Behar Zanak Euskal Pilota Campusa antolatu du

Ataria 2023ko martxoaren 20a

Iazko ekainean Pilota Maratoi Solidarioa ekimena antolatu zuen Behar Zanak, elkartearen 75. urteurrena zela eta.

Eskualdeko pilotari gazteei pilota sustatzeko campusa antolatu du Behar Zana Pilota Elkarteak; ekainaren 26tik uztailaren 7ra bitarte izango da, 9:00etatik 13:00etara, Villabonan.

Bi ikastaro izango dira. Batetik, 2011 eta 2016 urteen artean jaiotako haurrentzat, Euskal Pilota Kanpusa antolatu dute. Teknifikazioa, eskulanak, pilota jolasak, pilota era ezberdinak, natura edota elikadura osasuntsua landuko dituzte, besteak beste. Matrikulazioaren kostua 130 eurokoa da (Behar Zanako pilotarientzat, 110 eurokoa). Bestetik, 2007 eta 2012 urteen artean jaiotakoentzat, Esku Pilota Kanpusa (teknifikazioa) antolatu dute. Hauen kasuan, gau bat pasatzeko irteera bat ere egingo dute. Campus honen kasuan, prezioa 210 eurokoa da (180 euro Behar Zanako pilotarientzat).

Azken urrteetan bezala, Euskal Pilota sustatzeko bailarako eta inguruko pilotari guztiei zabalduta dago ikastaroa. Jada zabalik dago izen-emate epea, eta hilaren 31 izango da horretarako azken eguna. Izen ematea eskainiko diren plazak baino handiagoa bada, Behar Zana Pilota Elkarteko pilotariek eta 2022an campusean parte hartu zuten gaztetxoek lehentasuna izango dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!