ELKARRIZKETA

«'Aberne' film laburra egitea bataio moduko bat izan zen niretzat»

Endika Apalategi Labayen 2023ko ots. 25a, 07:59

Irati Santiago bere enpresa kanpoan, Villabonan. E. APALATEGI

Azken urteak Ameriketako Estatu Batuetan igaro ditu bere ibilbide profesionala garatzen eta (H)emen elkarteko ordezkari gisa ere egin du lan Irati Santiagok; egun bere proiektu pertsonaletan murgildurik dago.

Txikitako ametsa egi bihurtzeko helburuarekin, ikasketak Salamancan (Espainia) eta Chicagon (AEB) burutu, eta Los Angelesen (AEB) igaro zituen bere ibilbide profesionaleko lehenengo urteak Irati Santiago (Amasa-Villabona, 1991) ekoizleak. Master amaierako lanerako egin zuen Aberne filmetik hasita; film labur, pelikula, bideoklip, eta telebista programa ugari ekoitzi ditu. Orain berriz, bi film labur, eta pelikula bat ekoizten dabil Bilbon.

 

«Orain, bi film labur eta film luze bat ditut esku artean»



Nondik datorkizu ekoizle izatearen pasio hori?

Txikitatik argi neukan ekoizlea izan nahi nuela. Film asko ikusten nituen umetatik, eta aitak bideokamera bat oparitu zidan. Nire ahizpa, bideoklipak eginez eta gauza pila bat grabatuz hasi nintzen erabiltzen kamera. Neure burua, saltsaontzi bat bezala definitzen dut, orduak eta orduak igarotzen nituenez kamerarekin, mundu honek erakartzen ninduela ikusi nuen.

Txikitan erreferenterik izan al zenuen?

Haurra nintzenean, emakumeari ematen zitzaion ikusgarritasuna mundu honetan oso murritza zen. Hori horrela izanik, nire erreferentea James Cameron zen. Orain berriz, zorionez, emakumeei garrantzi gehiago ematen hasi zaie, eta esaterako Greta Gerwingek egiten duen lana asko gustatzen zait. Pena bat da orain arte emakume erreferenterik izan ez izana; izan ere, orain dela 20 urte ere baziren emakume ekoizleak, baina esan bezala ez zitzaien behar besteko garrantzirik ematen.



Non burutu zenituen zure ikasketak?

Nire aita Salamancakoa zenez, Salamancan burutu nituen nire ikasketak. Ikus entzunezko gradua egin nuen, eta karrerako hirugarren urtea Ameriketako Estatu Batuetan burutu nuen beka bati esker, Ohion zehazki. Gradua Salamancan amaitu ostean, bi urteko ekoizpen master bat egitea erabaki nuen Chicagon.

Oker ez banago, 2016. urtean eman zenuen ekoizle profesionala izatearen pausoa 'Aberne' film laburrarekin. Nondik sortu zen ideia?

Aberne film laburra ez zen nire lehenengo lan profesionala izan. Master amaieran burutu behar nuen gradu amaierako lana izan baitzen. Filmak espero ez genuen arrakasta izan zuen.

Zer moduzko esperientzia izan zen?

Esperientzia izugarria, niretzat bataio moduko bat izan zen lan hau egitea. Ameriketako Estatu Batuetako nire graduko ikaskideak ekarri nituen hegazkinez filma egitera, gradu amaierako lana izanik ezin baikenuen antzezle profesionalik kontratatu. Ikasteko aukera paregabea izan zen niretzat.

2017. urtean Los Angelesera bizitzera joateko erabakia hartu zenuen zure ekoizle ibilbidearekin jarraitzeko. Erraza izan al zen erabaki hau hartzea?

Los Angelesera bizitzera joatearen erabakia hartzea erraza izan zen, niretzat. Garbi nuen zer nahi nuen neure buruarentzat, baina egia da gauza asko uzten dituzula alde batera. Familia eta lagunak, ni nengoen lekutik milaka kilometrotara izatea, benetan gogorra da.

Ameriketako Estatu Batuetan bizitzearen egokitzapena nola joan zen?

Ameriketako Estatu Batuetara joatean, dena arrosa kolorekoa izango zela pentsatzen nuen. Bertara iritsi eta sekulako kolpea jaso nuen, ez baitzen horrela izan. Los Angeles hiria konkretuki oso gogorra izan zen, bertan 9 milioi pertsona bizi dira, eta lanpostu bat lortzeko izugarrizko konpetentzia egoten da. Lanean zerbait gaizki eginez gero, kalera zoaz, eta exijentzia maila izugarri altua da hemengoarekin alderatuta. Esperientzia hau bizitzeak, pertsona bezala indartsuagoa egiten lagundu nau, baina ez nuke nire bizitzan berriz ere horrelakorik biziko.

 

«Ameriketako Estatu Batuetara joatean, dena arrosa kolorekoa izango zela pentsatzen nuen»



Zinema ekoizlea izateaz gain, musika eta telebista ekoizlea ere bazara. Alde handia al dago ekoizterako garaian zinema, telebista eta musika munduen artean?

Bai, alde handia dago. Bideoklip bat ekoiztea egun bateko lana da, eta zuri bi aste ematen dizkizute hori ekoitzi ahal izateko. Filmek berriz, hiru edo bost urte irauten dute, jende pila batek parte hartzen du prozesuan eta sekulako lana dago horren atzean.

Hiru modalitatetatik zein da zure gustukoena?

Telebista ekoizlea behintzat ez nintzateke izango [Barreak]. Ordu pila bat sartu beharra dago jarraian, egunak oso monotonoak egiten zitzaizkidan eta azkar aspertzen naizen pertsona horietakoa naizenez ez nuke aukeratuko. Bideoklipak eta filmak ekoiztea aldiz, gustuko dut.

Ameriketako Estatu Batuetan bizitzeak, Steve Aoki, Paris Hilton, Will.i.am edota Dimitri Vegas bezalako artistekin lan egiteko aukera eman dizu. Nola sortzen dira horrelako aukerak? Eta zer moduzko esperientzia izan da?

Esperientzia paregabea, oso jende profesionala baita. Paris Hilton izan zen izen handiko artista batekin lan egiteko aukera izan nuen lehen aldia, hasiera batean urduri eta errespetu handiarekin heltzen diozu erronkari baina behin lanean hasita, zoragarria izan zen.



Ekoitzi dituzun lan guztien artean zein dira zure gustukoenak?

Pelikulak dira gustukoen ditudan lanak. Egia da, horrelako proiektuak aurrera ateratzea asko kostatzen dela, baina behin aurrera ateratzen direnean, sekulako poza hartzen dut. Film laburrekin esaterako, bi hilabete lan egin eta bazoaz, eta film luzeen kasuan, lehen aipatu dudan bezala hiru urteko lana ere izan daiteke.

Etorkizunera begira zer helburu dituzu?

Oraintxe bertan amaitu berri dut (H)emen —Emakume ekoizleak ikus-entzunezkoan— EAEn dagoen elkartearekin ordezkari lanak egiten. Honek, nire proiektuak geldirik izatera eraman nau, baina orain, (H)emen-en lan egiten amaitu dudanez, bi film labur eta film luze bat ditut esku artean. Horixe da etorkizunera begira dudan une honetako lana.

 

«Ekoizle izan nahi duen ekoizle bati, nahikoa indar duela ikustean, bere kabuz hasteko aholkatuko nioke»



Mundu honetan murgildu nahi den ikasle bati zer aholkatuko zenioke?

Ekoizle izan nahi duen ikasle bati, dena ondo ikasteko esango nioke. Gauza asko izan behar dira barneraturik buru barruan, eta horrelako lan bati ekiteko nahikoa indar duela ikustean, bere kabuz egiten hasteko aholkatuko nioke. Lehenik hala ere, ongi ikusi eta ikasi behar da mundu honek nola funtzionatzen duen; izan ere, herrialde bakoitzak mekanismo ezberdinak ditu. Argi eta garbi duenean dena, esan bezala, bere kabuz gauzak egiten hastea da onena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!