Erremontea sustatzeko egitasmoa

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 5a, 20:00

Behar Zana elkarteko eta Oriamendi enpresako ordezkariak, Imanol Mujika erremontista ohia eta gaur egungo hainbat erremontista.

Behar Zana pilota elkartearen eta Oriamendi enpresaren artean erremontea ezagutzeko eta probatzeko saioak antolatu dituzte.

«Erremontea jokamolde historikoa da, Behar Zanan errebotea eta joko garbia lantzen ditugun bezala, gure kulturan errotua dagoena», esan du Iñaki Lizaso Behar Zana elkarteko pilotako arduradunak. «Behar Zanan elkarte bezala beste jokamolde batzuk bultzatzen ditugun moduan, erremontea ere lantzea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu». Hori horrela, Oriamendi enpresarekin harremanetan jarri ziren egitasmoa lantzeko, eta erremontea ezagutzeko eta probatzeko saioak antolatu dituzte hiru ostegunetan Villabonako Udal Pilotalekuan, 18:00etan hasita: maiatzaren 11n, 18an eta 25ean. Printzipioz, DBH3 eta DBH4 mailetako gazteentzat da deialdia, 14-16 urte bitartekoentzat. «Endika Barrenetxea erremontista Villabonako Zubimusu Ikastolan egon da eta Erniobea institutuan egongo da ere, eta horrek esan nahi du Aiztondo bailarako nerabe guztiek izango dutela informazioa eta aukera erremontearen nondik norakoak probatzeko».

Joxe Mari Barrenetxea Oriamendi enpresako zuzendariak azaldu duenez, «guk urteak daramatzagu erremontea sustatzen eta indartu nahian, eta horretarako behar beharrezkoak ditugu eskolak martxan jartzea. Behar Zanarekin akordio batera iritsi gara eskolak martxan jartzeko, haurrei gure modalitate maite hau azaltzeko, eta beraiek ere animatzeko probatu eta jokatzera». Erremonteari bultzada garrantzitsua emateko, gazteengana iritsi beharra dutela gaineratu du, eta Villabonan egingo diren saioak horiek «pauso ona» dela. «Villabonan egitasmo hau egingo dugun moduan, beste herri batzuetan gauza bera lortzeko asmoa dugu», esan du Barrenetxeak, eta gaineratu: «Garai batean izan ziren erremonteko pilotari galantak Villabonan, eta 80ko hamarkadan izan zen pilotari indartsuenetako bat Imanol Mujika billabonatarra izan zen. Berak emandako bultzadarekin jende asko animatu zen inguruko herrietatik erremontean jokatzera. Ea oraingo honetan ere horrelako zerbait lortzen dugun». Lizasok gogora ekarri du Mujika errebotean aritu zela, eta azkenean «uztargarriak» direla jokamolde guztiak.

Imanol Mujikak debuta egin zuen erremontean 1976 urtean eta 18 urtez aritu zen jokatzen. «Urterik onenetakoak izan ziren. Momentu ekonomiko gorabeheratsuak ere izan ziren, baina hala eta guztiz ere oso urte politak izan ziren erremontearentzako, eta orokorrean pilotarentzako», esan du. «Gure garaian pilotari dezente izan ziren Orio aldetik, Azpeitia aldetik, eta egia da Tolosaldetik ez zirela izan hainbeste erremontista. Villabonan badugu joko garbia eta errebotea, bi modalitate saskiarekin jokatzen direnak, eta niri modalitate horietan jokatzeak asko lagundu zidan gero erremontean jokatzeko». Erremontea erremintarekin jokatzen den jokamolde «ikusgarriena» dela esan du Mujikak: «Polita eta azkarra da, eta nik uste dut pena merezi duela probatzea eta saiatzea erremontean jokatzen. Badaude beste modalitate batzuk ere politak direnak, baina erremontea niretzat politena da» Gaztetxoei probatzera animatzen ditu: «Ikusi dezatela zer-nolako jokoa den, eta seguru probatzen badute jarraituko dutela».

Atzo arratsaldean egin zuten egitasmoaren aurkezpena, eta Joxe Mari Barrenetxea eta Iñaki Lizasoz gain, Eneko Amondarain Behar Zana elkarteko lehendakaria, eta hainbat erremontista egon ziren: Barrenetxea IV.a, Irazu, Odei, Ansa, Zaldua, Eskudero eta Goikoetxea.

Profesionalen partidak

Astelehenero Erremontari saioa izaten da ETBn, eta orain Erremontari Herriz Herri txapelketa martxan jarri da, hainbat herritan erremonteko partidak jokatzeko. Villabonan ere izango dira partidak, eta maiatzaren 27an egingo da, 18:00etan. Jaialdi hori Asteasuko Udalak, Adunako Udalak eta Villabonako Udalak babestu dute. Bertara joaten direnak, hurrengo astelehenean sarrera doan izango dute Galarretan. 

Bestalde, asteburu honetan Amezketan ere Erremontari Herriz Herri egitasmoko jaialdia egitekoa zen, baina atzeratu behar izan da, eta aurrerago jakinaraziko da noiz egingo den.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!