Mugiment kirol txartelarekin bat egin du Olaederra kiroldegiak

Ataria 2023ko mar. 21a, 07:58

Kiroldegiko instalakuntza osoa jarri diete aukeran beste udalerrietatik datozenei, baina ordutegi jakin batean soilik erabili ahal izango dituzte. 151 kirol instalakuntzetan erabili daiteke dagoeneko Mugiment kirol txartela.

Amasa-Villabonako Olaederra kiroldegiak Mugiment kirol txartelarekin bat egin du, eta hemendik aurrera, Olaederrako bazkideek beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, inolako kostu gehigarririk gabe. Udal ordezkariek esan dutenez eman duten urrats berri honekin, herritarren artean kirola sustatzeaz gain, kiroldegiko bazkide direnentzat doako kirol eskaintza zabaldu nahi dute. Olaederrako bazkideek beste udalerrietako kirol instalazioak erabiltzeko aukera izango dute, eta era berean, beste herrietako abonatuek Olaederrako instalakuntzez gozatu ahal izango dute.

Gaur egun 151 kirol instalazioetan erabili daiteke Mugiment kirol txartela: kiroldegiak, frontoiak eta igerilekuak barne. Udalerri horietan artean daude honakoak: Tolosa, Ibarra, Donostia, Beasain, Azpeitia, Eibar, Pasaia, Orio, Zumaia, Zarautz eta Zumarraga. Mugiment txartela doako txartel birtual bat da eta Olaederrako bazkide guztiek eskuratu dezakete. Horretarako txartelaren aplikazioa instalatu behar da telefono mugikorrean.

"Sistema oso erraza da", azaldu dute udal ordezkariek. Txartel digitala lortzeko Google Play edo App Store-n eskuragarri dagoen aplikazioa instalatu beharko da mugikorrean. Aplikazioan behar bezala erregistratzeko posta elektronikoa, NAN zenbakia eta abonatutako instalazioaren izena sartu beharko dira. "Olaederra kiroldegiak balioaztatu eta notifikazioa jaso ondoren, Mugiment kirol txartela erabilgarri egongo da". Behin izena emanda, aplikazioan sartu, herri ezberdinetako kirol instalakuntzen zerrenda ireki, erabili nahi den instalazioa aukeratu eta bertako sarrera eskuratu behar da. "Eragiketa egin ondoren, aukeratutako kiroldegiko harreran aplikazioko sarrera eta NANa erakustearekin nahikoa izango da", adierazi dute arduradunek. Interneteko konexiorik gabeko telefonoa duten bazkideek Villabonako kiroldegiko harrerara gerturatu beharko dute informazio gehiago jasotzeko.

Mugiment txartela erabiltzeko kiroldegi bakoitzak bere baldintza eta ordutegiak jarri ditu. "Gure kasuan, kiroldegiko instalakuntza osoa jarri dugu aukeran: gimnasioa, igerilekua, sauna eta hidromasajea. Dena den, beste udalerrietatik datozenak ordutegi jakin batean soilik erabili ahalko dituzte Olaederrako instalakuntzak: astelehenetik ostiralera 10:00etatik 15:00etara eta larunbatetan 12:00tatik 17:00etara. Beraz, lasai egon daitezela Olaederrako erabiltzaileak, erabiltzaile gehien daukagun tarteetan ez baita kanpokoentzat erabilgarri egongo".

Amasa-Villabonako Udalak eta Olaederra kiroldegiak elkarrekin sustapen kanpaina jrri dute martxan, bazkide berriak erakartzeko. Aurreratu dutenez, kiroldegiko bazkide egiteko garaian, matrikula doakoa izango da apirilaren 30era arte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!