Larreako parkea estaltzeko proiektuaren esleipena abiatu du udalak

Ataria 2023ko martxoaren 29a

Apirilaren 26ra arte aurkeztu ahal izango dute obra proposamena enpresek, eta maiatzaren 9an iragarriko dute zein enpresak irabazi duen lehiaketa publikoa. Lanek 205.932 euroko aurrekontua dute.

Amasa-Villabonako Udalak, Larreako parkea estaltzeko proiektua zein eraikuntza enpresak egingo duen aukeratzeko esleipen prozedura martxan jarri du, obraren pleguak Eusko Jaurlaritzaren kontratazio profilean argitaratuta. Horrela, enpresek obra hau gauzatzeko proposamenak aurkezteko aukera izango dute apirilaren 26ra arte.

Udalak osatutako baldintza teknikoen dokumentuaren arabera, obraren esleipenerako aurrekontua 205.932 eurokoa da eta enpresek zifra hori murriztu beharko dute obra gauzatzeko lehiaketa publikoan. Prozesua behar bezala gauzatuz gero, maiatzaren 9an erabakiko litzateke zein enpresak irabazi duen lehiaketa publikoa.

"Honakoa, herriarentzat oso garrantzitsua den proiektu hau errealitatea izan dadin eman beharreko azken pausua izango da", esan dute udal ordezkariek. Aipatu dute proiektu hau aurrera eramateko garaian "arazo handiak" izan direla. 2014an herritarrek bozka bidez aukeratutako proiektua izan zen eta udal gobernuaren iritziz oztopo ugari izan dira bidean: "lau urtez EAJk zuzendutako udal gobernuak proiektua bertan behera uztea; azterketa geologikoak egin beharra; parke ondoko propano tankea kendu ahal izateko bizilagunekin adostasuna lortzea...". Duela hilabete batzuk udal gobernuak publikoki azalpenak eman zituen proiektuak pilatutako atzerapenaren arrazoien berri emateko: Udal Gobernuaren azalpenak Larreako parkea estaltzeko proiektuaren inguruan.

Urtarrilaren 12an Amasa-Villabonako Udalak hitzarmena sinatu zuen Larrea auzoko 5 eta 6 zenbakietako jabekideen komunitateekin eta modu horretan bizilagun horiek propano tankea erabiltzeari utziko diote, etxebizitzetako galdaratara Gas Naturala bideratuz. Era berean, hitzarmen horrekin tanke hori dagoen lorategiaren lur-saila udal jabetzakoa izatera pasa da. Udalak guztira 24.937 euro (etxebizitzetara gasa sartzeak duen kostu ekonomikoa) ordaindu zizkien jabekideei, kalte ordain gisa.

Udal gobernuak "positiboki" baloratzen du bere garaian herritarrek erabakitako proiektu hau behingoz gauzatu ahal izatea. "Horretarako bidean aurkitutako traba guztiak gaindituta, Villabonan azkenik parke estali bat izango dugu euria egiten duen egunetan ere, haurrek kalean jolasteko aukera izan dezaten. Udal gobernuarentzat honakoa berri pozgarria da, herritarrei emandako hitza beteko dugulako, oso berandu bada ere".   

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!