Aizkardiren bi ibilaldietan ehunka mendizale bilduko dira

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 21a, 11:59

Igande honetan izango da Aizkardiren 54. Ibilaldia, eta martxa luzeaz gain, motza ere egingo da beste behin; dagoeneko ia 850 mendizalek eman dute izena.

Euskal Herriko Iraupen Luzeko Ibilaldien Zirkuituaren lehena izango da Aizkardi mendi elkartearena. Igande honetan egingo da, martxoak 26, eta Amasa-Villabonako mendi elkarteak antolatzen duen 54. aldia izango da. Aurten ere bi ibilaldi egingo dira, lehen urtetik egiten den luzea, aurten 44 kilometrokoa, eta azken urteotan egiten den motza, aurten 25 kilometrokoa.

Maddi Bengoetxea Aizkardiko kideak motza antolatzearen arrazoia azaldu du: «Mendi elkarte bezala inguruetako mendiak erakutsi nahi dizkiogu jendeari. Baina ibilaldi luzearekin gertatzen da oso prestatuta izan behar duzula horretan parte hartzeko, eta horregatik pentsatu genuen motzago bat ere antolatzea, ahal duen jende gehienak parte hartzeko».

Izena emateko Zirkuitua.com webgunean sartuta egin daiteke, edota 649 717 182 zenbakira deituta, 20:00etatik 22:00etara. Azken eguna horretarako ostirala izango da. Atzo arratsaldeko datuen arabera, dagoeneko ibilaldi luzean 314 mendizalek eman zuten izena, eta motzean 530ek. Ez da ezer ordaindu behar parte hartzeko, eta ibilaldiak bukatu eta gero hainbat produkturen zozketa egingo dute.

Gurea aretoko plazatik abiatuko dira bi ibilaldiak eta Zentroaren ondoan amaitu. Luzea 07:00etan abiatuko da, eta motza 08:00etan. Parte hartzaileek kontuan izan behar dute larunbatetik iganderako gauean ordu aldaketa izango dela.

Ibilbideari dagokionez, luzeak zein motzak hasiera partekatuko dute. Villabonatik abiatu eta Anoeta eta Hernialdetik pasako dira. Ondoren, Mendikute eta Lizarbakar eremura joango dira, eta hor ibilbideak banandu egingo dira. Ibilbide luzea Erniozabal, Hernio, Gazume, Iturriotz, Pagoeta, Aia, San Pedro auzoa eta Basopetatik pasa ondoren, Villabonara iritsiko da. Ibilbide motzak, berriz, Atxutegi, Zopite, Alkiza eta Laumugarrieta zeharkatuko ditu Villabonara iritsi aurretik.

AIZKARDIKO 54. IBILALDIA
  • IBILALDIA LUZEA
    • Luzera. 44 kilometro.
    • Desnibela. 2.500 metro.
    • Iraupena. 10 ordu inguru.
    • Irteera ordua. 07:00etan.
  • IBILALDIA MOTZA
    • Luzera. 25 kilometro.
    • Desnibela. 1.200 metro.
    • Iraupena. 6 ordu inguru.
    • Irteera ordua. 08:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!