Eñaut Aiartzaguenak hiru asteko egonaldia egingo du Amasa-Villabonan

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 14a, 11:59

Udalbiltzak sustatuko Geuretik Sortuak sorkuntza beka lortu du komikigileak eta Amasa-Villabonan hiru asteko egonaldia egingo du; basoen kudeaketa oinarri hartuta komiki bat sortuko du euskaraz

masa-Villabonako Udalak Geuretik Sortuak kultur ekimenaren bigarren edizioan parte hartuko du. Egitasmo honen bidez Euskal Herriko hainbat udalerritan sormen egonaldiak burutzeko bekak eskainiko zaizkie kultur sortzaileei, hauek euskaraz izango diren nobela motzak, antzezlanak, film laburrak edo komikiak sor ditzaten. Iurretako Eñaut Aiartzaguena komikigileak garatuko du bere sormen lana Amasa-Villabonan.

Geuretik Sortuak egitasmoaren bigarren edizio honetan 23 kultur sortzailek eta Euskal Herri osoko 39 udalerrik parte hartuko dute. Udalbiltza Partzuergoko balioespen batzordeak erabaki du sortzaile bakoitzaren norakoa. Aurten, adibidez, Leitza eta Berastegi artean egingo du egonaldia Unai Gaztelumendi ilustratzaileak. Aiartzaguena, bere aldetik, «pozik eta eskertuta» agertu da Amasa-Villabonan bere lana garatzeko eman dioten aukeragatik, eskertuta Amasa-Villabonako Udalarekin, Udalbiltzarekin eta egitasmoan parte hartzen duten gainerako eragileekin ere. «Komikigile bezala aritzen naiz, baina ez naiz hain ezaguna. Euskarazko sortzaileontzat horrelako proiektuak garatzeko aukera oso gutxi egoten dira eta horregatik plazera da euskarazko kultur sorkuntza sustatzeko beka sistema bat eskura edukitzea», esan du bekadunak. Arte Ederretako ikasketak eginak ditu eta hezkuntza ez formaleko hezitzaile gisa jardun du hainbat elkartetan.

Ilustratzaile bizkaitarrak hiru asteko denbora eta espazioa izango ditu, Beatriz Unzue alkateak esan duenez, «berak aukeratu duen gaia Amasa-Villabonako herritarrekin batera, eskuz esku landu dezan». Aiartzaguenak egingo duen lana, eta gainontzeko udalerrietan beste artistek landuko dituztenak, kultur zirkuitu batean aurkeztuko dira datorren urtean. 
Iaz Maitane Perez idazlearekin izandako esperientziak «zapore gozoa» utzi zuen herrian, Unzuek esan duenez. Horregatik, aurten ere, kultur sorkuntza sustatzeko ekimen honetan parte hartzen jarraitzea erabaki du Amasa-Villabonako Udalak. «Harro gaude Geuretik Sortuak kultur ekimeneko partaide izateaz. Guretzako oso pozgarria da, geurera etorritako kultur sortzaileen bidez, Amasa-Villabonan sortutako kalitatezko kultur ekoizpena edukitzea», esan du alkateak.

2023 eta 2024 urteetan egitasmo hau garatzeko 21.713 euroko ekarpena egin du Amasa-Villabonako Udalak, Udalbiltza partzuergoarekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren bidez. «Aurten horietatik 13.813 euro bideratuko ditugu sorkuntza fase osoa garatzeko, eta datorren urtean beste 7.900 euro jarriko dira Geuretik Sortuak egitasmoan beste udalerrietan osatutako ekoizpenekin egingo den kultura zirkuituaren parte izateko», nabarmendu du Unzuek.

Aiartzaguenak basoen balio ekologikoan jarriko du azpimarra Amasa-Villabonan burutuko duen lanean. «Baso ustiaketan eta monokultiboen inguruko lanketa bat egitea da nire asmoa; interesa badut gai horretan. Hortik abiatuta jardungo dut lanean komikia sortzeko», esan du sortzaile iurretarrak.

Hiru asteko egonaldia

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak egitasmoaren helburuetako bat sorkuntza lanak tokian tokiko errealitatera egokitzea da. Aiartzaguenak ere asmo horrekin jardungo du eta hiru asteko egonaldia egingo du Amasa-Villabonan. Egunotan iritsi da bertara eta lehenengo egunak ingurua ezagutzen eman ditu. «Dagoeneko eman ditut mendian lehen itzuliak eta herritarrekin ere izan ditut lehen hartu emanak». Beste hainbat lanekin ere uztartuko du Amasa-Villabonako bekaldia, eta honenbestez, egonaldiko hiru asteak denboran barreiatuko ditu. Apirila amaieran itzuliko da sorkuntza lanarekin jarraitzera.

«Lehenengo aste honetan gidoi moduko bat garatuko dut eta baita pertsonaiak irudikatu ere. Bigarren astean, Amasa-Villabonako ikastetxeetako umeekin parte hartze saio batzuk egingo ditut euren ekarpenak jasotzeko», esan du Aiartzaguenak. Bekaren emaitza Amasa-Villabonan girotutako haurrentzako komiki bat izango da. «Pertsonaia mitologikoak sartzea ere bada nire asmoa eta jakin nahi nuke umeek nola irudikatzen dituzten gero komikian sartuko ditudan pertsonaiak». Hirugarren astea storyboard-a osatzeko baliatuko du.

Udalbiltzak Geuretik Sortuak egitasmoaren amaieran sortutako komikiak bilduma banatan argitaratuko ditu, datorren irailean. Ordurako lana prest edukiko du Aiartzaguenak. «Amasa-Villabonako historia eta kultura bertan txertatuta agertzea gustatuko litzaidake. Udalarekin eta bertako eragileekin izan ditudan lehen hartu emanetan jakin dut badagoela baso ustiaketaren inguruko plan bat egina eta landaketa batzuk eginak dituztela Amasamendin. Bizkaitik etorrita, berria egiten zait hori guztia, han pinuek eta eukaliptoek hartua baitute ingurune guztia. Hemen egin den lanketa hori guztia nire proiektuan txertatzen saiatuko naiz, eta besteak beste, udaletik bultzatu diren lanen balioa azpimarratuko dut», esan du Aiartzaguenak. 

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!