Mendi lasterketa batean lehen aldiz aritzeko aukera «polita»

Imanol Garcia Landa 2023ko api. 19a, 20:38

Iazko Loatzo Igoera-Jaitsieraren une bat. XABI ZABALA

Amasarrek antolatzen duten Loatzoko Igoera-Jaitsierak aurten 29. aldia izango du. Igandean egingo da, eta ohiko moduan ia hamar kilometroko ibilbidea izango du.

Loatzoko XXIX. Igoera-Jaitsiera antolatu dute igande honetarako, apirilaren 23an, Amasan. Ia 30 urtez antolatu dute, beraz, mendi lasterketa Uxo-Toki elkarteak eta Amasako Martina Kultur Elkarteak. «Urte mordoa da antolatzen hasi zirela, eta hor jarraitzen dugu», esan du Kepa Nazabal antolakuntzako kideak. «Ez da oso luzea, eta ez da ere teknikoa, eta asfaltoan korrika aritzen denarentzako ere mendia probatzeko aukera polita izan daiteke».

Proba 10:30ean hasiko da eta ibilbidea ohikoa izango da: Amasako plazatik aterako dira korrikalariak, Aranerreka aldera jaitsiko dira, eta hortik zuzenean Alustiza baserrira doan bidezidor batetik igo dira, eta gero Loatzoko gailurrera iritsiko dira. Gero, Belabieta aldetik igaro eta Amasara jaitsiko dira. Guztira 9,730 kilometro egingo dituzte, eta 540 metro inguruko desnibela izango dute. Igoera pikoagoa da jaitsiera baino, hiru kilometrotan Loatzoko gainera igoko direlako. Lasterketa ezagutzen ez dutenentzat aholkua eman du Nazabalek: «Hasieran dena ez emateko. Gero, bukaeran, pista luzea da eta sufritu egiten da. Jende gutxiago izaten da jaitsierako parte horretan, eta beheraldia emateko aukera gehiago izaten da».

IZEN EMATEA, EGUNEAN BERTAN

Parte hartzea doan da, eta egunean bertan egiten da izen ematea. 09:00etan irekiko da aukera Amasako Uxo-Toki elkartean. «Beti jarri izan dugu egunean bertan izena emateko aukera, eta horri eusten diogu», azaldu du Nazabalek. Parte hartzen dutenek hamaiketakoa hartzeko aukera izaten dute proba amaitu eta gero. «Loatzoko gainean ere salda eta mokadutxo bat eskaintzen dugu, kasu horretan ikusten eta animatzen ari den jendearentzat. Korrikalarientzat ura izaten da, baina hamaiketakoa egiteko denborarik ez dute izaten», zehaztu du Nazabalek.

Lehen hirurentzako, emakumezkoetan zein gizonezkoetan, sariak izango dira: lehenengoek 120 euro eta txapela jasoko dute, bigarrengoek 80 euro eta hirugarrenek 50 euro. Parte hartzaileen zerrenda aurretik ezin daitekeenez jakin, zaila da jakitea faboritoak zein izango diren. Aurreko urtean 70 parte hartzaile inguru izan ziren, eta antolakuntzatik «kopuru polita» dela diote. «Eguraldiak ere eragin handia izaten du. Egunean bertan ematen denez izena, igandean zer eguraldi egingo duen begira egoten dena ere izango da», dio Nazabalek.

Antolakuntza lanetan hamar bat lagun elkartzen hasten dira, eta gero egunean bertan herritar ugari izaten dela lanean nabarmendu du Nazabalek: «Bidea markatzen, hamaiketakoa prestatzen, hamaiketakoa Loatzora igo eta banatzen... Herri osoa aritzen dela esan daiteke. Guztion parte hartzea beharrezkoa eta eskertzekoa da hau aurrera ateratzeko. Eta, noski, etxe laguntzaileei ere eskertu behar zaie beren ekarpena».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!