Eduardo Gonzalez Vaz da Villabonako PSE-EE alderdiaren alkategaia

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 22a, 16:51

Gonzalez Vazek esan du Villabona «udalerri aurrerakoiago eta solidarioagoa» izateko egingo duela lan. Aukera berdintasuna bermatzeko egingo du lan eta gizarte bereizkeriaren aurka borrokatzeko neurriak abiaraziko dituela hitzeman du.

Bere lehentasun politikoa aukera berdintasuna bermatzea dela esan du eta bide horretan neurriak hartuko dituela. Villabonako PSE-EEren zerrendako buru izateak dakarren erantzukizunari «pozik eta harro» heldu diola gaineratu du eta «pertsonengandik hurbil egoteko, haien beharrei erantzuteko eta haien bizi-kalitatea hobetzeko»  lan egingo duela azpimarratu du.

Gobernatzeko modu desberdin bat proposatzen duela dio eta ziur dagoela sozialistak direla «herritarrentzako proiektu onuragarriak aurrera eramateko gai diren bakarrak». Villabonako auzotarren «benetako arazoei» irtenbidea emateko moduko proiektua duela nabarmendu du. Horiek horrela, Villabonako gazteei zuzendutako etxebizitza-politikak sustatuko dituela esan du, gazteek herria utzi ez dezaten, eta horretarako etxebizitza alokatzeko diru laguntza bat sortzea proposatu du. Era berean, Txermin-eko aparkalekua egokitzearen alde egin du, «gaur egungo gobernuak ez dio arretarik eskaini proiektu horri, baina herritarrek bai, azaroko parte hartzeko prozesuan aztertutako gai bat izan baitzen». Azkenik, Villabonan lehen erkidego energetikoa sustatzea proposatu du, Jose Ignacio Asensio sozialistaren eta Gipuzkoako Diputatuorde Nagusiak zuzentzen duen Gipuzkoako Aldundiko Ingurumeneko Departamentuaren eskutik. «Energia garbiaren eta 0 kilometroaren eredu horri esker, eraikin publikoetan plaka fotovoltaikoak jarriko direnez, herritarrek faktura elektrikoan % 25eko aurrezpena izatea aurreikusten da».

Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkio Maria Luisa Arija sozialisten udal-taldeko bozeramaileari, urte hauetan hartu duen konpromisoagatik eta egin duen lanagatik. «Villabonako Udalean aniztasunaren berme izan da», esan du. Gaineratu du zinegotzi izan dela urte «oso konplikatuetan» eta bakearekin eta askatasunarekin konpromiso handia duela. «Atsegin handiz hartzen diot lekukoa Maria Luisa Arijari, eta berak eta beste kide batzuek Villabonan urteotan erein duten proiektu sozialistarekin jarraitzeko konpromisoa dut».

Bestalde, Jose Antonio Sanchez Zizurkil-Villabona Taldeko PSE-EEren idazkari nagusiak Eduardo Gonzalez Vazen irudia nabarmendu nahi izan du;  «Villabonako gazte honek Villabonako herritarren interesak defendatzen jarraituko du, azken agintaldietan Maria Luisa Arijak egin duen bezala».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!