Hassan Ait Chaou eta Oihana Zubillaga izan dira azkarrenak Loatzoko Igoeran

Leyre Carrasco 2023ko apirilaren 23a

63 korrikalarik parte hartu dute gaur jokatu den Loatzoko Igoera-Jaitsieraren 29. edizioan. Helmuga zeharkatzen lehenak izan dira billabonatarra eta anoetarra.

Korrikalariak 10:30etan Amasatik abiatu dira, eta 9,73 kilometro egin behar izan dituzte, 540 metro inguruko desnibelarekin. 631 metrora dagoen Loatzo mendira igo ostean, Amasan bertan dagoen helmugara itzuli dira. Guztira, 63 korrikalarik parte hartu dute, baina Hassan Ait Chaou billabonatarra eta Oihana Zubillaga izan dira azkarrenak helmuga zeharkatzen.

Billabonatarrak 44 minutu eta 54 segundo behar izan ditu Loatzo igo eta jaisteko. Segundu gutxira helmuga zeharkatzen bigarren izan da Iker Eceiza ibartarra, 00:45:30 denborarekin. Hirugarren postuan sailkatu da Eneko Gurutxaga, 47 minutu eta 31 segundoko denborarekin. Azken hau izan da helmuga zeharkatu duen lehen herritarra, gainera.

Zubillagak jantzi du emakumezkoen sailkapenean txapela, eta berak 53 minutu eta 38 segundo behar izan ditu lasterketa amaitzeko. Honek ere Leire Elola tolosarra izan du atzetik, eta bi minutu beranduago zeharkatu du helmuga bigarren postuan sailkatuz. Hirugarren Irene Iturria sailkatu da, 57 minutu eta 18 segundoko denborarekin.

Amasako gazteek eta Uxo Toki elkarteak antolatu dute lasterketa, eta amaieran, guztiek hamaiketakoa egin dute Uxo Toki elkartean.

SAILKAPENA

Gizonezkoak

  1. Hassan Ait Chaou, 00:44:54
  2. Iker Eceiza, 00:45:30
  3. Eneko Gurutxaga, 00:47:31

Emakumezkoak

  1. Oihana Zubillaga, 00:53:38
  2. Leire Elola, 00:55:25
  3. Irene Iturria, 00:57:18

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!