Gaur egungo beharretara egokituko dute udal liburutegia

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 26a, 07:58

Amasa-Villabonako Sebastian Insausti udal liburutegia eraberritzeko 195.000 euroko inbertsioa egingo du udalak; garai berrietara egokitu nahi dute espazioa

Idazketa prozesuan dago Amasa-Villabonako udal liburutegia eraberritzeko proiektua. Aurtengo aurrekontuan 195.000 euroko diru saila gordea dute inbertsio hau gauzatzeko eta urtea amaitu baino lehen obra proiektuaren idazketa eta exekuzioa onartu nahi dituzte lanekin lehenbailehen hasi ahal izateko. Udaleko Hirigintza arloko zinegotzi Xabat Labordek lan hauen helburuen berri eman du: «Kontua ez da espazio polit bat eraikitzea bakarrik. Erabiltzaile kopurua handitzeko bokazioarekin, zerbitzuak zabaltzeko aukera emango ligukeen azpiegitura bat sortu nahi genuke, herritarren artean irakurzaletasuna zabaltzeko, kultur sorkuntza sustatzeko eta haurrek elkartzeko toki bat izan dezaten».

Sorkuntzarako eta parte hartzeko espazio irekia izateaz gain, ikasteko eta sormena sustatzeko topagunea sortuko dute, udal ordezkariak aipatu duenez, «pentsamendu kreatiborako gune berria, alegia». Horretarako zabaldu egingo dute udal liburutegiak gaur egun duen azalera, 175 metro karratutatik 277 metro karratutara. «Hiru espazio berri sortuko ditugu: haur txoko dinamiko bat; kontsulta, hemeroteka eta prentsa gune bat; eta ikasgela independente bat, aparteko sarrera izango lukeena eta liburutegia itxita dagoenean ere bertara ikastera joateko aukera emango lukeena».

Liburutegiak udaletxe azpiko arkupeetako zati bat hartuko du eta horrek egokitzapenak egitea eskatuko du. Egitasmoa, iaz Nara Studioko Jaione Aranburu barne diseinatzaileak idatzitako aurre-proiektuan dago oinarrituta eta Hirigintza batzordean alderdi politiko guztien adostasuna du. «Pozik gaude eraberritzeko proiektu honekin. Liburutegietan lan egiten duten herritar batzuk ere hartu dute parte prozesuan eta ekarpenak egin dituzte, haiek baitute horrelako zerbitzuen inguruko ezagutza zabalagoa», esan du Labordek.

1988an, udal eraikina berritu zutenean ezarri zuten Sebastian Insausti udal liburutegia udaletxeko bebarruan eta ordutik ez dute bertan ia berrikuntza lanik egin. «Aspaldi xamarretik ikusten genuen berritzeko beharra. Urteak daramatza oso eredu antzekoarekin, oso zaharkituta. XX. mendeko ereduari jarraitzen dio eta liburu eta entziklopedia asko daude bertan. Gizartean eman diren aldaketek, Internetek eta teknologia berriek, agerian utzi dute eguneratzeko beharra», esan du Hirigintza zinegotziak.

ZERBITZUARI EUTSIKO DIOTE

Une honetan idazten ari diren obra proiektuan zehaztuko dira lanak zein denboratan eta zein fasetan banatuta egingo dituzten. Horren arabera erabakiko dute udal arduradunek nola mantendu zabalik zerbitzua. Labordek nabarmendu duenez, euren asmoa da obrak irauten duen bitartean liburutegiko zerbitzu batzuk zabalik mantentzea: «Konplikatua izango da presentzialki publikoari zabalik mantentzea, baina ahalegina egingo dugu zerbitzua erabat ez eteteko. Behintzat liburuak maileguan eramateko aukera bermatu nahi genuke. Obra proiektuaren arabera zehaztuko dugu hori guztia».

Gaur egun bi udal langile aritzen dira liburutegian eta aurrerantzean ere pertsonalaren arloan kopuru hori mantentzea aurreikusten du Labordek. «Uste dugu baliabide pertsonal nahikoa badela, baina hori bai, langile hauen zereginak eta funtzioak neurri batean aldatu egingo dira. Kultur dinamizazioaren aldetik beste funtzio batzuk gehituko zaizkie langileei eta horretarako formakuntza aldetik ahalegina egin beharko dugu». Obra proiektua onartu eta lanak esleitu ondoren, 2023a amaitu baino lehen egokitzapen lanekin hasi nahi dute udal ordezkariek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!