850 mendizale murgildu dira Villabona inguruko mendietan

Leyre Carrasco 2023ko mar. 26a, 16:14

Aizkardi elkarteak urtero antolatzen duen mendi ibilaldia egin dute goizean, Villabonatik abiatuta. 54. urtemuga ospatu dute aurtengoan, eta ohiturak jarraituz, ibilaldi luzea edo laburra egiteko aukera izan dute bertan parte hartu dutenek.

Lotarako ordubete gutxiago edukiagatik 850 lagun animatu dira Aizkardi elkarteak urtero antolatzen duen mendi ibilaldira, eta 54. urtemuga ospatu dute aurtengoan. Hasiera batean 1.200 parte hartzaile zirela aitortu du Maddi Bengoetxea Aizkardiko kideak, baina horrelako ekimenetan eguraldia erabakigarria izaten da jendea parte hartzera animatzeko: "Azken unean, 200 parte hartzaile izan dira ibilbide motzean kale egin dutenak, eta beste 100 ibilbide luzean". Hala ere, euriarekin abiatu badira ere, segituan atertu du.

Ibilbide luzekoak goizeko 7:00etan Villabonatik abiatu eta Anoeta eta Hernialdetik igaro dira. Ibilbide motzekoak, berriz, 8:00etan ekin diote, eta ibilbide hasiera berdina izan dute. Ondoren, Mendikute eta Lizarbakar eremura joango dira, eta bertan bi ibilbideak banandu egin dira. Ibilbide luzea Erniozabal, Hernio, Gazume, Iturriotz, Pagoeta, Aia, San Pedro auzoa eta Basopetatik igaro da, Villabonara iritsi aurretik. Eta ibilbide motza, berriz, Atxutegi, Zopite, Alkiza eta Laumugarrieta zeharkatu ditu.

Helmugara iristean mendizaleek ibilbidea egin izanaren ziurtagiria jaso dute, eta indarrak berreskuratzeko hamaiketakoa ere izan dute zain. Arratsaldean, 17:30etan Oria merkataritzak bildutako produktuen zozketa egingo dute.

Prestaketa lanak

Edizio bat bukatu bezain laster hasten dira edizio berriarekin martxan Aizkardi mendi elkarteko kideak, eta horretarako, denera, 60 lagunetik gora izan dira aurtengoan. "Gauza asko egin behar izaten dira tartean. Aurten, adibidez, bide asko moztuta zeuden, haize boladakin botatako zuhaitzak bidean zeudelako. Beraz, hori ere garbitu egin behar izan dugu", kontatu du Bengoetxeak.

Horrekin batera, Udal guztiek emandako babesa eta laguntza eskertu nahi izan du antolatzaileak, baita bolondres eta patrozinatzaile guztiei ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!