ELKARRIZKETA

«Jendea hobeto bizitzeko egingo dugu lan udaletik»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 16a, 11:00

Lehen aldia du politikan, nahiz eta aspaldikoa duen zaletasuna. Gauzak beste era batera egin nahi izateak mugiarazi du. «Jendea hobeto bizitzeko egingo dugu lan udaletik»

Billabonatar «xumea» dela dio, Eduardo Gonzalez Vazek (Villabona, 1989). Euskaraz hasi eta elkarrizketa elebitan amaitu du. 

Zer nolako hautagaitza aurkeztu duzue PSE-EEtik Amasa-Villabonarako?

Herriko jendearekin osatu dugu hautagaitza eta Maria Luisa Arija orain arte zinegotzi izan dena doa hirugarren postuan. Herriari bere ekarpena egin nahi dion jendea da.

Zergatik aurkeztu zara alkategai?

Villabonan biz izan naiz betidanik eta azken urteetan ikusi dut orain udal gobernuan dagoen alderdiak ez duela guztientzat gobernatu. Nik nahiko nukeena da herritar guztientzat gobernatu jendeari entzunez. Aldatu eta zerbait berria egin nahi genuke alderdi sozialistatik.

Nola aurkeztuko zenuke zeure burua?

Oso pertsona xumea naiz. 33 urte dauzkat eta beti bizi izan naiz hemen, Villabonan. Futbol taldean jokatu izan dut txikitatik eta kirol zaletasuna dut. Betidanik gustatu eta jarraitu izan dut politika eta horregatik eman dut alkategai izateko pausoa.

Zer balantze egiten duzu azken legealdiaz?

Orain arte herritar bezala jarraitu dut udaleko jarduna, eta orain, hautagai bezala aurkeztu naizenez, Maria Luisarekin partekatu ditut hainbat gai. Udal gobernuak promesa batzuk egin ditu bete ez dituenak eta egin dituzten gauza asko, azken orduan egin dituzte, nahiz eta herritarrek urteak eman horiek eskatzen.

Atzera geratu den zein proiektu azpimarratuko zenuke?

Txermingo aparkalekua, adibidez. Jendea eskatu eta eskatu ari da. Aparkalekuaz gainera, uste dut etxebizitza publikoak sustatu daitezkeela bertan. Larreako parkea estaltzearena guk ere ondo ikusten dugu, baino proiektuak oso luze jo du.

Etxebizitza berriak egiteko beharra dagoela ikusten duzu?

Badakit Sacem inguruan, garai bateko Graficas Leizaolarena zen eraikina erosi duela udalak. Han etxebizitza publikoak egitea egoki ikusten dugu. Ikusi beharko litzateke alokairuko etxebizitzetara sarbidea izan dezaten, gazteak nola lagundu ditzakegun udaletik. Gazteak ez dira Villabonan geratzen, ez nahi ez dutelako, aukerarik ez dutelako baizik. Etxebizitza gutxi dago eta dagoena garesti gainera.

Beste azpiegiturarik ikusten duzu faltan?

Badakit parte hartze prozesua egin dela azkeneko legealdian eta jendeak Olaederra inguruan bolatoki itxi bat eta padel pisten proiektua aukeratu zuela. Orain badirudi teknikoki ezin dela gauzatu proiektu hori. Iruditzen zait udal gobernuaren akatsa izan dela hori, ezin dute bozketarako aurkeztu egingarria ez den proiektu bat. HAPOa aldatu eta egoera konponbidean jarri nahi dutela esan dute orain, ea zer gertatzen den.

Badago auzoren bat behar bereziak dituena?

Etxeondoko bizilagunek azken urteetan eskaerak bideratzen ari dira eta zerbait egin beharra dago hor, baita Txermin auzoan ere. Bi gune horietan legealdi honetan esku-hartzeak egin beharko dira. Eta Amasa, hor goian dagoenez, beti ahaztu egiten den auzoa dela iruditzen zait. Ikusi beharko genuke zer egin daitekeen han.

Komunikazio arlotik nola ikusi duzu herritar gisa udalaren jarduna?

Hobetu daiteke. Guk aplikazio bat sortu nahi genuke, dagoeneko zenbait herritan martxan dagoena. Herritarrek kalean konpondu beharreko zerbait ikusten badute, argazkia atera eta udalari jakinarazteko aukera ematen dute era honetako aplikazioek. Berriki oinezkoen zubian egon dira eroriko batzuk eta horrelakoei aurre lehenago hartu diezaiokegula iruditzen zaigu gisa honetako teknologiarekin. Herritarrekin etengabeko kontaktua ahalbidetzen du aplikazioak. Aipatu nahi nuke sare sozialena ere. Nik euskaraz hitz egiten dut eta dena ulertzen dut, baina jende askok ez. Nik denentzako ulergarria den komunikazioa nahi nuke. Herritarrei informazio bat helarazteko bitarteko hauek elebitan jartzea eskatuko nuke. Aniztasuna bermatu beharko litzatekeela uste dut, herritar guztiengana iritsi ahal izateko. Guk euskara arloko politikekin jarraituko dugu udalean, eta orain ez dakitenek eta ikasteko prest daudenei baliabideak eman nahi dizkiegu. Euskara ez da galdu behar.

Udal gobernura iritsiz gero, proiekturen bat gauzatuko zenukete, premiaz?

Herrian komertzioa sustatu beharko genuke, merkatari elkartearekin batera, zein neurri hartu adostu beharko genuke. Komunitate energetikoa bultzatu nahi genuke, baita Villabonan ere. Gipuzkoako Foru Aldunditik dator proiektua eta begi onez ikusten dugu. Soluziobide egokia iruditzen zaigu ingurumen aldetik, eta herritarrei aurrezkia suposatuko die. Sortzen den energia hori zuzenean herritarrek baliatu dezakete eta ondo iruditzen zait. Larraulen, adibidez, ondo doan ekimena da, jendea itxaron zerrendan dago.

Gizarte arloan zein proposamen luzatzen dituzue?

Kirola egitea sustatuko genuke. Gazteek aukera badute, aritzen dira kirol ezberdinetan, baina adinekoen artean bultzatu beharko genuke kirola praktikatzea. Parekidetasun politiketan laguntzak berdin mantendu edo ahal bada handitu egin nahi genituzke, eta puntu beltzak begiratu. Identifikatu nahi genituzke gune horiek eta esku-hartze batzuk pentsatu.

Gazteak aipatu dituzu lehentxeago. Zein egitasmo gauzatu nahi duzue haiei begira?

Ongi dago parke bat estaltzea, eta agian begiratu beharko genuke besteren bat ere itxi behar ote den, baina toki itxi bat ere beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Katea etxean orain arte gaztelekua egon da eta eraiki horren erabilera aztertu behar genuke. Batez ere 14 urtetik azpikoentzat zerbait pentsatzen ari gara. Eraikinari erabilera handiagoa eman diezaiokegula iruditzen zait, espazio handia baita. Gurasoren batek komentatu dit eta ideia ona iruditzen zait.

Zein aurreikuspen egiten dituzue maiatzaren 28rako?

Behintzat daukagun ordezkaria mantendu nahi genuke edo bestela hazi. Bi zinegotzi bagina, niretzat izugarri ondo legoke. Lehen aldia da aurkezten naizena eta ikusiko dugu nola doazen. Villabonakoa naiz eta bertakoa izanik jendeak ezagutzen nau, agian horrek nire alde bozkatzera eraman ditzake hainbat herritar. Ikusiko dugu.

Gobernua osatzeko zure botoa erabakigarria balitz zer egingo zenuke?

Ez dakit. Alderdiak ere zer ikusi handia du. Ikusi beharko genuke zein proposamenekin egiten duen bat gure hauteskunde programak. Proiektuak hitz ematea bakarrik ez, gero beteko dituztenaren bermea eskatuko diogu gurekin zerbait adostu nahi duenari. Herriarentzat eta jendearentzat proiektuak lehenetsiko ditugu.

Zein jarrera izango zenuke udalean oposizioan mantenduko bazina?

Orain arte Maria Luisak eraman duena. Aurreko legealdian EH Bildurekin zein EAJrekin adostuta atera ditugu hainbat proiektu aurrera. Berdin egingo nuke, ez dut arazorik horretarako. Herritarrengandik gertu egon nahi dut eta haientzat onena dena aurreratzeko egingo dut lan udaletik. Nire helburua jendea hobeto bizitzea da, buruhauste gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!