Hondakinen gaikako bilketa %72,5ekoa izan zen iaz

Ataria 2023ko ots. 8a, 13:54

2022an 1.700 tona hondakin sortu zen Amasa-Villabonan eta hondakin horien %72,5 gaika bildu zen. Gaika gutxien jaso zen hilabetea abuztua izan zen %70etik beherako portzentajearekin. 

Tolosaldeko Mankomunitateak 2022 urtean etxeko hondakinen sorrera eta bilketa datuak argitaratu ditu. Amasa-Villabonaren kasuan, guztira, ia 1.700 tona hondakin sortu ziren aurreko urtean, eta horietatik %72,54 gaika bildu zen. 2021 urteko datuekin alderatuta, apenas egon da aldaketarik.

Aipagarria da, Amasa-Villabonako herritar bakoitzak, bataz beste, ia 300 kilogramo hondakin sortu zituela 2022an.

Jasotako datuak hilabeteka aztertuz gero, uztailean izan zen hondakin gehien sortu zen hilabetea, 152.000 kg, hain zuzen ere. Aldiz, otsaila izan zen hondakin kopuru txikiena sortutako hilabetea; 124.000 kilogramorekin. Gaikako bilketari dagokionez, urtarrilean lortu zen urteko portzentajerik altuena %75a gaindituz. Eta gaika gutxien jaso zen hilabetea abuztua izan zen %70etik beherako portzentajearekin. 

Tolosaldeko Mankomunitateak argitaratu berri dituen datuen balorazio "gazi-gozoa" egin du Amasa-Villabonako Udalak. Hondakinen bilketari dagokionean, gaika bildutakoaren portzentajea beti %70etik gorakoa izateko konpromisoa hartu zuen udalak 2016an. "2022an %70eko langa hori gainditu bada ere, oraindik ere badago non hobetua. Beraz, udalak zentzuz eta arduraz jokatzeko deia egin nahi du, eta sortzen diren hondakinak behar bezala sailkatu eta bakoitza dagokion edukiontzi barrura botatzea eskatzen die herritarrei".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!