Udalerriko zaintza sistemari buruzko azterketa egingo dute

Jon Miranda Labaien 2023ko mar. 2a, 07:57

Amasa-Villabonako Udalak mugimendu feministarekin eta eragile sindikal eta sozialekin diseinatuko du zaintzaren arloko estrategia publiko-komunitarioa

Amasa-Villabonako Udalak herrian duten zaintza sistemari buruzko analisia egingo du 2023an. Udalaren asmoa, udalerriko errealitateari erantzungo dion kalitatezko zaintza sistema «zabal, egoki eta justuago» bat eraikitzeko estrategia publiko-komunitarioa diseinatzea eta abian jartzea da, eta horretarako lehen urratsa izango da azterketa. Prozesu hau eragile sindikal, sozial, mugimendu feminista eta bestelako herri mugimenduen parte hartze aktiboarekin egingo dute. EH Bilduren udal taldeak aurkeztutako proposamena da otsaileko osoko bilkuran onartu dena, EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin.

Martxoaren 8aren bezperetan hartu du udalak zaintzaren inguruko lanketa egiteko erabakia, bizitzari baldintza «duin eta justuetan» eusteko apustua egiteko unea dela iritzita. Udal arduradunek uste dute erakundeetatik bultzatzen diren politika guztietan begirada feminista beharrezkoa dela, eta horregatik elkarlanerako eta sistema publikoaren defentsarako bideak eraikitzeko hautua egin dute.

Amasa-Villabonako Udalak zaintzarekin «negozioa» egiten duten politikak salatu ditu onartutako mozioan: «Zaintzaren merkantilizazio eta familiarizazioa da sustatzen den eredua, eta honek etxeko eta zaintza sektoreko langileen esplotazioa dakar». Feminizatutako eta prekarizatutako sektorea da zaintzarena, udalaren ustez, askoren ahotan dagoen soldata arrakalaren eragile nagusienetakoa. Horregatik guztiagatik, etxez etxeko laguntza zerbitzuen, eguneko egoitzen eta etxeko langileen egoera aztertu eta, hauen funtzionamendua egokitu eta beharrezkoa bada zabalduko dute. Amasa-Villabonan identifikatutako beharrei hobeto erantzuteko egingo dute azterketa hori eta bertan aritzen diren langileen lan baldintzak duintzeko.

Etxeko langileen kasuan, haien lan baldintzak eta bizi baldintzak hobetzeko programa integralak martxan jartzeko konpromisoa hartu du udalak, besteak beste, kontzientziazio kanpainak, etxebizitzarako eta langileen erroldarako eskubidea bermatzeko ekimenak eta aholkularitza zerbitzuak abian jarriko dituzte.

Erantzun integralak «premiazkoak» dira udal ordezkarien esanetan, eta errealitate «gordin» horren aurrean, dinamika «eraldatzaile eta partekatuak» abian jartzeko ahalegina egingo dutela hitz eman dute. Horretarako topaketa eta elkarrizketa guneak bultzatuko dituzte eta zaintza lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten kanpainak egingo dituzte, «erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz».

Egoitzetako zaintza eredua ere berrikusiko dute, senitartekoen elkarte eta zaintzaileen parte hartzearekin eta mugimendu feministarekin elkarlanean. Hain zuzen, Amasa-Villabonako Udalak bat egingo du Euskal Herriko mugimendu feministak abiatu duen dinamikarekin eta Martxoaren 8ko deialdiak babestearekin batera, herritarrei bertaratzeko deia luzatuko die.

HIZKUNTZA ESKUBIDEEZ

Otsaileko osoko bilkuran Amasa-Villabonako Udalak hizkuntza politikaren judizializazioa eta euskararen aurkako epaiak salatzeko mozioa onartu du, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. EAEko Auzitegi Nagusiak Barakaldoko Udalaren aurka emandako azken epaia hartu dute gogoan udal ordezkariek eta Euskal Herriko administrazioei, epaitegiei, eragile politiko, sindikal eta sozialei eskatu diete hizkuntz eskubideak bermatu ditzatela eta euskararen sustapenaren alde egin dezatela.

Udalak, bere aldetik, hainbat konpromiso berretsi ditu onartutako mozioarekin: udal zerbitzuetan lehen hitza euskaraz egitea; zerbitzu publiko guztiak euskaraz eskaintzea; eta udal funtzionamendu osoa euskaraz izan dadin urratsak emateko plana gauzatzea.

Azkenik, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren 47. urteurrenaren biharamunean, errepublika honen aitortza eskatu dute udal ordezkariek azkeneko bilkuran. Marokoren autonomia proposamena defendatuz Espainiako gobernuak agertu duen jarrera ere salatu du Amasa-Villabonako Udalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!