Aurtengo inbertsioak indartzeko kreditu gehikuntza onartu du udalbatzak

Ataria 2023ko martxoaren 31

Martxoaren 28ko Amasa-Villabonako udalbatzaren osoko bilkuran 2023ko inbertsioen aurrekontuari 829.932 euroko gehikuntza egitea onartu zuten gehiengo osoz.

Amasa-Villabonako Udalak aurtengo aurrekontuari egingo dion kreditu gehikuntzarekin 2023an gauzatzeko inbertsio plana "modu esanguratsuan sendotu eta zabalduko da", udal arduradunen iritzian. Inbertsio guzti hauek diruz hornitzeko, udalaren gerakin ekonomikoa erabiliko dute, hau da, inbertsioen gehikuntza hau 2022. urteko aurrekontuaren likidazioa egin ondoren udalak gerakinean duen 4.583.870 euroko diru funtsetik finantzatuko da.

Udal gobernuak "oso positiboki" baloratu du udalbatzak inbertsioetarako gehikuntza ekonomiko garrantzitsu hau onartu izana, izan ere, "erabaki horrekin Amasa-Villabonako udalaren inbertsio ahalmena nabarmen handituko da, herritarren ongizatea hobetzeko aukerak zabalduz". Gehiengo osoz onartu dute zinegotziek kreditu gehikuntza, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin.

Hauek dira diruz hornituko diren inbertsio nagusiak:

  • Espaloiak eta asfaltatze lanak: 90.000 euro
  • Irisgarritasuna hobetzeko lanak: 25.000 euro
  • Hiri altzarien erosketa: 17.000 euro
  • Parkeak berritzea: 16.000 euro
  • Grafikas Leizaola pabiloia botatzea: 145.000 euro
  • Liburutegiaren eraberritzea: 195.000 euro
  • Ibilgailu elektrikoa erostea: 50.000 euro
  • Kultur etxeko teilatua eraberritzea: 39.000 euro
  • Aljiberako inbertsioak: 5.000 euro
  • Gure zineko konponketak (segurtasuna): 37.718 euro
  • Kiroldegiko erreformak: 60.200 euro
  • Fleming herri eskolako obrak: 70.000 euro
  • Energia planeko inbertsioak: 54.490,18 euro
  • Gaztelekuan berogailu sistema berria: 26.000 euro

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!