Nordic Walking-a ezagutzeko aukera izango da Villabonan

Ataria 2023ko mar. 10a, 11:57

Oriaibaia elkarteak antolatuta, bihar eta etzi, Ipar Martxa egingo dute Villabonan; asteburu osoan zehar ekintza desberdinak izango dira kirol modalitate honen onurak eta xehetasunak ezagutu nahi dituztenentzat.

Villabonan egoitza duen Oriaibaia Nordic Walking elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu Villabonan, interesa duen orok Nordic Walking modalitatearen ezagutza izateko. Urtean zehar hainbat ekintza bideratzeko diru laguntza onartu dio Amasa-Villabonako Udalak Oriaibaia elkarteari. Hori dela eta, elkarteak Villabonan bertan kirol honen berri eman nahi izan du, asteburu osoa ipar martxari eskainiz.

Bihar, larunbata, 10:00etatik 12:00etara Ipar Martxa edota Nordic Walking kirola ezagutzeko tailerrak egongo dira Erreboteko Plazan. Oriaibaia Elkarteko bideratzaileak diren Juanma Mujika eta Ana Bengoa arituko dira herritarrei Ipar Martxako teknikak irakasten. Doako ikastaroa izango da eta bastoiak  Oriaibaia elkarteak utziko dizkie bertaratzen direnei. Parte hartzen dutenei, gainera, buff bat oparituko die elkarteak. Bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiko kirol zuzendaritzak, Emakumeok Mugimenduan programa dela eta, kirola egiteko prestatu duen App bat mugikorrean instalatuz programa honetan parte hartzen dutenei, mugikorra eramateko gerriko bana oparituko die.

Bestalde, 19:00etan, Gurea zinema aretoan, Cristina Gonzalez Castroren hitzaldia izango da. Nordic Walking modalitateko ariketek hainbat minbizitan duen eraginari buruzko jakintzan aditua da Gonzalez eta Oriaibaia elkartetik adierazi duenez, «esfortzu berezia» egin dute aditu hau Villabonan izan dadin.

Asteburua borobiltzeko, igandean, Ipar Martxako irteera bat egingo dute Villabonan zehar, 10:00etan Erreboteko plazatik abiatuta. Irteera honetan parte hartzen dutenei ere buff bana oparituko die elkarteak. «Animatu eta etor zaitez osasunerako hain onuragarria den kirol hau gertutik ezagutzera!».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!