«Amasa-Villabonan amaituko den etapako podiuma, Eibarkoaren antzekoa izango da»

Ataria 2023ko ots. 23a, 19:59

Euskal Herriko Txirrindularitza Itzulia antolatzen duen taldeko kidearen adierazpenak dira horiek, hau da, Julian Erasorenak. Amasa-Villabonako udal ordezkariekin batera, hirugarren etapa horren xehetasunak emateko agerraldia egin dute.

Beatriz Unzue alkateak, Gorka Kamio Kiroletako zinegotziak eta Xabat Laborde alkateordeak, apirilaren 5ean Amasa-Villabonara gerturatzeko gonbidapena egin «Kirolzale eta txirrindularitza zale guztiei, ikuskizuna bermatuta dago eta zale guztiak beso zabalik hartuko ditugu. Animatu, eta zatozte goi mailako txirrindularitza bertatik bertara ikustera».

Amasa-Villabonako Udalak eliteko txirrindularitza profesionala herrira ekartzeko apustua egin duela iragarri du, Itzulia Basque Country lasterketaren antolatzaileekin sinatutako kontratuaren bidez, aurtengo edizioko 3. etaparen amaiera izatea lortu dute.

Euskal Herri osoan bezalaxe, txirrindularitza jarraitzaile asko daude Amasa-Villabonan, eta horren adibide da herrian egiten den lana. Honela gogoratu du Beatriz Unzue alkateak: «Amasa-Villabonak eta Aiztondo bailarak txirrindulari harrobi garrantzitsu eta emankorra izan dute historikoki. Zentzu horretan, Villabonako Irrintzi elkarteak urte luzez txirrindularitza harrobia lantzeko egindako lan handia azpimarratu nahi dugu, belaunaldi askori txirrindularitzaz gozatzeko aukera eskaini izan baitie. Azken urteetan Danena txirrindularitza taldeak hartu du gure herrian txirrindulari gazteekin lan egiteko lekukoa eta egiten ari diren lana txalotu nahi dugu».

Ez da lehen aldia izango profesionalen etapa bat Amasa-Villabonan amaituko dena. Duela  21 urte izan zen aurrekoa, eta udal ordezkarien esanetan, berriro munduko txirrindulari onenak herrian ikusteko momentu egokia da. Hori lortzeko, Unzuek azaldu duenez, udalak 50.000 euroko (+BEZ) inbertsioa egingo du. Zenbaki hori jaisten saiatuko direla ere gaineratu du alkateak, «azken asteetan kopuru hori murrizteko ahalegina egiten ari gara, publizitate euskarri ezberdinen bidez inguruko enpresen babesletzak lortuz». Beraz, Unzueren esanetan, momentu honetan ezin da zehazki jakin udalak zenbateko diru ekarpena egin beharko duen azkenean.

Apirilaren 5eko Itzulia Basque Country-ko 3. etaparen ezaugarri nagusiak

Xabat Laborde alkateordearen esanetan ezaugarri jakin bateko etapa nahi zuten herrian: «udalaren apustua, Itzuliako antolatzaileekin adostasunez eta elkarlanean, batez ere azken kilometroetan ibilbide gorabeheratsua, teknikoa, gogorra eta ondorioz ikusgarria osatzea izan da. Itzuliako etapek normalean izaten duten intentsitatea, tentsioa eta kalitatea geurera ekartzea izan da helburua, eta uste dugu lortuko dugula».

Datu nagusiak:

  • Guztira 153,9 kilometroko ibilbidea izango du etapak, guztiak Gipuzkoako lurraldean, 3. mailako bost mendate puntuagarri eta bi esprint puntuagarrirekin.
  • Etapa Errenteriatik abiatuko da eta lehen 65 kilometroak Gipuzkoako kostaldean zehar izango dira, besteak beste, Donostia, Orio, Zumaia eta Zarautzetik igaroz. Kilometro hauetan ez da mendate aipagarririk izango baina jakina denez ibilbide bihurria izango da, lautada gutxi eta igoera eta jaitsiera txiki askorekin.
  • Lehen mendate puntuagarria Meagas izango da, 3. mailakoa, eta ondoren etaparen 80. kilometro inguruan Andazarrate, 3. mailako mendate luze eta etzana igoko dute txirrindulariek. Zaila izango da mendate hauek tropela apurtzea, baina ihesaldiak antolatzeko ibilbide egokia izan daiteke.
  • Ondoren, Asteasu atzean utzi eta lehen aldiz txirrindulariak Villabonatik pasako dira, bertan lehen esprint puntuagarria izango delarik. Zehazki Kale Berrian, Malkar plaza parean ezarriko da esprinteko marra, etaparen 92. kilometroan.
  • Jarraian, Villabonatik Anoeta aldera hartuko dute Sacem ondoko bidetik. Momentu horretan, helmugara 60 kilometroren faltan, etapako benetako lehen interes gunea helduko da, izan ere, errepidea asko estutuko da eta Villabona atzean utzi eta berehala, trenbidearen gaineko zubi estu bat igarota, txirrindulariek lehenengo malda gogorrei aurre egin beharko diete. Errepide estua eta hormigoizko zorua izango dute ia 2 kilometroko tarte batean, eta horri tarte batzuetan %15 inguruko malda gehitu behar zaio. Etapako tarte berezi hau Ateaga baserriko gaintxoan amaituko da eta hortik Anoetara jaitsiko dira, jaitsiera estu eta arriskutsuan. Ez da mendate puntuagarria izango, baina ziur gaude tarte honek zer esana emango duela.
  • Anoeta eta Tolosa igaro ondoren, Tolosaldeko hainbat herritatik pasatuko da tropela; Altzora igoera (3. mailako mendate puntuagarria), Alegia, Amezketa, Abaltzisketa, Orendaingo igoera (3. mailakoa hau ere) eta bigarren aldiz Altzora igoko dira. Hortik berriro ere Villabonarako norabidea hartuko dute, Tolosatik Anoetara joz.
  • Momentu horretan, helmugara iristeko 15 kilometro inguru faltako direnean, hasiko da etaparen azken tartea, tarte erabakiorra eta zalantzarik gabe ikusgarriena. Lehenik, Anoetatik Sarasola sagardotegira igotzeko aldapa motz baina oso pikoa igo beharko dute, berriro ere %15etik gorako malda tarteekin. Hortik, Asteasu eta Zizurkil tarteko industria poligonora jaitsiko dira eta helmugatik 10 kilometro ingurura Zizurkilgo hilerrira igoko dira, Azken portu auzotik gora igotzen den errepide estutik. Igoera motz horretan ere, txirrindulariek %10etik gorako maldei aurre egin beharko diete. Zizurkil goiko plazatik igaro ondoren, Aduna aldera zuzenduko dira, Adunara igotzeko aldapari aurre eginez. Adunako herrian ezarriko da etapako bigarren esprinta, helmugatik soilik 4 kilometrora. Adunatik Andoain aldera jaitsi eta Villabonarako norabidea hartuko dute protagonistek.
  • Villabonara Agaraitz aldetik sartuko dira txirrindulariak eta kale Berria osorik igaroko dute Villabonako eliza ondoko bidegurutzera arte. Hortik Otsabi auzora joko dute eta bertan, helmugara iristeko kilometro bakarra faltako denean, hasiko da etapa erabakiko duen azken aldapa: Hika txakolindegian amaitzen den aldapa beldurgarria. Batzuek Hikako "pareta" gisa izendatu dute dagoeneko. Azken kilometro horrek bi zati ezberdin izango ditu, lehen 500 metrotan malda ez da horren gogorra, baina Arratzaingo futbol zelai ondoko aparkalekua igaro ondoren, 300 metro inguruko aldapatzarrari aurre egin beharko diote. Aldapa hori mahastien artetik igarotzen da eta %26ko maldak ditu tarte batzuetan. Zalantzarik gabe azken metro hauetan txirrindulariek egin beharko duten esfortzuak irudi ikusgarri eta epikoak utziko dizkigute, zaleen gozamenerako.

Udal ordezkarien esanetan, datozen asteetan informazio zehatzagoa eskainiko da, ordutegiak, hartu beharko diren trafiko neurriak etabar.-en inguruan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!