ERREPORTAJEA

Hirugarren belaunaldia txurrogintzan

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 13a, 07:59
Sonia Polanco eta Concepcion Perez, Villabonan. J. MIRANDA

Sonia Polancok eta Concepcion Perezek Villabonan jartzen dute txurro denda ibiltaria urritik ekainera; uda festarik festa pasatzen dute.

Txurroak ez du sekreturik La Montañesa txurro dendako arduradunen iritzian. Irina, gatza eta ura. Osagai horiekin egin daiteke munduko txurrorik onena. 83 urte daramate txurrogintzan eta Sonia Polanco Perezek (Leon, Espainia, 1969) darama dendaren ardura Concepcion Perez Bardon (Leon, Espainia, 1943) amarekin batera. Hiru belaunaldi bete dituzte langintza horretan, eta gaur egun, Villabonan ematen dituzte neguak, Olaederra kiroldegiaren eta Subijana etxearen artean. Ostegunetan izan ezik, gainerako arratsalde guztietan, 17:00etatik 20:30era zabaltzen dute txurro denda ibiltaria.

Artisau eran egiten dituzte txurroak, Polancok aipatzen duenez, aitarengandik ikasi bezala. «Kontua ez da sekretua ezkutuan gorde nahi dugunik. Ez dugu trikimailu berezirik erabiltzen. Aliritzira botatzen ditut osagaiak, neurtu gabe eta orea eskuz nahasten dut». La Montañesako arduradunek aitortu dute gaur egun badaudela teknologia berria erabiltzen duten txurro dendak, baina eurak nahiago dute beti bezala jardun.


Eskuin-eskuinean Manuel Polanco Landazabal, Concepcion Perezen senarra eta Sonia Polancoren aita, txurro dendan hasi berritan.


Kalitatezko lehengaiak erabiltzeari garrantzia ematen diote. «Jendeak uste du txurroak gozoak direla, baina berez gaziak dira. Gero nahi izatera azukrea bota ahal zaie». Perezek eta Polancok saldu izan dituzte bestelako produktuak, kruxpetak, esate baterako, baina azkenaldian txurroak baino ez dituzte egiten euren dendan. Txokolatean bustita ere saltzen dituzte. «Txurroa ez da sasoi jakin batekoa. Neguan giro hotzarekin jendeak gustura hartzen ditu, baina guk, adibidez, salmenta handienak udan egiten ditugu». Urritik ekainera bitarteko tartea pasatzen dute La Montañesakoek Villabonan, baina etenak ere egiten dituzte beste herrietako festetara joateko. «Urtero martxoan Donostiako Ibaeta auzoko festetara joaten gara, eta maiatza erdialdera Zumarragakoetara». Uztaila, abuztua eta iraila festarik festa igarotzen dute, eta besteak beste, Villabonako santioetan, Oiartzungo sanestebanetan eta Donostiako Aste Nagusian jartzen dute txurro denda.

«Bizimodu gogorra da, neguan hotza pasatzen dugu eta udan beroa», dio Polancok. Denda ibiltaria izanik, alde batetik bestera mugitzea ere ez da zeregin erraza. «Geroz eta baimen gehiago eskatzen digute eta astuna egiten da dendarekin alde batetik bestera ibiltzea». Dena den, herriz herri oso harrera ona egiten dietela nabarmendu dute txurrogileek. «Amasa-Villabonako Udala oso ondo portatu izan da gurekin, eta oro har, Aiztondoko gure bezeria ere ikaragarri jatorra da», dio Perezek.



1940tik lanean

Euskal Herrian badago txurroak kontsumitzeko ohitura, baina Perezen iritzian, tradizio handiagoa dago Espainiako beste zenbait erkidegotan, Gaztela eta Leon inguruan, Andaluzian edo Madrilen. La Montañesa txurro dendak, ordea, Santanderren du jatorria, Perezek azaldu duenez: «Nire senarraren osaba Tomas Cañas hasi zen ofizioan. 36ko gerran atxilo hartu zuten eta heriotza zigorrera kondenatu. Avilara eraman zuten preso eta gerra amaitzerakoan aske utzi zuten. Palentziako txurrogile batzuekin ofizioa ikasi eta 1940an hasi zen La Montañesa txurro dendarekin. Errepresiotik ihes egiteko modu bat zen, ezin baitzuten euren jaioterrira itzuli». Hain zuzen, Santanderreko bere sustraiei erreferentzia eginez jarri zion La Montañesa izena dendari, bere garaian kantabriarrak horrela izendatzen zirelako, menditar gisa. «Clara Artetxe emaztea joan zitzaion Tomasi laguntzera, kartzelatik ez baitzen oso santu atera. Nire senarraren anai bat ere hartu zuten eurekin, baina hura Kordobako ferian ondoezak jota hil zen bat-batean. Orduan, 19 urte baino ez zituela nire senarra joan zitzaien laguntzera».

Perezen senar Manuel Polanco Landazabalek (Santander, 1923 - Tolosa, 2000) hartu zuen handik gutxira osaba-izeben lekukoa txurro dendan. «Hasiera hartan, nagusiki, Leon, Ponferrada eta Astorga inguruan ibiltzen ziren eta Andaluziara ere joaten ziren txurro dendarekin, karabana hartuta. Bizitza nomada egiten zuten». Artean neska gaztea zela, Leongo San Froilan ferian ezagutu zuen Perezek Manuel Polanco eta handik bost hilabetera ezkondu ziren: «Ez ninduen beldurtu feriaz feria ibili behar horrek eta berehala moldatu nintzen bizimodu berrira, behin ere ez diot uko egin». Alabak, gaur egungo ikuspuntutik, erabaki ausartzat du amak duela 55 urte hartutakoa.

 

Sonia Polanco: «Ez dut sustrairik inon, baina aldi berean toki askotakoa naiz»



Perez eta Polanco ezkondu eta gutxira etorri ziren seme-alabak. 1968an semea eta hurrengo urtean alaba. «Ni Leonen jaio nintzen, baina hiruzpalau urte nituela Iruñera aldatu ginen. Han pasatzen genituen neguak eta bertan egin nituen ikasketak. Uda, berriz, herriz herri pasatzen genuen». Polanco beti bizi izan da karabanetan, 25 urte bete arte. «Pentsatzen dut nik ez dudala sustrairik inon, ezta kuadrillarik ere, baina aldi berean toki askotakoa naiz. Leku eta pertsona asko ezagutu ditut eta haien ohitura eta kulturak nire egin ditut». Bizimodu hori pixkana galtzen ari dela irizten dio Polancok, gaur egun, herri geroz eta gutxiagotan daudela egokituta guneak feriazaleentzat. Galbidean dagoen bizimodua dela baieztatu du Perezek ere: «Pentsatzen dut etorkizunean jolas parke handiak geratuko direla eta han finkatuko direla gurea bezalako txurro dendak, baina garai bateko jardun ibiltariarenak egin du».

 

Concepcion Perez: «Jolas parke handiak geratuko dira baina jardun ibiltariarenak egin du»



Urteetako herriz herriko ibilbidean jende asko ezagutzeko aukera izan dute La Montañesako arduradunek. Manuel Polancoren ikaskideak izan ziren, adibidez, Tonetti pailazoak. «Gerora herriz herriko ibili horretan elkar topo egin izan genuen, eta maiz joaten ginen haien zirkura gonbidatuta. Haien karabanan egon izanaren akordua dut, makillajea kentzen zuten bitartean», gogoratu du Polancok. Angel Cristoren zirkuarekin ere feria batean baino gehiagotan elkartu izana ere gogoan du.

Ia 25 urte izango ditu gaur egun erabiltzen duten txurro dendak. «Bere garaian, asko kosta zitzaigun eta hutsik erosi genuen. Gero muntatu genituen barruko altzari eta tresneri guztiak. Izan ere, ez da merkea horrelako denda mugikor bat erostea». Alde batetik bestera mugitu beharra, ordea, geroz eta astunagoa egiten zaie ama-alabei. «Oiartzungo festetan goizaldean bukatu eta hurrengo goizean autoa hartu, hari denda lotu, eta joan izan gara Monforte de Lemosera (Galizia). 700 kilometroko bidaia da, uda betean. Adinarekin zamatsua suertatzen da», esan du Polancok. Amak alabagatik dio bestelako izaera duela, ez duela berak bezainbeste maite mugimendua: «Ni, berriz, jendearekikoa naiz, inauterietan ere mozorrotzea gustatzen zait eta ez zait gehiegi inporta gauetan berandura arte geratzea».

Gustura aritzen dira txurrogintzan, baina ez dakite noiz arte iraun ahal izango duten ofizioan. Amak, senarrarekin ezkondu eta kontzienteki, gustuz, hartu zuen saltzaile ibiltari izateko erabakia. Alabak, beste bizimodurik ez du ezagutu eta ez du beste ezer probatzeko tentazio handiegirik sentitu izan. Hirugarren belaunaldiak ez dirudi laugarrenari erreleboa emango dionik, baina osasuna izan arte, txurroekin euren bezeroen aho sabaiak gozatzen jarraituko dute La Montañesako arduradunek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!