ERREPORTAJEA

Oihanetik datorren oihua

Imanol Garcia Landa 2023ko ots. 24a, 07:59

'Tarzan' ikuskizunaren une bat. ATARIA

Eszenografia berezi batekin Tarzanen istorio ezaguna taularatuko dute Gurea aretoan Mar-mar Teatroko kideek. Hainbat mezu zabaltzen dira haurrei zuzendutako obra horretan, baina ekologia nabarmentzen da guztien artean, oihanaren defentsa eginez.

Mar-mar Teatro konpainiak Tarzan ikuskizuna eskainiko du gaur, 18:00etan hasita, Villabonako Gurea aretoan, bost euroren truke. Edgar Rice Burroughsek idatzi eta munduan zehar ezaguna egin zen nobelan oinarrituko istorioa kontatzen dute obran, baina aldatu eta gaurkotu dituzte hainbat kontu. Bukaera ezberdin bat du, eta hasieran eta erdialdean gauza batzuk aldatu dituzte, baina istorioa bere osotasunean mantenduz.

Tarzanen istorioa tximuen artean hazi den gizakiarena da. Bere gurasoak noble ingelesak dira eta erregeak bidalitako misio batean doaz Afrikara, koroaren interesak babestera. Itsasontzian matxinada bat izaten dute eta bakarrik uzten dituzte kostaldean, oihanetik gertu. Etxola bat egiten dute bizirauteko. Ama haurdun dago eta erditzean hil egiten da, eta umea oso txikia denean pizti batek aita hiltzen du. Tximino handi batzuek umezurtza topatzen dute, eta Kala izeneko tximuak, bere kumea galdu berritan, haurra hartzen du bere semea izango balitz bezala.



Antzerki konpainiaren egiteko modua eszenografia gutxi erabiltzea da. «Zentzu horretan, gure helburua publikoaren irudimena lanean jartzea da», esan du Aritza Rodriguez konpainiako aktoreak. «Oso emanda ematen badiozu publikoari, irudimenak ez du lan egiten». Liburu bat irakurtzearekin alderatzen du: «Norbaitek liburu bat irakurtzen duenean, berak bere buruan egiten du bere irudia, eta gure helburua hori da: erdi margotuta dagoen margolana, eta publikoak bere irudimenaz margotzen amaitu behar du».

 

Aritza Rodriguez: «Gure helburua publikoaren irudimena lanean jartzea da»



Hasiera batean, obra osatzen hasi zirenean, zoroetxe moduko batean girotzea pentsatu zuten, Tarzan zoroetxe horretan bahituta egongo balitz bezala. «Hasiera horretan eszenografia gurpildun aulki batekin irudikatu genuen, eta zuzendariarengana joan ginenean Portugalera, bera portugaldarra delako, hainbat gauza atera genituen, tartean mikrofonoak eta hauek eusteko oinak», esan du Rodriguezek. «Mikrofonoak eta oinak ikusi zituenean, eszenatokiaren erdian jartzeko esan zigun, eta hortik hasi zen tiraka; azkenean oihan bat sortu genuen mikrofonoekin, oinekin eta kableekin. Eta hori da gure eszenografia». Eszenografiako beste elementu bat peluxeak dira.

 

Aritza Rodriguez: «Eszenografiaren parte bat obrako soinuak direla esan daiteke»



Soinuek ere berebiziko garrantzia dute. Beraien ahotsekin egiten dituzte soinu guztiak, zuzenean. «Eszenografiaren parte bat obrako soinuak direla esan daiteke», esan du Rodriguezek. «Garrantzi handia du soinuak. Tropikoa edo oihanak bizitzaz beteriko lekuak dira, eta obra prestatzen hasi ginenean dokumental pila bat ikusi genituen, eta gero guk soinuen mundu hori guztia eraman dugu obrara, publikoari sentiarazteko oihanaren barruan dagoela. Beti dago soinuren bat, eta ni, adibidez, agertokitik ateratzen naizenean elementuren baten bila, tarteka txori baten soinua egiten jarraitzen dut».



Adin guztientzako

Haurrei zuzendutako obra da Tarzan. «Jakin badakigu haurrak antzoki batera joaten direnean gurasoekin joaten direla. Beraz, gure filosofia ere ez da haurrentzako antzerkia egitea, baizik antzerkia egitea, eta adin guztietakoek ikusteko modukoa izatea», esan du Rodriguezek. Nagusientzako txiste edo gag batzuk badituztela gaineratu du, eta baita txikientzako begirakoak ere. «Jakin badakigu engantxatu behar duguna publiko osoa dela, eta hori izaten da helburua».

Tarzan liburua 1912an idatzi zen, eta zenbait kontu atzerakoi dituela diote Mar-mar Teatrokoek. «Guk gure bueltatxoak eman dizkiogu eta gure bertsioa egin dugu. Zeharkako mezu asko daude, literatura obra batean mezu asko baitaude, baina gehienbat esango nuke sortu dugun egokitzapen honetan ekologiaren inguruko mezua lantzen dela», azaldu du Rodriguezek. «Gizaki zuria iristen da Afrikako oihanera, eta oihana suntsitu egiten du, animaliak Europako zoologikora eramaten ditu, eta hori kritikatu egiten da edo mahaigaineratu egiten den mezua da». Horrez gain, amodioa ere azaltzen dela dio, eta umoreak ere presentzia nabarmena izango duela aurreratu du.

Taldeak sortu zuen lehen obra da Tarzan, 2021ean estreinatutakoa. Bigarren bat taularatu berri dute, haur txikiagoentzako dena, Arrainak bihotzean izenekoa, eta lehen emanaldiak egiten ari dira egunotan. Aurretik talde moduan lan asko egin zituzten Gorakada taldearekin; birak egiten izan dira hamar urtez, Espainiako Estatu osotik furgonetan sartuta. «Gure kabuz zerbait sortzea erabaki genuen eta horrela hasi ginen, Tarzan obra sortuz», esan du Rodriguezek. Talde berria da, beraz, Mar-mar Teatro, ia orain dela bi urte sortu baitzen. Sormen prozesuari garrantzi berezia ematen diote. «Gure lan egiteko modua beti izan da talde lana, baina badago zuzendari bat kanpotik ikusten duena, eta edonork egin ditzake ekarpenak», esan du Rodriguezek.

Lehen obra taularatzerakoan literaturako obra famaturen bat landu nahi izan zuten, eta Tarzan aukeratu zuten, pentsatzen zutelako nahiko akzio izango zuela eta hori haurrentzako erakargarria izango zela. Nobela irakurtzen hasi ziren eta aztertu zuten zein egokitzapen egin zitezkeen. Ondoren, Kike Diaz de Radak egin zuen lehen egokitzapena, gero gorpuzterakoan aldaketak izaten baitu obrak. «Euskarri bat behar izaten da, lehen testu bat nondik nora joan daitekeen ikusteko. Kikek egin zuen lehen egokitzapen horretatik hasi ginen obra gorpuzten. Testua ikusten da, gero zer material erabiliko diren, eta pixkana proposatzen da lengoaia eta jolasa», esan du Rodriguezek. «Gero azken erabakia zuzendariak du, baina talde lana egiten dugu eta denok dugu aukera gure iritzia emateko».

Taldearen asmoa ez da bakarrik haurrei zuzendutako obrak taularatzea. «Momentuz, lehen bi obrak horrela suertatu dira, baina gure asmoa da kale antzerkia ere sortzea», zehaztu du aktoreak. «Talde mardula gara eta hainbat diziplinatako pertsonak gaude. Gure helburua da bai nagusientzako obrak egitea, bai kalekoa, bai aretokoa... Momentuz apurka goaz eta lehen bi obrak horrela sortu dira». Tarzan sei-zazpi urtetatik gorakoentzako aproposa dela dio. «Hiru eta lau urtetako haurrek ere ikusten dute, eta horiek geratzen dira gehien interesatzen zaienarekin, eta oso ondo ikusten dute, baina istorioa bere osotasunean jarraitzeko lau urteko haur batek ez luke ulertuko osorik. Hala ere, beste gauza batzuekin geratzen dira: irudiarekin, jolasarekin... Nire alabak bi urte zituela ikusi zuen, eta obrak irauten duen ordua aho zabalik egon zen begira». Mar-mar teatroren bigarren obra, Arrainak bihotzean, hiru urtetik gorako haurrentzat zuzenduta dagoela gaineratu du.



Antzerkia beti krisian dagoela zehaztu du Mar-mar Teatroko kideak. «COVID-19aren kontuarekin eta momentu latz hau pasata, lagun askok galdetzen didate ea nola gauden, dena geratuta egon zela-eta. Nik erantzuten diet gu antzerkilariok beti egon garela krisian; beraz, terreno horretan nahiko ondo mugitzen gara». Rodriguez antzerkiko aktorea da eta ez ditu ikus-entzunezkoak egiten. «Honetaz bizitzeko hainbat gauza egin behar dituzu. Udan beste talde batekin kale antzerkia egiten egoten naiz, klaseak ematen ditut antzerki eskolan... Beti egon da antzerkia krisian eta beti jarraituko du krisian, ikusleek salbatu dezakete, aretoak betez eta antzerkia kontsumituz. Gu publikorik gabe ez gara ezer. Egia da gero eta jende gutxiago datorrela antzokietara. Orain konpetentzia handia dugu Internet eta telebistetako plataformekin, futbolarekin... Horrekin guztiaren lehiatzea ez da erraza, baina hor irauten dugu».

 

Aritza Rodriguez: «Antzerkia hemen eta orain gertatzen da, eta horrek du xarmarik handiena» 



Krisian egon arren, hor jarraitzen du Rodriguezek, antzerkiak indar berezi bat duelako. «Uste dut antzerkia pertsonen arteko aurrez aurreko komunikazioa dela. Pantaila batek ez dizu sekula emango hori, ezta beste formatu bateko arteak edo komunikabideak. Antzerkia gertatzen da hemen eta orain, eta horrek du xarmarik handiena. Hori ez du inoiz izango ez Netflixek ez HBOk, ez horrelako beste plataformek». Zuzeneko bizipen hori izateko aukera du edonork, haur zein heldu, gaur bertan, Mar-mar Teatroren Tarzan obrarekin, Villabonako Gurea aretoan.

 

FITXA ARTISTIKOA

 

Antzezleak. Aritza Rodriguez, Javi Tirado, Irene Hernando eta Gabriel Ocina/Eriz Alberdi.

Argiztapen diseinua. Ion Chavez.

Soinu espazioa. Igor Iglesias.

Musika. Fran Lasuen.

Jantziak. Noemi Loiti.

Teknikariak. Antxon Unzaga, Maitane Serrano eta Igor Iglesias.

Argazkiak. Txelu Angoitia.

Diseinu Grafikoa. Sofia Serrazina.

Itzulpena. Idoia Barcelo.

Dramaturgia. Kike Diaz de Rada.

Zuzendaria. Jose C. Garcia.

Ekoizpena. Mar-Mar Teatro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!