Hankak arin, Oinkariren erritmora

Naiara Roldan de Aranguiz 2023ko martxoaren 18a

Oinkari dantza taldeak Dantzari Eguna ospatu du Villabonan. Herrian zehar kalejira egin ostean, dantzariek erakustaldia eskaini dute herriko frontoian.

Dagoeneko ohiturazkoa bihurtu da Oinkari dantza taldearen Dantzari Eguna. Honela, gaurkoan herri guztia kutsatu dute euskal dantzekin.

Arroa plazatik abiatu dira, 11:30ak aldera, lehenik han dantza erakustaldia eskaini dutela. Erdi aldera jo dute, segizioan. Artzain-andre jantziak jantzirik, alpargatak oinetan eta dantzarako prest. Dantzari txikiek gurasoak ondoan izan dituzte, plazaz plaza.

Herrian barrean beste bi geldiune egin eta azkenik pilotalekura iritsi dira. Dantza erakustaldia eskaini aurretik, hamaiketakoa eginez, indarrak hartu eta berriro ere dantzarako prest ziren Oinkariren ikasleak.

Ane Urruzola Oinkari kide eta irakasleak jakinarazi bezala, 260 haurren bueltan parte hartu dute gaurko ospakizun egunean. Villabonako dantzariez gain, ohiturazkoa den moduan, hainbat herri izan dituzte gonbidatu moduan. Asteasu, Lizartza, Alegia, Aduna eta Aresotik gerturatu dira Villabonara dantza ikuskizuna eskaintzera. Herrien aukeraketaz galdetzerakoan honakoa zehaztu du Urruzolak: "Oinkariko irakasleak herriz herri ibiltzen gara dantza klaseak eskainiz; herri horietatik etorri dira dantzariak".

Pilotalekua lepo, musikariak oholtza gainean eta dantzariak kantxa erdian dantzan ikuskizuna eskainiz. Bertaratutakoen lana ordea, dantzak txalotzea izan da.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!