Eneko Maizek Maila Goreneko Binakako Txapelketako finalerdia jokatuko du

Ataria 2023ko apirilaren 12a

Luis Sanchezekin bikotea osatuz, Frantziako Federazioak antolatutako txapelketa jokatzen ari da pilotari billabonatarra, Ipar Euskal Herriko trinketetan. Multzoen fasean, bost partidetatik lau irabazi dituzte; azkena, pasa den larunbatean, Darmendrail-Saint Paul bikotearen aurka, 40-12.

Txapelketa bikaina egiten ari dira Maiz eta Sanchez. Lehen jardunaldiko partida galdu eta gero, ondorengo laurak irabazi dituzte, ia denak nagusitasunez, gainera. Pasa den larunbatean jokatu zuten multzoen faseko bosgarren eta azken jardunaldiko partida, Darmendrail-Saint Paul bikotearen aurka, Garindaineko trinketean; 40-12 irabazi zuten Maizek eta Sanchezek.

Honako hauek izan dira txapelketan lortu dituzten emaitzak:

  • 1. jardunaldia: Maiz-Sanchez 31-40 Ospital-Etchegoin.
  • 2. jardunaldia: Maiz-Sanchez 40-20 Etcheverry-Lambert.
  • 3. jardunaldia: Maiz-Sanchez 40-28 Héguy-Ducassou.
  • 4. jardunaldia: Maiz-Sanchez 40-22 Larralde-Iphar.
  • 5. jardunaldia: Maiz-Sanchez 40-12 Darmendrail-Saint Paul.

Emaitza hauei esker, multzoko lider amaitu dute Maizek eta Sanchezek, eta apirilaren 21ean jokatuko dute finalerdia, Ospital-Guichandut bikotearen aurka, Angeluko trinketean. Beste finalerdia, Larralde-Iphar eta Etcheverria-Ducassou bikoteek jokatuko dute, egun berean, Pauen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!