ELKARRIZKETA

«Koaderno hauetan nire parte handi bat doala iruditzen zait»

Jon Miranda Labaien 2023ko api. 14a, 07:59

Helena Agell Argillés argazkilari eta koadernatzailea. J. MIRANDA

Argiarekin jolastea eta prozesu berriekin esperimentatzea gustatzen zaio Helena Agell Argillés argazkilari eta koadernatzaileari; zianotipia eta serigrafia erabiltzen ditu koadernoak diseinatzeko.

Garai bateko diapositibak eskaintzeko makinak eragindako hotsak oilo ipurdia eragiten dio Helena Argell Argillési (Bartzelona, 1971). Txikitatik izan du argazkilaritzarekiko interesa eta beti eman diote arreta liburuek. Papera ukitu eta usaintzeak zirrara berezia eragiten dio oraindik ere. Sentitu egiten ditu sortutako piezak eta beretik parte handi bat daramatela uste du.



Beti jardun izan duzu artisau bezala lanean?

Bartzelonan bizi nintzenean kultur kudeaketaren arloan egiten nuen lan. Aurrena ikasle bezala ezagutu nituen han gizarte etxe bezala ezagunak direnak. Argazkilaritzari eskainitako Francesc Catala-Roca espazioan hasi nintzen. Tailerrak eta konferentziak egiten zituzten eta orduan eman nituen lehen pausoak laborategian. Ikasle bezala hasi nintzen. Ordezkapen bat egiteko aukera eskaini zidaten aurrena eta irakasle izaten bukatu nuen azkenean. Batez ere, foto-kazetaritza arloan egiten genuen lan espazio horretan. Klaseak ematen hasi eta gero erakusketen antolakuntza eta kultur kudeaketako hainbat arlo ezagutu nituen, bai Francesc Catala-Roca espazioan, baita beste zenbait gizarte etxeetan ere. Programazio eta antolaketa lanak egin nituen ia 20 urtez. Gero, hango lana utzita, hona etorri nintzen bizitzera 2016an.

Nondik dator argazkilaritzarekiko zure interesa?

Nahiz eta lan egiten nuen Bartzelonako argazkilaritza espazioa foto-kazetaritzan espezializatuta egon, ni ez nintzen sekula ausartu pauso hori ematera. Argazkilari bezala, bataio, jaunartze eta ezkontzetako erreportajeak egin izan nituen gaztetan. Nik behar nuen beste denbora pausatuago bat argazkiak ateratzeko. Laborategian aritzea izugarri gustatzen zitzaidan, argazkia lortzeko magia horrek txunditzen ninduen. Horregatik argazkilaritza digitalaren aroa etorri zenean, deseroso sentitu nintzen, behea jo nuen. Digitalean argazkia ez dut berdin ateratzen, inondik inora. Garai batean analogikoan ateratakoak begiratzen ditut eta ez dute zerikusirik digitalean ateratakoekin, ez enkoadraketari ez ezeri begiratuta. Niri kamara zaharren mekanikotasun horrek erakartzen nau.



Eta digitalak dakartzan aukerak ez dituzu baliatzen?

Hainbestekoak dira aukerak, neure buruarekin galdetzen diodala: «Zeinekin geratu?». Asko kostatzen zait erabakiak hartzea eta gaur egungo gizartean hainbeste irudi dauzkagu aukeran... Horregatik nahiago dut argazkilaritza egiteko beste prozedura batzuetan jardun; argazki prozesu alternatiboak ikertzen nabil eta eskulanean sakontzen. Zianotipiarekin lan egin izan dut, adibidez, irudi horiek sortu ahal izateko.

Zer da zianotipia?

Prusiar urdin koloreko kopiak egiteko argazki-prozedura monokromoa da. Teknika horren bidez, irudi originalaren negatiboa lortzen da, zianotipia izenekoa. Nahikoa erraza da egiten. Ez da laborategi bat behar. Emultsio batekin eta eguzkiaren argiarekin nahikoa da. Hemen Euskal Herrian faltan botatzen dudana argia da. Leihora irten, ustez, argi nahiko dagoela iruditu eta dena preparatzerako berriro ere ezkutatzen zait eguzkia. Dena den, liluragarria da mundu hau. Konforma zaitezke zianotipia sinple batekin, baina nahi izanez gero esperimentatu dezakezu hezetasunarekin eta beste zenbait elementurekin. Niri urdina gustatzen zait baina nahiago ditut kolore berdeagoak edo horiagoak. Horretarako kafe edo te ezberdinekin tindatzen ditut oihalak.

Zertarako erabiltzen dituzu zuk zianotipiarekin lotutako irudi horiek?

Irudiak sortzen ditut koadernoen azalak egin ahal izateko. Zianotipia eta serigrafia erabilita sortzen ditut irudi horiek. Orain konturatzen naiz argazkilaritza aitzakia bezala erabili izan dudala liburuxkak edota koadernaketarekin zerikusia duten materialak sortzeko.

Zein motibo erabiltzen dituzu? Zer irudikatzea gustatzen zaizu zure lanetan?

Naturan asko inspiratzen naiz. Orain Amasako bidea ikertzen ari naiz eta bertan topatzen ditudan landareak jasotzen ditut. Lanketa botaniko moduko bat da. Landareekin beraiekin egiten dut lan, edo bestela, argazki bat atera, transparentzia egin, eta zianotipiara pasatzen ditut irudiok. Gainerakoan liburuek, kaletik noanean ikusten ditudan koloreek, arropen konbinaketek, pelikulek... horrek guztiak inspiratzen nau. Pertsonen siluetak ere erabili izan ditut, nahiz eta labainkorragoa den gai hori.



Koadernaketa mota ezberdinak egiten dituzu.

Bai. Ezertan hasi aurretik koadernoan erabiliko dudan papera prestatu eta prentsatzen uzten dut, gutxienez, 24 orduan. Paper hori josteko modu asko dago. Hori nola egin gehienetan beste liburuetan begiratuta ikasi dut. Inoiz tailerren bat egin izan dut eta formazioa ere jaso dut; online, batez ere, pandemiaz geroztik. Gustuko ditut samurtasunez eta sentiberatasunez gai honi buruz hitz egiten duten pertsonak. Paperarekiko eta objektu horrekiko fintasunez aritzen direnak. Gehienbat crisscross eta copto prozedurak erabiltzen ditut koadernaketarako. Nire irizpidea da, koadernoa sendo eta hauskaitza izatea, eta aldi berean, irekitasun handikoa, jendeak koadernoa ondo ireki eta idatzi ahal izan dezan bertan.

Zenbateko garrantzia ematen diozu materialari?

Saiatzen naiz garrantzia ematen, adibidez, paperari. Prozesu naturalen bitartez egindako papera, ordea, garestiagoa izaten da. Hala ere, erabiltzen ditudanak beti dira azidorik gabekoak eta naturarentzat kaltegarriak ez direnak. Zuntzaren norabideari ere begiratzen diot. Mundu oso konplexua da. Saiatzen naiz, aldi berean, koadernoetan itsasgarririk ez erabiltzen, denborarekin hezetasuna edo lizuna ekar dezakeelako horrek.

Zenbat denbora enplegatzen duzu lan bakoitza egiteko?

Errazago egiten ditut lisoak badira, baina serigrafiak edo zianotipiak erabiltzen ditudanean luzatu egiten naiz. Ez da hainbeste nik behar dudan denbora, baizik eta prozesuetako bakoitzak eskatzen duena. Gustuko dut lan honek eskatzen duen patxada. Gainera nik ez ditut serie luzeak egiten. Ez zait gustatzen gehiegizko koaderno ekoizpena egitea, nahiago dut serie bakoitzeko lauzpabost ale eduki, ale bakoitzak pertsonalitatea eduki dezan.

Lan honek zehaztasun eta pazientzia handia eskatzen al dizu?

Eskatzen du bere denbora eta niri zehaztasun handia eskatzen duten lan arretatsu horiek lasaitu egiten naute. Baina, berez, uste dut lanerako nahiko kaotikoa naizela.

Sortzen dituzun koaderno eta lanak erabiltzeko direla azpimarratzen duzu, ez dekoraziorako.



Nik bizitza ematen diet koadernoei. Maitasun handiarekin sortzen ditut eta asko pentsatzen dut hauek nola egin. Kolorea, zein oihal erabili, haria, inprimatutako irudia... pauso guztiak arretaz ematen ditut. Pena handia emango lidake nik egindako koadernoa apal batean geratuko balitz, erabili gabe. Nik egindako lana ezertarako balio izan ez balu bezala izango litzateke. Zertarako bizitza eman objektu bati, gero hilda gera dadin?

Sortzen dituzun lanak nola sentitzen dituzu?

Pasa izan zait nik sortutako koadernoetatik urrundu behar izanagatik pena sentitzea. Nire artean pentsatzen dut: «Hainbeste kosta zait hau egitea, hainbeste ordu pasa ditut eta orain zuk eramango duzu? Ezertaz ezagutzen ez zaitudan horrek? Zainduko al duzu nik zaindu dudan bezala? Zertarako erabiliko duzu?». Koaderno hauetan nire parte handi bat doala iruditzen zait.

Uste duzu jendeak baloratzen dituela eskuz egindako lanak?

Horrelako piezak erosten dituztenek baloratzen dute, ez bakarrik koaderno batek izan dezakeen balio estetikoa, baita horren atzean dagoen lan guztia ere. Niretzat eroslearekin harremana edukitzea garrantzitsua da, hor doan guztiaren transmisioa egin dezakedalako bera aurrez aurre badago.



Non saltzen dituzu zure lanak?

Azoketan batik bat. Enkarguak ere jasotzen ditut, baina ez dira hainbeste izaten. Egia da gehienak nire sormen propioak direla. Sare sozialetan ez naiz gehiegi ibiltzen. Instagram-en erakusten ditut nire lanak, baina beldurra ematen dit salerosketa plataforma horietan sartzeak. Zalantza eragiten didate salmenta dinamika masibo horiek. Ez dut, kosta ahala kosta, saldu-erosi logika bultzatzen duten zirkuitu horietan sartu nahi.

Atera al daiteke bizimodua artisau bezala lan eginda?

Ez. Bestelako maketazio lanak eta egiten ditut eta Vera Aldabe zaharberritzailerekin batera Tintak izeneko proiektua daukat. Era askotako lanak egiten ditugu, eta besteak beste, nik sortutako zianotipiekin bitxiak egiten ditu Verak.

Roteta denda edota Etxeondofest bezalako esperientzietan parte hartu duzu Villabonan. Beste sortzaile batzuekin elkarlana beharrezkoa da?

Uste dut ezinbestekoa dela beste sortzaileekin harremana, feedback-a sortu dezakete kontaktu horiek. Lankidetza ez da, soilik, elkarrekin garatu ditzakegun ekintza konkretuetara mugatzen. Ideiak ere sortu daitezke eta elkarrengandik asko ikasi dezakegu. Kontua da hemen azoketan bakarrik elkartzen garela sortzaileak. Ondo legoke elkar topo egiteko gune bat egotea. Hutsune hori sumatzen dut Euskal Herrian.



Alde handia dago Kataluniatik Euskal Herrira? Uste duzu behar bezainbesteko garrantzia ematen zaiola kulturari hemen?

Bartzelonan 53 gizarte etxe daude. Uste dut oso lan garrantzitsua egiten dutela auzoetako bakoitzean. Jendea asko nahasten da, adinari edo jatorriari hainbeste erreparatu gabe. Euskal Herriarekin alderatuta badaude aldeak. Erritmoa ere ezberdina da. Hemen pixkana ematen da harremana, elkar ezagutza geldoagoa da. Kulturan ere nabari da. Kutur ekintzak hemen bertako jendearengan zentratuagoak daude. Ni Bartzelonatik etorri nintzenean beste energia batekin nentorren, mundua jango nuela zirudien, baina egokitzen joan naiz eta ikasi dut erritmoa mantsotzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!