Janari bilketa egingo dute larunbatean, behar gehien dutenei emateko

Irati Saizar Artola 2023ko mai. 2a, 18:00

Elkartasun Sareak janari bilketa egingo du larunbat goizean, Villabonan; Malkar plazan eta Eroski parean izango da ekarpena egiteko aukera.

Elkartasun Sareak janari bilketa egingo du larunbat honetan Villabonan. Malkar plazan eta Eroski atarian egongo dira elikagaiak biltzen, 10:00etatik 14:00etara, eta bihartik larunbatera bitarte, herriko hainbat dendetan kutxak jarriko dituzte, nahi duenak bere ekarpena egiteko. 

Dinamika horrekin bat egin dute, besteak beste, herrian dituzten hezkuntza sareko bi komunitateek: batetik, Zubimusu ikastolak, eta, bestetik, Fleming herri eskolak. 

Villabonan, pobreziaren atarian «jende asko» bizi dela esan du Julen Zelarain, Elkartasun Sareko kideak. Iaz, esaterako, 1.236 janari lote banatu zituzten urtean zehar. Lote bakoitzean, pertsona batek behar dituen oinarrizko elikagaiak banatzen dituzte: besteak beste, arrautzak, haragia, patata, esnea, gailetak edota proteinak. Arroparen 169 lote banatu ziren iaz, bost prendarekin osatutakoa bakoitza. Gabonetan, 49 haurrek jaso zituzten jostailuak, bakoitzak launa jostailu. Eta 34 haurrek ikasketak burutzeko beharrezko materiala jaso zuten. Era berean, urtean zehar, altzariak, etxetresna elektrikoak, sukaldeko tresnak edota haurrentzako materialak banatzen aritu dira.  

Hori horrela, erabiltzaileen premia agerian uzteaz gain, ezkutuan dagoen errealitatea ere agerian jarri behar dela dio Zelarainek. «Ezin dugu beste aldera begiratu gure herrian bertan horrelako egoerak ematen direnean, gaiari heldu behar zaio eta denon zeregina». Herritarrei dei egin die bakoitzak bere aletxoa jar dezan larunbatean egingo den janari bilketan. 

Norbanakoen mesederako baino harago doan mesede eta behar bat badagoela esan du Elkartasun Sareko ordezkariak, herriko kohesioarena, hain zuzen: «Gizarte batean, bere barne osasun egoeraren neurgailu garrantzitsua da ea zenbateko kohesio soziala dagoen bere baitan. Herritarren artean desberdintasun sozialak zenbat eta handiagoak izan, gizarte horren osasun egoera orduan eta kaxkarragoa izango da», gehitu du. Egoera horri irtenbiderik jarri ezean, etorkizuneko arazo izan daitezkeela erantsi du Zelarainek. 

Ikastetxeen ekarpena

Elkartasun Sareak antolatzen duen janari bilketan eragile ezberdinen parte hartzearen garrantzia nabarmendu du Zelarainek, «nola ez, hezkuntza zereginetan dabiltzanena ere oso beharrezkoa da». Jesus Quesada Fleming herriko eskolako zuzendariak esan du eskolan «oso garbi» ikusten dutela «Amasa-Villabonako gizartearen beharrak geroz eta handiagoak» direla.

Zubimusu ikastolako irakaslea den Xabier Mikel Uitzik adierazi du bertako ikasleek jakin dutela herrian zer behar dauden, eta praktikara eramateko parada ona dela larunbateko ekimena. «Hezkuntzako eragileak garenez, solidaritatea eta elkartasuna bezalako baloreak lantzeko ditugu eta praktikara eramateko unea da». 

2020tik lanean

Norbanakoen bazterkeria egoerak nahiz gizarte eta lan arloko bazterkeria egoerak arintzeko, eta behar adina baliabide pertsonal, sozial eta ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea errazteko sortu zen Elkartasun Sarea 2020an. Udaleko gizarte zerbitzuetako sailarekin elkarlanean aritzen dira, eta horrela saiatzen dira elikagaiak eta oinarrizko beste beharrak bildu eta banatzen. 

Zelarainek azaldu duenez, ez dute beraiek erabakitzen elikagaiak nori banatu eta nori ez. «Udalean, gizarte larrialdietarako laguntza eskaintzen da, eta talde horretan dauden pertsonei banatzen diegu janaria». Azken urteetan, erabiltzaileen kopurua mantendu egin dela dio, baina taldea bera ez dela egonkorra: «Momentu jakin batean laguntza beharko du batek, baina egoerak aldatu egiten dira, lana bilatu duelako edota Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen hasi direlako esaterako». 

Azpimarratu du Elkartasun Sareak jasotzen duen janaria, arropa, altzariak, jostailuak eta eskolako material «ia guztia» Villabonako herritarrek emandakoa dela. Oiartzungo elikagai bankutik jasotzen dute beste zati bat, udalarekin duen hitzarmena dela eta. «Oso pozik gaude herriak ematen duen guztiagatik, txapela kentzeko moduko jarrera daukate». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!