Aurtengo Lasterbidean egitasmoan parte hartzeko deialdia egin dute

Ataria 2023ko api. 15a, 17:14

Lasterbidean elkartasun herri ekimeneko kideak eta Etxerat elkarteko euskal preso eta iheslarien senideak batu dira gaur Villabonako Errebote plazan, aurtengo ekainaren 3ko edizioa aurkezteko.  

Leku egokia iruditu zaie plaza hori, «modu publikoan, aurtengo Lasterbidean iragartzeko. Izan ere, lau haizetara zabaldu nahi dugulako elkartasun lasterketa nazionala Gipuzkoara bueltatzen dela, pandemiaren urte zailak atzera utzita eta iazko Kanpezuko edizio arrakastatsuari jarraiki». Aro berria zabaldu dela azaldu dute: «Euskal preso politikoak Euskal Herriko espetxeetan daude. Hobeto gaude, baita senideak eta gertukoak ere, baina haiek mantentzen duten salbuespeneko politikarekin amaitzeko, oraindik ere, jendartearen lana eta mobilizazioa ezinbestekoa dugu, blokeo zentzugabe hori desblokeatzea lortzeko».

Oraindik «salatzeko egoerak» badirela diote, Lasterbideaneko kideek ekimena sortzean mahai-gaineratu zuten bezala. «Azken errepresaliatua etxeratu arte, zereginik egongo da; beraz, esperantzaz eta determinazioz ekiten diogu gure lanari». Lasterbidean ekimenaren logoa egokitu dute egoera berriaren baitan: «Ez dugu maparik behar, baina, geziek erakutsi diguten bideari jarraikiz, Etxera! leloa egia bihurtzen hasteko unea da, baita korrika eginez ere».

Iaz bezala, igandean beharrean, larunbat batean ospatuko dute 2023ko edizioa. Aurten ere, bi lasterketa izango dira. Korrika egitera animatzen direnak 7,8  kilometroko distantzia egiteko prestatu beharko dira. Laburra egingo dutenek, aldiz, 2,6 km egin beharko dituzte. Lasterketen ostean, ohitura denez, sari banaketari eta ekitaldiari tartea utziko diote. Herri bazkariari ere garrantzia eman nahi zaio, jendarteak duen elkartzeko eta partekatzeko beharrari «modu lasai batean gozatzeko aukera ematea ezinbestekoa dela» uste dutelako. Hori horrela, 600 pertsonentzako bazkaria prestatuko dute aurtengoan, Amasa-Villabonan. Eguna amaitzeko, musikaz girotuko dute herriko plaza: XSakara, McOnak eta DJ Bullek kontzertua eskainiko dute.

Lasterbidean 2023ko lasterketako izen ematea jada zabalik dago, internet bitartez Lasterbidean.eus webgunean aurretik eta egunean bertan, ekainaren 3an alegia, Villabonako kiroldegian. Herria «euskal herritar guztiak beso zabalik jasotzeko prest dagoela» jakinarazi nahi dute, eta parte hartzea deia egin dute: «Pausoak ekarri dezake pausoa. Datorren ekainaren 3an denok Amasa-Villabonara kirola eta elkartasuna uztartzera! Etxera!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!