ELKARRIZKETA

«Bertako basoaren defentsa egin nahi dut»

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 27a, 11:58

Eñaut Aiartzaguena Amasa-Villabonan ari da Geuretik Sortuak bekarekin egonaldia egiten. Baso ustiaketa eta monokultiboen inguruko kezka komiki batera eramateko proiektua aurkeztu du.

Aurrena Onddolar, Aranerrekako bazterrak ondoren, Kanaletako ibilbidea gero eta azkenik Loatzoko bazterrak ezagutu ditu Eñaut Aiartzaguena Bravok (Iurreta, 1988). Egonaldiaren bigarren astean zirriborratuko du Amasa-Villabonan ikusi eta ikasitakoan oinarrituta osatuko duen komikia.

Zer moduzko harrera egin dizute Amasa-Villabonan?

Harrera oso-oso ona. Etxean sentitu naiz hasieratik. Udalekoak eta ingurukoak oso prest sumatu ditut laguntzeko, azpiegiturak jarri dituzte nik eroso lan egin dezadan. Oso gustura nabil.

Komikilari gisa zein ibilbide egin duzu orain arte?

Marrazkigile naizela esaten dut, komikigile baino gehiago. Euskal Herrian eta euskaraz bakarrik lan eginda, komikitik bizitzea ia ezinezkoa da. Marrazkien inguruan ateratzen diren proiektu ezberdinei heltzen diet: ilustrazioak, diseinu lanak, komikiak... Niri beti gustatu izan zait istorioak kontatzea eta hori marrazki bidez egiteko komikia baino tresna hoberik ez dago.

Bizimodua marrazkigintzatik ateratzen al duzu?

Saiatzen naiz. Nik Arte Ederretako ikasketak egin ondoren, beti tartekatu izan ditut bestelako lanak, hezkuntza ez formalaren alorrean ibili izan naiz dezente. Duela zazpi urte, autonomo bezala izena eman eta marrazkilari bezala bizimodua ateratzeko hautua egin nuen. Probatu nahi nuen ea horretarako gai ote nintzen. Horretan nabil ordutik. Aberastu ez gara egiten lanbide honekin, baina gustura nabil.

Zergatik eman duzu izena Geuretik Sortuak bekan?

Aurtengo bekaldian komikiak kontuan hartuko zituztela esan zutenean argi xamar eduki nuen hor egon behar nuela. Iruditzen zitzaidan nire proposamena, behintzat, aurkeztu behar nuela. Udalbiltzaren beka hau oso baldintza eskuragarrietan sortutakoa da, eta bereziki, nire tankerako sortzaileei bideratutakoa da. Autonomo gabiltzanon ezegonkortasuna eta sortzaileon lan baldintza prekarioak arindu eta bultzadatxo bat ematen digute horrelakoek.

Zertan jarriko duzu arreta Amasa-Villabonan egingo duzun egonaldian?

Beka deialdi honen gauzarik kuriosoena da egonaldia non egingo duzun jakin aurretik agertu behar duzula zein den zure interesgunea. Ni baso ustiaketak, ingurugiroak, klima aldaketak eta kontu guzti hauek kezkatzen naute. Egin nahi nuke komiki bat bertako basoaren defentsa egin eta monokultibo landaketen masiboen kontra egiteko. Horren inguruko proiektua aurkeztu nuen eta gero pentsatu nuen, beka jasoz gero, egokituko nuela gai hori esleitzen zidaten udalerrira.

Amasa-Villabonara egokitzeko zure hasierako asmoa asko moldatu behar izan duzu?

Ez hainbeste. Ni Iurretakoa naiz eta Durangaldean dugun egoera eta hemengoaren artean alde nabarmena dago. Han gehiena pinua eta eukaliptoa da. Esajeratua da. Hona gerturatu nintzenean ikusi nuen azken urteetan landaketa batzuk egin dituztela eta bertako basoa berreskuratzeko lanak egin direla. Nire kezka zen nik nekarren hausnarketa hemen dagoeneko egina dutela lehenagotik. Hemengo herritarrekin, udal ordezkari eta ingurumen teknikariekin hitz egin ondoren azpimarratu didate oraindik ere badagoela beharra gai honekin jendea kontzientziatzeko.

Naturari zure komikian, mitologiaren osagaia ere gehitu nahi diozu. Zergatik?

Nire marrazki estiloari begiratuz gero, gehienbat umeei bideratutako komikiak dira egiten ditudanak. Polita iruditu zitzaidan pertsonaia mitologikoak hartu eta horren bidez istorioa bideratzea. Zunbeltz elkartekoei galdezka ibili nintzen. Olentzeroren bide horren inguruan aritu zitzaizkidan, solstizio garaian egiten dituzten ekimenak edo gau beltzaren bueltakoak aipatu zizkidaten. Dena ezingo da sartu, baina baliatu nahiko nuke pertsonaia mitologiko horietako bat komikian agertzeko. Egunotan herriko ikastetxeko ikasleekin egon nahi nuke. Komikiko pertsonaiak diseinatzen lagundu diezadaten.

Zein teknika erabiliko duzu komikia egiteko?

Beti marraztu izan dut eskuz, arkatza urdinarekin, gero errotuladore beltzarekin errepasatu eta ordenagailura pasatzen dut bertan koloreztatzeko. Hemengo lana horrela burutuko dut. Enkargu eta ordainpeko lanetarako, nahiago dut papera, arkatza eta errotuladorearekin aritu.

Geuretik Sortuak bekaren deialdi honetan bost komikigilek hartzen duzue parte. Zeren isla dela uste duzu?

Poztekoa da. Azkeneko urteetan agerian geratu da komikigintzak baliabide aberatsak dituela, badituela bitartekoak kontakizunerako baliagarriak direnak eta esango nuke genero hau boladan dagoela. Uste dut eskertu behar zaiola Mattini ausardia. Aurreko deialdian idazle bezala izena eman eta liburu ilustratu bat aurkeztu zuen azkenean. Errebeldia ariketa bat izan zen, baina bidea zabaldu zigun gainerakoei aurtengo deialdirako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!