Urtarrilaren 10ean lanak hasiko dituzte Kale Berrian

Ataria 2022ko abenduaren 29a

Ur hornidura eta saneamendu hodiak, espaloia eta argiteria publikoa berrituko dituzte.  Errepidearen errei bat itxiko dute eta Donostiarako trafikoa Altzinetik desbideratuko da.

Urtarrilaren 10etik aurrera Villabonako Kale Berrian ur hornidura eta saneamendu sarearen berrikuntza eta espaloiaren zein kaleko argiteriaren eraberritze lanak hasiko dituzte. Lan horien lehen fasean, Kale Berria 15 eta 29 zenbakien artean egingo dira (Iru Aldeta eta Seaska haur eskolaren artean). Bai errepidean eta baita espaloian ere, zulo edo lubakiak zabaldu beharko dira eta horrek sortuko ditu traba edo oztopo gehien.

Obra honen bidez, momentu honetan oso zaharkitua dagoen Kale Berriko ur hoditeria (bai edateko uraren hornidura eta baita ur zikinen hoditeria ere) guztiz eraberrituko da, euri urak eta ur zikinak bereiziko dira, espaloi osoa berreraiki eta eraberrituko da eta kaleko argiteria berrituko da. "Kale Berriko alde hori egun dagoena baina askoz hobeto geratzea aurreikusten da", esan dute udal arduradunek. Errepidea ere berriro asfaltatuko dute.

Lan hauen sustatzaileak Gipuzkoako Urak eta Villabonako Udala dira eta eraikuntza enpresa Urbycolan S.L. izango da. Obra honek guztira, 366.337 euro (+BEZ) aurrekontua du eta iraupenari dagokionez, lanek gehienez 18 asteko iraupena izatea aurreikusten da. Lan hauek martxan dauden bitartean Kale Berriko errepidearen (GI-4752) erreietako bat guztiz okupatu beharko da eta ondorioz, Donostiarako noranzkoan doazen ibilgailuak Altzin kale aldera desbideratu beharko dira. Eraikuntza enpresak udalari ziurtatu dio, Euskal Herriko Itzulia txirrindulari proba bertatik pasatuko den egunerako (2023ko apirilaren 4rako) errepidea libre eta asfaltatuta egongo dela.

Udalaren gomendioak

Amasa-Villabonako udalak obra honek batez ere herri barruko trafikoan sortuko dituen traben aurrean pazientzia eskatu die herritarrei, eta momentu bakoitzean obrako langileek edota Udaltzaingoak emango dituzten abisu eta argibideei kasu egitea eskatu du. Villabonatik, Andoain edo Donostia aldera autoz joateko garaian, ahal den neurrian Kale Berritik ez igarotzen saiatzea gomendatu dute, eliza ondoko edo Burni zubiko irteerak erabiliz.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!