Herriko industrian jardun duten emakume langileak omenduko dituzte

Tolosaldeko Ataria 2023ko mar. 3a, 15:08
Nexgraff-ek iaz Aljibean egindako horma irudia, Subijana eta Salvadora ehungintza eta papergintza industriak gogora ekarrita.

Martxoaren 8an, 12:30ean La Salvadora erretiratuen etxe parean egingo dute omenaldia. Emakume langileen argazki murala jarriko dute eraikinaren fatxadan.

Emakumeen Nazioarteko Egunean Amasa-Villabonako Udalak industrian lan egin duten emakume langileak ikusarazi, goraipatu eta udalerriari egindako ekarpena aitortu nahi die, ekitaldi xume baten bidez. Udalaren ustez emakumeek "funtsezko" ekarpena egin dute ekonomiaren garapenean. Asteazkenean, martxoaren 8an, jubilatu etxearen parean, 12:30ean, La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat jarriko dute eraikinaren fatxadan. "Emakume langile horiengatik izan ez balitz, Amasa-Villabona ez litzateke gaur egungoa izango", esan dute udal ordezkariek.

Horrekin batera, udaleko Berdintasun sailak doako zine emanaldia eskainiko du martxoaren 7an. Simone, la mujer del siglo filma ikusteko aukera izango da Gurea antzokian, 19:00etan. Bestalde, Amasa-Villabonako Udalak bat egin du Aiztondoko Mugimendu Feministaren aldarriekin eta martxoaren 8ko manifestazioan parte hartzera animatu ditu herritarrak. Villabonako Erreboteko plazatik 19:00etan abiatu eta Zizurkilgo Joxe Arregi plazan bukatuko da manifestazioa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!