ELKARRIZKETA

«Villabonak ikusiko du herriko gazteak hemen gaudela»

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko mai. 12a, 07:59

Manex Iriarte. N.R.A.

Larunbatean, Onddo Rock eguna izango dute Villabonan. Antolakuntzan herriko hainbat eragilek parte hartu dute: Hellbona, Beertoki, Sahrijai eta Onddo Gazte Asanblada. Manex Iriarte Onddo Gazte Asanbladako kidea da eta egunaren nondik norakoen berri eman du.

Gazteen indar erakustaldia izan nahi du Onddo Rockek. Duela 14 urte azkenekoz egindako ekimena bueltan ekarri dute billabonatarrek eta horretarako, ondo prestatutako kartela dakarte: herriko taldeak, emakume presentzia eta kartel burua: EH Sukarra. Manex Iriarte (Amasa-Villabona, 2002) herriko saltsa askotan murgilduta egonik, ezin Onddo Rocken falta. Prestaketa lanez hitz egin du Villabonako gazteak.

Noiztik zara Onddo Gazte Asanbladako kidea?

Duela bospasei urte hasiko nintzen Onddo Gazte Asanbladan, gazte, 15-16 urterekin. Lagun batzuekin batera gaztetxean sartu nintzen, gogoa genuelako gazte mugimenduarekin bat egiteko eta herriaren parte izateko. Orduz geroztik, bertan gaude, nahiz eta gorabehera asko izan ditugun.

Zenbat pertsona biltzen zarete, gaur egun, gazte asanbladaren bueltan?

Egia da lehenago gutxiago biltzen ginela. Geldituta egon da momenturen batean. Orain belaunaldi berriak, COVIDa eta gero, animatu zaizkigu. WhatsApp-eko taldean jende dezente gaude [Barrez]. Baina gero azaltzen garenak hamabost bat izaten gara. Baina ondoren, lan egiteko jendea prest egoten da.

Larunbata ate joka dugu eta Onddo Rock jaialdiaren atarian gaude. Nondik sortu da egun honen prestaketa?

Onddo Rock jaialdia duela 14 urte azken aldiz egin zen, Amasa-Villabonan. Euskal taldeak biltzen ziren bertan, Gaztetxeak antolatutako eguna izaten zen. Azken 14 urtetan ez da egin eta belaunaldi berrien sarrerarekin nahiko motibatuta geundenez, herriko beste eragile batzuekin harremanetan jarrita, ikusi genuen aukera polita zegoela. Maiatzaren 13a, larunbata, aukeratu genuen, Onddo Gazte Asanbladaren urteurrenarekin bat egiten duelako. Eta hori horrela izanik, egun nahiko betea antolatu dugu.

Onddo Gazte Asanbladaren aurtengo urteurrena beraz, Onddo Rockekin osatuko duzue.

Hori da. Egun horrekin aprobetxatuko dugu gazte asanbladaren urteurrena ospatzeko. Biek bat eginez.



Beertoki, Hellbona, Sahrijai eta Villabonako Udala bera ere Onddo Rock jaialdiaren antolatzaile bezala ageri dira. Nola uztartu dituzue bakoitzaren lanak?

Eragile guztiak prest azaldu ziren gaztetxeak aurrera egiteko, prest azaldu ziren laguntzeko eta gu pozik. Hellbonak, urrian metal kontzertuak antolatzen ditu herrian, eta orduan ikusi genuen eragile ezberdinek ere parte hartzen zutela bertan. Hellbonak gaztetxeari gonbita luzatu zion gaztetxean bertan jaialdi bat antolatzeko edo egun ezberdinetan kontzertuak eskaintzeko. Guk gonbita eskuak irekita hartu genuen.

Bilera itxiak antolatzen hasi ginen, orduan. Hellbona, Sahrijai, Beertoki eta Onddoko pertsona bana biltzen ginen. Bertan lehen erabakiak hartu eta ondoren, bakoitzak bere etxean aztertzen zuen erabakitakoa.

Formatu honetan hainbat ekitaldi antolatzen joan gara urtean zehar, ez soilik Onddo Rock. Esaterako, Hellbona edo Beertoki Txiki prestatu dira bilera horietan. Eta horrez gainera, Sahrijain hilero kontzertuak antolatzen aritu gara.

Talde motor bat sortu duzue Villabonan gazte eta ez hain gazteek musika eskaintza bat izan dezaten.

Hori da.

Onddo Rock egunari begira jarriko gara. Zergatik talde hauek eta ez beste batzuk?

Guk gaztetxean hainbat arazo izan genituen. Gaztetxean sortzen zen burrunbagatik ezin genuen barruan kontzerturik antolatu. Orduan, kontzertu akustikoak antolatzen hasi ginen. Kiimak taldeak eskaini zigun lehen kontzertu akustiko hura. Antzuolako neska gazte batzuk dira. Behin proposamena luzatu genien Gaztetxera etortzeko, eta agenda betea zutenez, ezin izan ziren etorri. Orduan Onddo Rock martxan jarri zenean, haiekin gogoratu ginen. Haiek pozik, guregana etortzeko gogoz ziren.

Hurrengo taldea Z.L.N. da. Taldeko parte naiz ni neu. Duela hiru hilabete nire bila etorri ziren, taldeko abeslaria izateko proposamenarekin. COVID aurretik sortutako taldea da, Zuloan izenarekin sortu zuten. Baina oraindik inolako kontzerturik eskaini gabe, maketarik grabatu gabe, entseatu baino ez zuten egiten... Abeslariak utzi zuenean, niri proposamena luzatu eta bertan hasi nintzen, hardcoreaz ezer gehiegirik jakin gabe. Entseatzen hasi ginen, hiru hilabete pasa dira, eta lehengo ostiralean lehen kontzertua eskaini genuen, Villabonako Rainbow tabernan. Taberna txikia da, baina lehen arantza kentzeko balio izan zigun. Herriaren erantzuna jaso genuen eta oso ondo atera zen. Jende aurreko entsegu moduan balio izan zigun. Azkenean esan beharra daukagu herriko taldea dela. Onddo Rocken ikusten genuen herriko talde bat sartu behar genuela, Habirekin harremanetan jarri ginen, baina data horietan ezin zuten. Orduan guk parte hartzea erabaki genuen. Hiru hilabete potente izan ditugu entsegu aldetik eta pozik gaude emaitzarekin.



Larru Beltzak taldeak ere kontzertua eskainiko du larunbatean, Onddo Rocken. Emakumeen presentzia ziurtatu nahi genuen egun honetan. Feminismoari tira egin nahi genion eta horretarako aukera bikaina da Larru Beltzak.



EH Sukarra kartel burua izango da. Kartel potente bat biribildu nahi genuen eta baita belaunaldi ezberdinak ukitu ere. Gazteok, hala ere, EH Sukarra erreferentziazko talde gisa badugu. Musika talde pila batek ere EH Sukarra talde oso mimatu, oso kuttun bezala du. Aztertzen ibili eta ikusi genuen belaunaldi ezberdinak uztartzeko talde perfektua zela. Harremanetan jarri eta baiezkoa jaso genuen. Maiatzera begira kontzertuak lotzen hasi ginenean, zaila ikusten genuen. Urte hasieran hasi, eta uztailera bitarte agenda beteak izaten dituzte musika taldeek. Kosta zitzaigun hasieran, baina behin aukera ikusita, buru-belarri lanean jarri ginen.



Akabu entzun eta ikusi ahal izango den beste talde bat da. Bizkaiko taldea da, Galdakaokoa. Nik pertsonalki badut harremana haiekin eta gogoa nuen Gipuzkoara ekartzeko. Ez dute gehiegi jo Gipuzkoa aldean. Haiei ikaragarri gustatu zitzaien proposamena eta aurrera.

Amildegi taldeaz zer esan? Elgoibarko gazte batzuk dira; bertsioak egiten dituen taldea da. Gaur egungo musika punk taldeen bertsioak jotzen dituzte, giroa jartzeko ezinbesteko taldea da.

Eguneko festa amaituta, Gaztetxean ere musika izango duzue.

Behin egunekoa amaituta, jendea Gaztetxera gerturatzea nahi dugu. Fresa Morango gure ahizpak direla esango genuke. DJ Fresa Morango Villabonako gaztetxera lehenengoz etorri zirenetik, sekulako harrera izan zutela esan digute, oso maitatuak sentitzen dira Villabonan eta edozer eskatzen diegula, haiek beti prest.

Aurretik ordea, indarrak hartzeko herri bazkaria izango da Berdura plazan. Nola doa antolaketa?

Onddo Rockeko eragile guztiekin batera aritzeak erraztasunak dakartza baita alor honetan ere. Bazkariaz Sharijaikoak arduratuko dira, eta horrela guk pisu bat kentzeko aukera dugu. Tiketen salmenta astean zehar itxi dugu, honela aurreikuspenak errazago egin daitezke, zenbat jende datorren jakinda. Bi menu aukeran ditugu datorren jendearen arabera. Helburua, azken batean, ekonomikoki ondo ateratzea da.



Ateratako diruarekin zer egiteko asmoa duzue?

Lehenik eta behin galerarik ez izatea nahi dugu. Izan ere, antolaketan nahikoa diru aurreratu behar izan dugu. Egia esan, urteetan zehar biltzen joan garen dirua badago. Villabonako festak laster iritsiko dira, uztailean, eta orduan aspaldi egin ez bezala, kontzertuak antolatu nahiko genituzke Gaztetxean. Merchandising produktuak ere atera nahiko genituzke, kamisetak, esaterako.

Eguna iristea baino ez da geratzen.

Gu gogotsu gaude. Gazteak batu dira, programazio on bat lortu dugu, antolatu gara hau guztia prestatzeko eta aspaldiko partez Villabonako herriak ikusiko du herriko gazteak hemen gaudela. Batzuk ez daude Onddo Rocken eta guk dena emango dugu haiek gurekin egon arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!