ERREPORTAJEA

Ni-aren eta Gu-aren arteko harian

Irati Saizar Artola 2023ko mar. 25a, 07:59

Anonyme Popular ikuskizunaren une bat. DAVID HERRANZ / LORALDIA

Bertso sortak oinarri dituen Anonyme Popular proiektuan murgilduta dabiltza Igor Elortza eta Rafa Rueda; disko-liburua kaleratu zuten, eta orain, benetan heldu nahi zuten formatuan ari dira, zuzenekoetan, «ikuskizun bizi bat» eskainiz. Bihar, igandea, Villabonan izango dira.

Igor Elortza bertsolariak eta Rafa Rueda musikariak sortutako proiektua da Anonyme Popular. Bederatzi bertso sorta idatzi ditu Elortzak eta hip-hop, pop, bachata zein funk doinuetara eraman ditu Ruedak. Igande honetan, Villabonako Gurea antzokian izango dira emanaldia eskaintzen, 19:30etik aurrera.

Oso barrutik sortutako bertso jarrietatik abiatutako proiektu bat dela azaldu du Elortzak. «Garaiari eta giroari buruz» idatzi ditu hitzak, eta gai sozial, politiko edota kolektiboagotzat jotzen direnak erabili ditu: adibidez, euskal gatazkaren iragana eta oraina, edo gizon bezala kokatzea «feminismoaren indarraldi zorioneko honen garaiotan». Intimoagotzat edo pribatuagotzat jotzen diren gaiak ere badaude lan berrian: «Laguntasuna izan daiteke bat, edo beste bat izan daiteke gutako bakoitza bere baitan, azaletik barrura, nor garen, zer garen eta hortik kanpora zer erakusten dugun».



Hala ere, sakoneko hari orokor bat du proiektuak, Elortzak azaldu duenez: «Ni-aren eta gu-aren artekoa, norbanakoaren eta kolektiboaren artekoa dena». Hasieratik izan zuen garbi gai horiez aritzeko modurik zintzoena, benetakoena, «ni-tik kantatzea zela, ez nitaz». Ariketa zintzo bat egin nahi zuela esan du, «nahiz eta badauden kontu autobiografiko batzuk».

Kolektiboa, bikote batetik hasita, biren arteko harremana, baina, aldi berean, gatazka bat ere badela dio. «Kolektibo hori handia bada, are eta gatazka gehiago eta interesgarriagoak sortzen dira ni-aren eta gu-aren artean». Indibidualaren eta kolektiboaren buelta horretan mamitu ditu hitzak, osotasunean lana zentzua emateko ere. «Uste dut gu-ak edo gu-ek zentralitatea eduki izan duten garai batetik gatozela, eta ni-ak azpiratuta egon direla, eta euskaldunon kasuan nabarmen xamar esango nuke gainera; norbanakoaren ikuspegia ere aldarrikatzen genuen». Eta orain, kontua aldatu dela uste du: «Garai indibidualizatuan gaude, munduak norbanako gisan nahi gaitu, eta lortu da, hein batean, gu norbanakotzea; eta orain denok gabiltza kolektibo eske. Badaude aldeak ni-aren eta gu-aren artean, baina denok behar ditugu ni-tasunak eta denok behar ditugu gu-tasunak».

 

Igor Elortza: «Garai indibidualizatuan gaude, munduak norbanako gisan nahi gaitu»



Proiektuari izena ia dena eginda zegoenean ipini zioten. Bertso sortetako bat kopla sorta bat da, bere abizenetatik hasita, Inor Elorza Aranoa esanez, eta «zuhaitz genealogiko apetatsu bat» eginez, erreferentzia artistikoak errekonozitu nahi izan ditu: «Iñor Lopategi Lete, Iñor Larzabal Lete, Iñor Zumeta Oteiza, eta mundu mailako hainbat kantari eta artista aipatzen ditut, amaieran esanez 'Inor Anonyme Popular, zertarako eskatu lar, enaiz betiko izango, lehen pertsona singular'». Hortik hartu zuen izena: «Batetik, Anonyme Popular norbait dela adierazten duelako, baina, beste asko izan daitezkeela esateko ere bai; Igor dela baina Inor dela; eta, bestetik, hainbeste bertso eta kantu jaso ditugu kantu herrikoi moduan, jakin barik norenak diren, gure nahia hori ere badela: noizbait, norbaitek, bertso sorta hauetakoren bat edo beste kantatzea, jakin beharrik gabe nork eginak diren».

Ruedarekin batera, berriro

Berriro gurutzatu dira Elortzaren eta Ruedaren bideak, ahotsa eta musika ardatz. «Duela bost urte, uda batez, lauzpabost emanaldiko kale proposamen bat egin genuen, bertsolari moduan Unai Iturriaga eta biok, eta, musikari moduan Josu Zabala eta Rafa Ruedak». Anonyme Popularrekin bilatu nahi izan dituen musika giroak eta sonoritateak lantzeko Rueda «lagun ona» izango zela argi izan zuen Elortzak hasieratik.

«Horrelako lanetan sartzen garenean beti dago aukera besteak dakarrenarekin norbere burua harritzeko», eta hori bilatzeaz gain, halaxe gertatu zaie: «Aurreikuspenak egiten ditugu, eta horiek betetzea nahi izaten dugu, baina, sorkide den beste edonork beretik emanez, proiektua handitzea, haztea eta aberastea dakar, eta kasu honetan, zorionez, bi gauzak gertatu dira».

Elortzak berak, hitzak idazteaz gain, kantu molde, musika estilo eta giroak iradoki zizkion Ruedari, eta hortik egin du lan musikariak. «Sorpresa onak eman dizkit», aitortu du. Anonyme Popular garaiari eta giroari jarritako bertsoak dira, eta hori horrela, musika modernoa jarri nahi izan dio. «Askotan, hitzaren inguruan gabiltzanok uste dugu dena hitzek esaten dutela, baina ez da hala, musikak ere asko esaten du». Hala ere, bertso jarriak oinarri dituen proiektu batean hitzak zentralitatea behar duela uste du, eta hitz horientzako pentsatutako melodiak dira entzungai lan horretan.

 

Igor Elortza: «Askotan, hitzaren inguruan gabiltzanok, uste dugu, dena hitzek esaten dutela»


Zuzenekoetan, Elortza eta Ruedaz gain, Alvaro Olaetxea musikariak ere hartzen du parte. Eta ibilbide horretan ondoan dute Oier Zuñiga aktore eta antzerki zuzendaria, zuzenekoak ideiatzen lagundu diena. Anonyme Popular taularatzeko «modu propio bat» bilatu nahi izan dute: «Nagusiki bertsoak, musika eta bideoak daude, baina ez da kontzertu bat, ez da zinema, ez da bertso jarrien emanaldi huts bat ere, badu hiruretatik dezente, eta hori guztia harilkatzeko antzerki munduko baliabide batzuk erabiltzen ditugu».

Zuzenekoez gain, hainbat formatutan plazaratu dute Anonyme Popular, ikus-entzunezkoari garrantzia emanda. «Bertso jarrien historia labur bat eginez gero, garai batean, ahoz aho zabaldu ziren bertso eta kantu herrikoiak; gero, bertso paperak etorri ziren; ondoren, bertso diskoak eta bertso musikatuak». Proiektu berri horrekin, ikus-entzunezkoen formatua erabili dute, eta Kulturaz Azpeitiko Kultur Kooperatibako bideo sortzaileekin egin dute lan horretarako. Youtuben zabaldu zuten lehenik, eta disko-liburu batean ere jaso dute guztia orain. «Bildumazaleentzat izan daiteke diskoa, baina, liburu batean ere jaso nahi izan dugu, bertso asko direlako, eta hitzak zentralak direnean, CD bat baino handiagoa zen formatu fisiko batean jasotzea ikusi dugu egokien, ondo maketatu eta diseinatuta, modu eder batean biltzeko».

Orain, benetan heldu nahi zuten euskarrian eta formatuan ari dira buru-belarri: zuzenekoetan. «Esperientzia ederra izaten ari da; hasieran, izan genuen halako tentsio berezi bat, baina, orain, geroz eta gehiago gabiltza gozatzen, solturarekin gabiltza, ikusten dugu funtzionatzen duela, eskaintzen dugunak baduela mamia eta baita forma edo estetika eder eta erakargarria ere, eta horrekin goaz Villabonara».

 

ANONYME POPULAR EMANALDIA

MARTXOAK 26, IGANDEA. Villabonako Gurea antzokian, 19:30ean.

 

  • Musikariak: Igor Elortza, Rafa Rueda eta Alvaro Olaetxea.
  • Soinu teknikaria: Jose Lastra.
  • Bideo proiekzioa: Gaizka Izagirre.
  • Zuzenekoak ideiatzen: Oier Zuñiga.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!