Eiffel dorrearen bila, Amasa-Villabonan

Ataria 2023ko api. 17a, 11:00

Oria merkatarien elkarteak promozio bat jarriko du martxan Pariserako bidaia bat eta Madrilgo Warner parkerako sarrerak zozketatzeko.

Amasa-Villabonako Oria merkatarien elkarteak sustapen-kanpaina berri bat jarri du abian udaberri honetarako, Parisen girotua, eta bere sinbolorik ikonikoena, Eiffel dorrea, protagonista duena.

Apirilaren 18tik ekainaren 4ra luzatuko da kanpaina, eta alde batetik, helduei zuzendutako Bonjour Paris zozketa dago. Kasu honetan, elkarteak Amasa-Villabonako saltoki txikian erosketak egiteko gonbidapena egiten die herritarrei, eta erosketa bakoitzaren truke txartel bat emango zaie. Txartel hori datu pertsonalekin bete beharko da, ondoren, bi lagunentzako Pariserako bidaia baten (trenez eta hotelean bi gau) zozketan parte hartzeko; zenbat eta erosketa gehiago egin, orduan eta aukera gehiago saria irabazteko.

Bestalde, haurrei Eiffel dorrearen bila jolasean parte hartzea proposatzen diete; egunero Eiffel dorrearen maketa bat merkataritza-erakusleiho batean aurkitzea izango da helburua. Aurkitzen duenak, establezimendura sartu eta bere datuak utzi beharko ditu zozketan parte hartzeko. Kasu honetan, saria Madrilgo Warner parkerako sarrerak (bi heldu eta haur bat) eta hoteleko gau bat izango dira.

Bi kasuetan, zozketak ekainaren 5ean, astelehena, egingo dituzte, 13:30ean, Villabonako Berdura plazan. Oria merkatarien elkarteak herriko dendetan erosketak egitera gonbidatu ditu herritarrak, «kaleak eta udalerria bizirik mantentzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!