Eneko Maizek Lehen Mailako Binakako Txapelketako finala jokatuko du

Ataria 2023ko apirilaren 24a

Eneko Maiz eta Luis Sanchez binakako txapelketako finalerdia irabazi ondoren.

Luis Sanchez egungo banakako txapeldunarekin bikotea osatuz, Etcheverria-Ducassou bikoaren aurka jokatuko du finala pilotari billabonatarrak, igandean, 11:00etan hasita, Baionako trinketean. Historian lehen aldia izango da Hego Euskal Herriko pilotari batek, eta aldi berean Hego Euskal Herriko bikote batek, binakako finala jokatuko duena.

Jada erabakita dago Trinketeko Lehen Mailako Binakako Txapelketako finala. Maiz-Sanchez eta Echeverria-Ducassou bikoteek jokatuko dute. Azken hauek Larralde-Iphar menderatu zituzten Pauen: 40-8. Maizek eta Sanchezek, berriz, 40-21 irabazi zuten Ospital-Etchegoin bikotearen aurka, Angelun. Historian lehen aldia izango da Hego Euskal Herriko pilotari batek, eta aldi berean Hego Euskal Herriko bikote batek, binakako finala jokatuko duena.

Joko ia perfektua egin zuten partida osoan zehar billabonatarrak eta nafarrak, huts gutxi eginez eta hasieratik erritmo altua ezarriz. Ospitalek eta Etchegoinek ahal izan zutena egin zuten aurkarien erasoei erantzuteko, eta partidaren lehen zatian alde handia izan zen markagailuan: 20-6. Bigarren zatian ere, Maizek eta Sanchezek ez zien aukerarik eman eta 40-21 nagusitu ziren.

Bikote indartsua osatzen dute Etcheverriak eta Ducassouk; arestian esan bezala, finalerdietan 40-8 hartu zituzten mendean Larralde eta Iphar. Hain justu, Luis Sanchezek, Ducassouren aurka irabazi zuen aurten banakako txapelketako finala, eta iaz, biak izan ziren aurkari Munduko Txapelketako finalean; Sanchezek min hartu eta finala utzi behar izan zuen. Txapelketa berean, Maizek eta Javier Luquinek binakako finala galdu zuten Larralderen eta Ducassouren aurka. Final gogorra espero da, beraz, igandean. Jada salgai daude partida ikusteko sarrerak, esteka honetan.

Maiz-Sanchez vs Ospital-Etchegoin partidako tantoak:

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!