerako.

Zerbait gehiago gehitu nahi?

Lehenbizi eskerrak eman nahi dizkiet legealdian lanean aritu diren EAJko zinegotziei. Bestetik, azpimarratu nahi dut, erronka berezi gisa, etxebizitzen arazoari adarretatik heldu behar diogula gazteak herrian geratu daitezen eta alkatearen bulegoa 365 egun 24 ordu irekita egongo da. Bukatzeko gauza bat, garrantzitsua, bereziki gazte jendearentzat. Urte batzuk dauzkagunok gogoan ditugu iragandako denborak. Amasa-Villabonako jendea gogoratuko da Oria ibaia nola jaisten zen, ikatza bezain beltz, apar zurizta zikinak eramanez. Ez zegoen bizi arrastorik. Eta begira orain. Ez da kasualitatea. Gipuzkoako Batzar Nagusiak izan ziren Euskadi aitzindari bihurtu zutenak ingurumena berreskuratzen, lehen neurri politikoak onartu baitzituzten orain hiru hamarkada. EAJ izan zen horren gidari. Ezin du halakorik esan EH Bilduk. Ez ingurumena berreskuratzeko politikaz, ez euskara normaltzekoaz, ez industria eraldatu eta nazioartekotzeaz, ez gizarte babeserako politikez eta abarrez. Ezker abertzaleak erakundeetara ez joatea erabaki zuen, eta kanpotik aurka egitea, eta gainera, indarkeriaren estrategiara makurtuta. Inportantea da alderdi bakoitzaren nortasun politikoa, eta EAJ herri hau eraikitzeari emana ageri da hasieratik, udalez udal, Gipuzkoa lurralde gisa eta Euskadi nazio bezala, batzar nagusi eta aldundian, legebiltzarrean eta jaurlaritzan. Ezker abertzalea ez. Maiatzaren 28an hori ere badoa botoetan.



Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!