Osinagaren kantuak Sarrionandiaren kontuekin

Irati Saizar Artola 2023ko urt. 26a, 07:59

Urtarrilaren 29an izango da ‘Katuen kontuak’ emanaldia, Villabonako Gurea antzokian, 19:00etan, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren eskutik.

Duela hamar urte inguru Joseba Sarrionandia idazleak Habanan sortutako testu batzuetatik kantuak egin zituen Ines Osinaga musikariak, eta orain, Sarrionandia bueltan den honetan, Katuen kontuak emanaldia eskaintzen hasi dira biak elkarrekin. Igande honetan, Villabonako Gurea antzokian izango dira, 19:00etatik aurrera. 

«Kantuak aitzakia modura hartzen ditugu, gai desberdinen inguruan kantuak eta kontuak plazaratzeko», dio Osinagak. Sarrionandia arduratzen da kontuez, hau da, abestiak testuinguruan jartzeaz, eta Osinaga arduratzen da kantuez. 

Arrasatearrak gogoan du, hamar urte atzera eginda, Sarrionandiaren letrak jasotzen zituenean, beste gutun bat ere jasotzen zuela, letra horien testuingurua kontatzen zuena: «Gutun horietan Ana nor zen azaltzen zidan, norena zen errua, drapetomania zer den... sentitzen nuen balio handiko informazioa neukala, zuekin konpartitu ezin nuena». 

Garai hartan kantuak soilik kaleratu zituzten, Gose taldearekin, Gosariak proiektuan. «Momentu hartan klandestinoki egin behar genuen lan, beste garai bat zen, baina orain beste portu batean gaude». Sarrionandia euskal herriratu zenean, Osinagari esan zion kantu horiek berrartu eta bazuela gogoa horien inguruan gauza batzuk kontatzeko. 

«Konturatu ginen urteak pasata ere kantuek funtzionatzen zutela, gauza batzuk asko aldatu dira, gu ere asko aldatu gara, ingurua ere bai, eta kantuak beraiek ere bai, baina beste gauza batzuk ez hainbeste», dio musikariak. Era berean, plazaratzen dituzten gaien inguruko hausnarketa «momentu honetarako modukoa» izan zitekeela ikusi zuten. «Kantuak konturatu gabe entzuten ditugu eta pasa egiten dira, eta Sarrionandiak gonbidapena egiten digu geratzeko, kantua aztertzeko, ertzak begiratzeko. Gauza batzuk testuinguru eta azalpen batekin beste modu batera ulertzen, sentitzen eta ikusten ditugu, eta begirada kritikoa hezten doa».   

Horrela findu dute emanaldia. «Poliki-poliki hasi ginen leku txikietan, kontu handiarekin eta batzuetan beldur pixka batekin, izenak kartelean jartzeak ematen duen bertigo horrekin». Ia urtebete pasa da, eta oholtzan «geroz eta erosoago sentitzen» joan dira biak, elkarrizketa bat sortu dute musikaren eta testuaren artean; hala, «gorputza hartu du» emanaldiak. «Kantuen inguruan narratiba bat eraikitzen saiatu gara eta guztia bidaia bat bezala planteatzen». Aitortu du Sarrionandia «idazle fina» izateaz gain, «kontalari zoragarria» dela: «Autoan ordu asko pasatzen ditugu elkarrekin, eta edozein anekdota ipuin zirraragarri bilakatzen du».     

Era berean, Ines Osinagak  Itsasoa da bide bakarra izeneko proiektua garatu du, eta Katuen kontuak emanaldian jotzen diren hainbat pieza entzungai daude bere bakarkako lan berrian ere.

Makinekin plazara

Osinaga eta Sarrionandia, biak dira protagonista oholtzan. Batak azalpenak ematen ditu eta besteak kantuak jo. Osinaga, orain arte, gehienbat trikitiarekin lotu izan bada ere, ukelelea alboan izango du emanaldian, eta baita beste hamaika aparatu ere. «Musika elektroniko analogikoa geroz eta gehiago gustatzen zait, eta betiko instrumentuez gain, makinak erabiltzen ditut emanaldian, nire buruari nolabaiteko autoritatea eman diot edozein makinatxorekin plazara ateratzeko».   

Badu mezua Osinagak igandean Villabonara gerturatzeko zalantzan dagoenarentzat: «Zuentzat ordu eta erdi luze hartu nahi baduzue, etorri. Itzali telefonoa, eta scroll egin gabe literaturaz eta musikaz bidaia egiteko eta gai desberdinen inguruan zeure buruari galderak egiteko gonbidapena egiten dizugu; gu plazer, zuekin batera bidaia hori egiteaz». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!