Bihartik aurrera, behin-behineko autobus geltoki berria Villabonan

Ataria 2023ko otsailaren 7a

Gaztelekuaren eta Subijana etxearen arteko espaloian kokatuko da eta Donostia aldera doazen autobusek egingo dute geldialdia bertan.

Villabonako Kale Berriko ur hoditeria aldatzeko lanek Donostiarako noranzkoan doazen autobus geltokietan eragina izan dute. Obrak hasi zirenean geltoki bakarra ezarri behar izan zuten Villabonan, Kale Berria 10-12 zenbakien parean, hain zuzen ere. Honek herriko zenbait autobus erabiltzaileren artean haserrea eta ezinegona sortu zuen, geltokiraino iristeko oinez distantzia handia egin behar zutelako.

Gauzak horrela, Amasa-Villabonako Udala Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailarekin eta Lurraldebusekin harremanetan jarri zen herritarren kexei erantzun bat emateko eta egoerari irtenbide bat topatzeko.

Udalaren eskaerari erantzunez, Villabona erdialdean autobus geltoki berri bat jarriko dute. Bihar (otsailak 8) goizean hasita, Donostiarako noranzkoan doazen autobusak hartzeko behin behineko geltoki berria Gaztelekuaren eta Subijana etxearen arteko espaloian egongo da.

Asteazkenetik aurrera, beraz, bi geltokitan geratuko dira Donostiarako noranzkoan doazen autobusak: orain arte bezala, Kale Berriko 10-12 zenbakien parean, eta Gaztelekuaren eta Subijana etxeen arteko espaloian.

Geltoki hauek behin-behinekoak direla gogorarazi dute. Kale Berriko obrak amaitzen direnean, ohiko autobus geltokiak erabilgarri egongo dira berriro.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!