ELKARRIZKETA

«Zailagoa da jabea heztea txakurra baino»

Imanol Garcia Landa 2023ko urt. 28a, 07:59

Txakurrak biziki maite ditu Jon Pazosek (Villabona, 1979). Txakur hezitzailea izateko titulua atera zuen, eta lorezaina izateaz gain, txakurren munduarekin loturiko lanak egiten ditu.

Txakur bat izatea oso gauza serioa dela nabarmendu du billabonatarrak. Batere pentsatu gabe txakur bat hartzea ez dela komeni dio, eta aurretik informatu egin behar dela gaineratu du.

Nolatan hasi zen zure zaletasuna txakurren inguruan?

Txikitatik. Orokorrean animalia guztiak gustatzen zaizkit. Nire amonaren etxera joaten ginen, Nafarroara, eta han beti animaliak eta etxeko abereak izaten zituzten, txerriak, oiloak... baserrian egoten diren animaliak. Osabak izaten zituen ehizarako txakurrak, eta ni beti izaten nintzen beraien arduraduna: paseoan atera, elikatu,... Bederatzi urterekin ekarri nuen lehen txakurra etxera. Nire amak ezetz esaten zuen, baina horrelako batean, ezer esan gabe, sartu nuen etxera txakurra, eta hamalau urte egin zituen gurekin. Hortik aurrera, bata bestearen atzetik izan genituen.

Hezitzaile ikasketak 2007an egin nituen. Nire esperientzia pertsonala nuen, autodidakta bezala, eta pentsatu nuen modu profesionalago batetik enfokatzea. Ikasketak Durangon egin nituen, Zaunk eskolan. Praktikak txakurrekin, teoria, azterketak... eskolara bueltatzea bezala izan zen. Gero hezitzaile titulua jaso nuen.

Ez zarete asko?

Nik ikasketak burutu nituenetik jarraitu dute ikastaroak egiten, eta oraindik ere badago aukera. Jende askok modu pertsonalean egiten du; berak ikasi nahi duelako. Badago jendea esaten duena bizi guztian izan duela txakurra, baina horrek ez du esan nahi arraza mota bakoitzaren ezaugarriak eta nola tratatu behar den dakienik. Jana izango du, paseatzera aterako du... baina hortik aurrera gauza gehiago ere badaude.

Arazoak dituzten txakurren inguruan ospetsu bilakatu dira telebistako hainbat saio.

Bai, baina kontuan izan behar da hor bi gauza ezberdin daudela. Gauza bat da heziketa; hau da, obedientzia pauta jakin batzuk ematea, txakurrarekin harreman bat lantzea, deia jorratzea, geldi egoten irakastea... Nik beti jabeei esaten diet txakur bat etxera eraman aurretik, txakurra hezi beharko dutela. Prestatu egin behar direla. Herrian ibiltzen erakutsi egin behar diotela, uhalarekin joaten erakutsi behar diotela, oinarri bat erakutsi behar diotela, bestela ez dute inongo kontrolik izango euren animaliarengan. Kontrakoak ikusten dira: txakurra askatu eta behin deitu, bi aldiz,... hamar aldiz eta txakurrak ez duela kasurik egiten. Beste kontu bat izan daiteke txakurrak jarrera aldakorra izatea. Hau da, hainbat arazo izan daitezke: portaera arazoak, agresibitatea, beste animalia batzuen atzetik ehizan joatea, arazo psikologikoa izatea... Gainera, hauetako arazo psikologiko asko jabeak berak sortutakoak dira.


Jon Pazos, bere semeekin eta txakurrekin. ATARIA

Zer zerbitzu eskaintzen duzu?

Pixka bat denetik izan dut, egia esan. Adibidez, txakurrari erakustea uhaletik ez dezala tira egin paseatzerakoan. Hori ohikoa izaten da: jabea joatea Superman bezala, txakurra tiraka eta jabea atzetik hegan bezala... Batzuetan txakurrak jabea eramaten baitu paseatzera. Nik esaten dut biak joan behar direla paseatzera: jabeak ez du txakurra paseatzera eraman behar, eta ezta txakurrak jabea ere. Bestalde, txakurrek izaten dituzten beldurrak bideratzen saiatzen naiz; bizikletak direla, beste txakurrak direla... Baliteke txakurrak bizipen bat izan izatea eta gerora hori orokortu izana. Arazo hori landu egiten da.

Leku jakin bat egokitu behar da lanketak egiteko?

Egokia da zonalde bat izatea, gunea kontrolatuta izateko. Baina arazoaren araberakoa da hori ere. Izan dut leku bat horretarako prestatuta, baina orain edozein lekutan egiten ditut lanketak. Herrian bertan, adibidez; azken finean, etortzen direnak txakurra etxean dutenak izaten dira. Beraz, txakurrak ohitu behar du herri batean dauden mugimenduetara: bai beste txakurrekin, kotxeekin, haurrak bizikletekin pasatzearekin edo baloiekin... Azkenean, sozialki landu behar da, txakurrak ikusteko hori dela egoera normala. Dedikazioa behar da, gogoa, eta oso garrantzitsua dena: konstantzia. Egunero pixka bat eginez lortzen dira emaitzak.

Txakur arraza batzuek fama txarra dute, oldarkorrak izateko arriskua dutenaren etiketa jarri zaie. Hori horrela al da?

Nik beti borroka pertsonal bat izan dut jende askorekin. Niri ez zait gustatzen etiketarik jartzea. Kasu honetan txakur horiei etiketa bat jarri zitzaien; egia da fisikoki indartsuak direla, eta sekulako indarra dutela masailezurrean. Baina horrelakoetan zein da arazoa? Garai batean gazte jende askok ekarri zituen arraza horietako txakurrak: American Stanford, Pitbull,... Faktore asko daude kontu honetan: genetikoa, non bizi den, zer atentzio duen... Arazoak iritsi direnean, ikusi da gazte asko ez direla gai arraza horietako txakurrak izateko. Agresiboak direla esaten da, baina nik ikusi ditut American Stanford eta Pitbull arrazako txakurrak familien artean, sekulako txakurrak, eta gozamena da. Baina atentzioa behar dute. Edozein da gai txakur bat paseatzeko, baina ikasi behar da maneiatzen. Uhala jartzea erraza da, baina maneiatzea eta horretarako eskua izatea beste kontu bat da.

Azkenaldian txakur hezitzaileengana joateko eskaera handiagotu al da?

Egon da. Niri hainbeste ez; izan ere, beste gauza batzuetan ere aritzen naiz. Niri deitu, eta ezin badut beste batzuengana bideratzen ditut. Pandemiaren kontuarekin, jendeak txakur gehiago hartu ditu, eta kalean ere txakur gehiago ikusten dira; lehen baino gehiago, behintzat. Baina landu egin behar da. Batzuek ekarri zuten ihesbide moduan, baina gero ihesbide hori beste batentzat arazoa izan daiteke.

Esaten ari zarenari kasu eginez, txakur bat hartu nahi duenak ondo pentsatu behar du.

Bai, dudarik gabe. Nik jendeari honakoa esaten diot: txakurra ekarri aurretik pentsatu behar duzu zer bizimodu mota duzun, zenbat denbora duzun eskaintzeko. Denbora gutxi izaten dugu txakur batentzako, eta nik sei dauzkat. Ondo aztertu behar da zer bizimodu duzun, zer txakur mota ekarriko duzun ondo pentsatu behar da. Askok esaten dute txakur jakin bat gustatzen zaiela; esaterako, orain boladan daude Malinois eta Border Collie arrazakoak. Hauek fisikoki oso aktibitate altukoak dira, lanerako txakurrak dira. Etxean egoteko oso onak dira, baina dedikazioa behar dute, eta landu behar dira fisikoki eta psikikoki. Burua txakur guztiei landu behar zaie. Ni oso lasaia banaiz, eta herritik paseatzea bakarrik gustatzen bazait, ezin dut ekarri oso aktiboa den txakur bat. Bestela, nire ustez, txakur hori izorratu egingo da. Gero jendeak esaten du txakurra joan egiten zaiola, zerbaiten atzetik joaten dela... Arazoak sortzen dira ez badakizu bere beharrak nola bete. Gero frustrazioa etortzen da txakurrarentzat, eta hori da okerrena. Ez dago patroi bera denentzako.

 

«Ondo aztertu behar da zer bizimodu duzun, zer txakur mota ekarriko duzun ondo pentsatu behar da»



Eta gainera, diozunez, arazoak sortu ahal dizkiogu.

Arazoa sortzerakoan txakurrak seinaleak eskainiko dizkizu: koska egiten hasiko da, edo norbaiti zaunka hasiko da... Beti esaten dut, txakurra ekarri nahi baduzu, aurretik informatu beharra dago: artzain alemaniar arrazakoa ekarri nahi duzula, bada jakin ezazu nolakoa den horrelako txakur bat. Txakurra ulertzea eta errespetatzea garrantzitsua da; gauza asko ez zaizkio errespetatzen txakurrari, beraien pauta natural asko gizartean ez dira errespetatzen. Txakurra txakurra da: asko maite dut, etxean dut, baina txakurra izaten jarraitu behar du. Ez da ume bat, ez da pertsona bat; afektu guztia izan dezakezu, baina txakurra izaten utzi behar zaie.

Jende askok txakurra zuzenean ekartzen du, pentsatu gabe; oso polita iruditzen zaiolako agian, baina gero txakur hori handi egingo da, eta ez da hain moñoñoa izango: txikia denean oso polita da, baina handia egiten denean, etxean izatea beste kontu bat da... Kalera ateratzeko pautak eman behar zaizkio eta etxean egoten ere erakutsi egin behar zaio.

Jabeek ere formazioa jaso behar dute? Azken finean, txakurrarekin hasi den lan horri jarraipena emateko.

Garai batean txakurra hezitzaile batera eramaten zen eta listo. Gaur egun, gauzak aldatu egin eta berritu dira. Nik txakurra bakarrik ez dut hezten; beti esaten dut zailagoa dela txakurra baino jabea bera heztea. Askotan kasu gehiago egingo dit txakurrak niri bere jabeari baino. Jabeak aldatu egin behar du txakurrarekiko bere jokabidea, txakurra bera tratatzeko modua. Arazo batzuk badaude, eta horiek aldatu egin behar badira, gero jabeak ikasi behar ditu gauza horiek. Adibidez, jabeak ikasi behar du txakurra nola eraman uhalarekin tira ez egiteko, noiz saritu txakurra... Saioak ematen ditudanean, txakurrarekin eta jabearekin egiten ditut. Jabeari erakusten diot nola egin, eta gero berak praktikan jarri behar du. Nik txakurrari erakutsitakoa alferrik izango da jabeak ez badu ikasten.

Hezitzaile izateaz gain, paseoan ere atera izan dituzu txakurrak.

Bai, horrelako lanak izan ditut. Kasu oso berezia izan nuen, eta gero oso etxekoa bihurtu zen. Zortzi urtez egon nintzen txakur bat zaintzen, egunero. Jabea pertsona edadetu bat zen eta Golden Retriever bat ekarri zioten. Txakurrak bost hilabete zituela hasi nintzen zaintzen. Jabeak ezin zuen atera: txakurra gaztea eta sekulako indarrarekin, jolasteko sekulako gogoarekin... Ni hasi nintzen zaintzen, eta zortzi urtez aritu nintzen ateratzen. Azkenean nirea izaten bukatu zuen; hainbeste urte nirekin, etxekoa bihurtu zela.

Paseoan ateratzea hiri handietako kontua al da?

Aritzen da jendea horretan. Gutxi ikusten da, herri txikietan gutxiago, baina badago jendea eskaintzen dena txakurrak paseatzeko. Enpresak ere badaude horretarako, edota txakur-haurtzaindegiak. Momentuz ez dira horrelako hainbeste zerbitzu ikusten, baina uste dut zabaltzen joango direla. Eskaini izan ditut horrelako zerbitzuak; adibidez, norbait asteburu batean ezkontza batera joan eta txakurra zaintzeko beharra izan duenean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!