Usoen populazioa gutxitzeko neurriak hartuko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 22a, 12:33

Usoen gehiegizko populazioak eragindako kalteei aurre egiteko esku-hartzea egingo du udalak eta usoen %80a murriztea aurreikusten dute arduradunek.

Usoen populazioa hazten ari da azken aldian Villabonako hirigunean. Kale Nagusia 62-68 eraikinak bota zirenetik udalaren ustez,  "begi bistakoa" da inguru horretan dagoen kopuru handia. Beraz, gobernu taldeak hegazti hauen populazioa gutxitzeko helburuarekin, enpresa bat kontratatu du.

Usoen gehiegizko populazioak ondorio kaltegarriak izan ditzakeela uste dute udal arduradunek: "Sortzen dituzten gorotzak korrosiboak direnez, eraikinen fatxadak, kaleetako lurzorua edota autoen txapak kaltetzen dituzte, besteak beste".

Udaleko Ingurumen saila lanean ari da egoera hau kontrolatzeko eta hainbat neurri aplikatuko ditu usoak harrapatu eta herriko kaleetatik ateratzeko. Desinfecciones Eibar enpresa kontratatu du hegazti hauen gainpopulazioa gutxitzeko. Esku-hartze honek 7.260 euroko aurrekontua izango du, eta usoen %80a murriztuko dela aurreikusten dute udal arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!