Azken hilabeteetan udalak beste 1.500 kg hondakin jaso ditu herriko eremu naturaletan

Ataria 2023ko ots. 10a, 18:00

2021. urteko apirilaz geroztik, Villabonako Udalak hilero-hilero herriko ibai, erreka eta natur guneak garbitzen ditu. Urtzain taldearekin sinatutako hitzarmenaren bidez, hilean astebetez, udalerriko eremu naturaletan pilatutako hondakinak bildu eta sailkatzen dira, ondoren birziklatu ahal izateko. Azken lau hilabeteotan guztira beste 1.495kg hondakin erretiratu dira Amasa-Villabonako bazterretatik; urrian 276,73 kg, azaroan 518,42 kg, abenduan 221,36 kg eta aurtengo urtarrilean 478,49 kg hain zuzen ere.

Aipatu moduan, Urtzain taldea Oria ibaia eta hainbat mendi bazter garbitzen aritu da azken hilabeteotan. Oria ibaiari dagokionean, Antzibarko presa inguruak (Argaitz industrialdean), eta Ubilluts aldean Ubegungo zonaldea txukundu dira. Gainera, Sacemetik Zizurkilgo mugarainoko ezkerraldeko ertza, Irurako mugatik Aizpuruko zubirainoko eremua, eta harrizko zubitik Agaraitzerainoko eskubialdeko ertza ere garbitu dira. Bestetik, mendialdean atzemandako legez kanpoko bi hondakin pilaketa erretiratu dira: Guardetxera doan bidean A15 errepideko zubia pasa eta eskuineko aldean lehenengoa, eta Komizarko parkeko eremua zegoena ondoren (Komizar ondoko basoan).

Aipagarria da mota guztietako kale hondakinak identifikatu eta jaso direla, besteak beste, 260 metalezko lata, kamioi eta auto gurpilak, telebista bat, 40 zabor poltsa, koltxoiak eta abar. Bildutako material guztia zegokion edukiontzietan sailkatu ondoren, Tolosaldeko mankomunitateak dituen bi Garbiguneetara eraman dira, bertan hondakin mota bakoitzak dagokion tratamendua izan dezan.

Udalak ingurumenarekiko gutxieneko errespetua eta mendi, erreka, edo ibai bazterretan hondakinik ez botatzea exijitzen die herritar guztiei. Ingurune naturalak kutsatzen dituzten jokabide penagarriekin amaitzeko ordua baita. Zentzudunak izateaz gain, eremu natural guztiak garbi garbi eta txukun mantentzea eskatu dute, guztion hobe beharrerako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!