Gizon bat zigortu dute autoan drogak eramateagatik eta drogen eraginpean gidatzeagatik

Ataria 2023ko urtarrilaren 12a

Villabonan egindako polizia-kontrol batean harrapatu zuten, 2021eko martxoan. Urtebete eta erdiko kartzela zigorra eta 1.020 euroko isuna ezarri dizkiote. 

Gaur izan da epaiketa Gipuzkoako Probintzia Auzitegian; akusatuak egindakoa onartu du eta akordio batera heldu da fiskaltzarekin: sei urteko kartzela-zigorra urtebete eta erdira jaitsi diote, osasun publikoaren aurkako eta trafikoaren segurtasunaren aurkako delitu bana egotzita; azken honekin, gainera, urtebeterako gidabaimena kendu diote.

Auzipetuari espetxe-zigorra kentzeko aukera gaineratu du auzitegiak, baldin eta hurrengo bi urteetan deliturik berriz egiten ez badu eta epe horretan gidatzeko debekua betetzen badu.

Herri-salataritzaren akusazio-idazkiaren arabera, gertaerak 2021eko martxoaren 4ko goizaldeko ordubatean jazo ziren. Erruztatua, «sustantzia sorgorgarriak irensteagatik, ahalmen urriarekin» ari zen autoa gidatzen.

Poliziak, orduan, «droga-kontsumoarekin bateragarriak diren sintomak» antzeman zizkion, eta listu-test bat egin zion; metanfetaminan eta kokainan positibo eman zuen.

Hori dela eta, poliziak miaketa bat abiatu zuen, eta hainbat poltsa aurkitu zizkioten antefetaminarekin eta kanabis-erretxinarekin, legez kanpoko merkatuan 245 euroko balioa izango luketenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!