«Plataforma antzerkian gorputza erabiltzea da garrantzitsuena»

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 5a, 07:59

Gaizka Sarasua eta Oihan Carramiñana billabonatarrak Donostiako TAE antzerki eskolako ikasleak dira eta Kalte Kolektiboan parte hartzen dute; Bilboko Antzerki Arinen 10. Jardunaldietan ‘Fikziohesioa’ obra aurkeztu dute arrakasta handiz

Martxoaren 24tik 26ra Pabellon 6 Arte Eszenikoen Sortzaileen Elkarteak antolatutako Antzerki Arineko 10. Jardunaldietan aurkeztu du Kalte kolektiboak Fikziohesioa obra. Kolektiboan parte hartzen dute Oihan Carramiñana Zalduak (Villabona, 2004) eta Gaizka Sarasua Sorondok (Villabona, 1995). Gogoz daude antzerki obra leku gehiagotan emateko.

Zer moduzko harrera izan du antzerki lanak bere estreinaldian?

Gaizka Sarasua. Ona. Egia esan oso pozik gaude, oraindik sinetsi gabe. Lanean segitzeko gogoa ematen digu harrera honek.

Oihan Carramiñana. Oso feed-back ona izan dugu eta pozik gaude egindako lanarekin.

Zuen buruak aurkeztuko al dizkiguzue?

Sarasua. Billabonatarra naiz eta 25 urterekin hasi nintzen antzerkia ikasten Donostiako TAE Taller de Artes Escenicas delakoan. Ordutik buru belarri nabil antzerki munduan.

Carramiñana. Duela bizpahiru urte Binai akademian hasi nintzen antzerkia ikasten. Gustatu eta aurten pauso bat aurrerago ematea erabaki dut, TAEn izena emanez. Oso pozik nabil. Oinkarin ibili izan naiz eta futbolean ere banabil Billabona FKEn.

Elkar ezagutzen al zenuten aurretik?

Sarasua. Nik Oihan ezagutzen nuen Oinkarin dantza egiten duen lagun bat badudalako. Hortik eta kaletik elkar ezagutzen dugu.

Carramiñana. Ezagutu bai, baina pertsonalki ez dugu ia harremanik izan orain arte.

Donostiako TAEn elkar egin zenuten topo. Zer eskaintza egiten dute bertan?

Sarasua. Hiru urteko ibilbide bat eskaintzen dute. Lehen kurtsoan antzerkiarekin aurreneko hartu-emana izaten duzu eta inprobisazioak lantzen dituzu. Garrantzitsua da kurtso hori antzerkian talde baten kohesioa ezinbestekoa delako eta aukera izaten duzulako talde sentimendu hori lantzeko. Bigarren kurtsoan testu landuagoak jorratzen dira eta dantza ere bai. Hirugarren kurtsoan nabil ni eta azken ikasturtean ikasleok antzerki obra bat prestatzen dugu, euskaraz eta gaztelaniaz.

Nola elkartu zineten taldekideak obra hau muntatzeko?

Sarasua. Berezia izan zen. Ander Lacalle gure taldekideak jakin zuen Pabellon 6 elkartean Antzerki Arineko jardunaldiak antolatzen zirela eta han parte hartzeko proposamena egin zigun. Lehen momentutik baiezko erantzuna eman genion eta asteburu horretan bertan hasi ginen entseatzen eta aurkeztuko genuen obra prestatzen.

Zenbat denbora behar izan duzue obra prestatzeko?

Carramiñana. Bizpahiru hilabete. Eskolan astegunez arratsaldero elkartu gara eta ostiral eta larunbat goizetan ere entseatu izan dugu. Data gerturatu ahala zerbait indartu beharra zegoela ikusten bagenuen klaseak hasi aurretik beste tartetxo bat hartzen genuen entseatzeko.

Zer izan da lehendabizi 'Fikziohesioa' obra edo Kalte kolektiboa?

Sarasua. Antzerki lana izan zen aurrena eta gero iruditu zitzaigun ibilbide luzeago bat eman geniezaiokeela honi. Iholdi Beristain Martinezek, Ander Lacalle Perezek, Omar Somai Lasak, Eider Villalba Arrietak eta biok osatzen dugu taldea.

Nolakoa izan da antzerki lanaren sormen prozesua?

Carramiñana. Sormen kolektiboa izan da. Gure emanaldia pelikula batzuen pasarteetan dago oinarrituta. Lehenengo pausoa izan zen filmak aukeratzea. Gutako bakoitzak pelikula baten proposamena eramaten zuen entsegu lokalera, eszena moduko bat, eta horrekin lanean hasten ginen. Gertatu izan zaigu gure artean eztabaidatzea eta ari ginenaz hitz egiten hastea eta azkenerako blokeatzea. Dena errazago atera zaigu proposatutako irudi hori gorpuztu eta taularatzen hasi garenean.

Nola azalduko zenukete hitz gutxitan zer den obra honetan  kontatzen dena?

Sarasua. Antzerki honek duen berezitasuna da denon artean sortzen ditugula argazkiak. Harritu egiten da jendea ikusita nola iristen garen horraino. Oso ezagunak diren pelikuletan oinarritzen dugu gure lana. Filmak ikusi gabe dauzkanak erraz identifikatzen ditu eta euskaraz ez dakienak ere ulertzen du zertaz ari garen.

Nola taularatzen duzue hori guztia?

Sarasua. Gure gorputzak erabiltzen ditugu, hitz batzuk ere bai eta soinuak ateratzen ditugu eszena girotzeko. Urarena, haizearena... gure ahoarekin egiten ditugu hots horiek denak.

Carramiñana. Plataforma antzerkian gorputza erabiltzea da garrantzitsuena. Obra girotzeko gure esku dauden baliabideak erabiltzen ditugu. Oso neurri txikiko plataforma batean kabitzen gara sei aktoreak.

Koordinazio handia eskatzen du horrek, hala ere, zuek obra aurkezteko hau diozue: 'Bazen behin kohesiorik gabeko antzerki talde bat'. Nola ulertzen da hori?

Sarasua. Bai, hortik dator antzerki obraren trama. Antzerki talde bat da taula gainean ikusten dena eta ustezko zuzendari batek aktore horiei esaten die ez duela kohesiorik ikusten euren artean. Aktoreek beren kabuz kohesio hori nola landu pentsatzen hasten dira eta hor abiatzen da obra.

Antzerki laburra da. Abantailarik ba al du horrek?

Sarasua. Ez dakit. Ez nuke esango errazagoa denik taularatzeko. Bi orduko pelikulak hartu ditugu oinarri bezala eta hori laburbiltzea zailtasun handiko lana da. Kondentsatuta agertzen da guztia. Obrak guztira 15-20 minutu inguru irauten ditu. 

Gustatuko litzaizueke leku gehiagotan ematea?

Carramiñana. Bai. Ari gara emanaldiak lotu nahian. Gure helburua obra herrietan mugitzea da. Proposamenetara zabalik gaude. Antzerki laburrak ez dira ohikoak, baina espero dugu jendeak egindako lana erakusteko aukera ematea.

Sarasua. Espazio ezberdinetara egokitu daitekeen obra da. Kalte kolektiboak badu Instagram kontua eta hor jarri daiteke jendea gurekin harremanetan bere herrira edo auzora eraman nahi bagaitu, bestela, gure posta elektronikora idatz dezake jendeak: kaltekolektiboa@gmail.com.

Zer ikasi duzue esperientzia honetatik?

Carramiñana. Nik plataformaren teknika hau ez nuen ezagutzen eta taldekideei esker deskubritu dut. Lagundu dit gorputzaren adierazpena lantzen.

Sarasua. Nik talde baten parte izaten ikasi dut. Noiz egin behar duzun ekarpena eta noiz egon behar zaren isilik. Albokoari entzuten ere ikasi dut. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!