Presoen eskubideak aldarrikatzeko eguna egingo dute larunbatean

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 22a, 07:57

Amasa-Villabonan egingo dute Etxera Eguna eta Aiztondo bailarako herritarrekin batera bertara bilduko dira Buruntzaldekoak ere; egun osoko egitaraua antolatu dute

Etxera Eguna egingo dute datorren larunbatean Amasa-Villabonan. Sare herritarreko Aiztondoko eta Buruntzaldeko herritarrak bilduko dira bertan euskal presoen eskubideak errespeta daitezen eskatzeko. Haien gerturatzea eta oinarrizko beharrizanak bermatzea eskatu dute ekimenarekin antolatzaileek. Hainbat herritatik mendi martxak abiatuko dira gero zutabe guztiak Amasa-Villabonan elkartzeko. Larunbatean 13:00etan egingo diete ongietorria Orio eta Andoaingo zutabeei Zubimuxun eta bazkaria egin eta gero, era guztietako jarduerak izango dira arratsaldean.

«Sumatu genuen gure herrietan preso asko dagoela beste herri batzuekin alderatuta eta ekimen bateratu bat egitea bururatu zitzaigun», esan dute antolatzaileek. Ez da lehen aldia Aiztondo bailara eta Buruntzaldeko eskualdeak bat egiten dutela. Izan Bidea dinamikaren barruan, erronka osatzeko kilometroak egiteko aitzakian Villabonatik Oriora mendi martxa antolatu zuten. «Orduan harreman sarea osatu zen Orioko herritarrekin eta horren emaitza izan zen iazko maiatzaren 7an antolatu genuen eguna. Aiztondoko eta Lasarte, Usurbil eta Andoaingo herritarrak ere batu ziren ekimenera».

Iaz Orion egindako Etxerako Bidea Saretzen egunarekin batera, aurreko eguberrietan Frantziako Reau espetxetik Martuteneko espetxerainoko ibilbidea bizikletaz egin zuten Villabonako zenbait herritarrek; 846 kilometro izan ziren. Hain zuzen, Reukoespetxean daukate Ainhoa Ozaeta andoaindarra bere etxetik ia 900 kilometrora. «Urrutien dagoen euskal presoa da eta ez dute gerturatu, Frantziako estatuan ez dagoelako emakumeentzat prestatutako modulurik Euskal Herritik gertu». Egoera salatzeko egindako bizikleta martxan jasotako irudiekin dokumentala egin asmo dute eta datorren larunbateko ekarpen ekonomikoa filma finantzatzeko erabiliko dute.

Ozaetaren egoerarekin batera, Sareko kideek, Gregorio Eskudero oriotarrarena ere gogoratu dute: «70 urte ditu eta 21 urte daramatza espetxean. Dagoeneko baldintzak betetzen ditu hirugarren gradua eskuratzeko». Kasurik larrienak aipatuta, Aiztondoko eta Buruntzaldeko gainerako presoek ere salbuespen legediaren ondorio zuzenak pairatzen dituztela nabarmendu dute Sareko kideek. «Gerturatu badituzte ere, askori ez zaizkie batu Frantziako estatuan betetako zigor urteak edota oztopoak jartzen dizkiete gradu progresioan aurrera egiteko», esan dute Etxera Eguneko antolatzaileek.

EGUN OSOKO FESTA

Larunbatean Orio eta Andoaindik etorriko diren zutabeei harrera egin aurretik, 11:30ean kantu-jira egingo dute Villabonako kaleetan zehar. Behin Buruntzaldeko lagunei ongietorria egin ondoren, bazkaria egingo dute. Bazkarirako txartelak eskuratzeko azkeneko eguna izango da gaurkoa, Iratzarren. Antolatzaileek iragarri dutenez, arratsaldean, musika, umorea, jokoak eta haur txokoa izango dira, besteak beste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!